|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: azketako ude
Haurren aisialdiari buruz
Udaz gehien gozatzen dutenez jardun nahi nuke: haurrez. Oporraldi luzea aurretik, euren algara eta zalapartak entzun ditzakegu kalean noiznahi. Oraintsu arte berria zen irudia errepikatzen ari da kalean, sokatik helduta doazen txikitxoak edo begiraleekin doazen haur taldeena. Udalak antolatzen dituen udako haurrentzako egitarauaz ari naiz.
Haurrek ordu batzuez era guztietako ekintzak egiteko aukera dute, primerakoa. Urte askotan jardun dut (eta dihardut) haurrekin honelako ekintzetan lanean, Azpeitian eta beste herri batzuetan, eta oso ondo jotzen ditut egitasmook. Haurrek ondo pasatzen dute eta, gainera, eskola eta lagun taldea zabaltzeko aukera dute. Jolasean pasatzen dute denbora; euren garapenerako dakartzan onurekin, eta elkarlana, elkar laguntzea, errespetua, konpartitzea bezalako baloreak beregana ditzakete. Begirale dudan esperientzia baikorra eta aberasgarria izan da, eta haurren es-ker ona nabaritzeko zortea izan dut maiz.
Aisialdirako aukera ona beraz, baina askotan nire iritzian gaizki edo gehiegi erabilia. Kontuan izan behar da, zuzendutako aisialdi mota dela-eta haurrek aisialdi askearen premia ere badutela, non beraiek asmatu eta antolatu behar duten euren denbora eta jolasa. Benetako aisialdi askatzailea norberak sortu, eraiki eta aurrera eramaten duena da, eta alderdi asko hartzen ditu barruan, denbora askea, denbora antzua (ezer egin gabe egotea ere ona da), denbora gidatua... Azken hori litzateke udaldiko ekintzek hartuko luketena. Askotan aukera honetaz abusatu egiten da, erosotasunagatik, haurrak kontrolpean izateagatik edo mila arrazoi tarteko. Haurrek gauza asko behar dituzte honetaz gain. Guraso eta honetan lanean ari garenok kontuan izan behar genuke hori eta ez horrelako ekintzetan oinarritu haurren oporraldia. Bestela, norberak bere haurtzaroa gogora dezala, non ez zegoen horrelako aukerarik... Gaizki pasatzen genuen ala?
|