Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko abuztuek 1,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Abuztua »  Kirola eta herri uztartu dituen kluba

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aurrera ekarrita

Kirola eta herria uztartu dituen kluba

Enekoitz Esnaola

‘Talde lana, lan taldean egiten denean’ dio Iraurgi Saskibaloi Elkartearen liburuaren izenburu batek; horra hor Iraurgiren 25 urteetako filosofia

Jose Luis Zubizarreta *Xubi*, 1981ean, Azpeitian, Betharramdetan, Hirugarren Mailara igotzeko Iraurgi-Jarrilleros partiduan. 
Goian, Luis Etxaniz, Miguel Angel Elorza, Mikel Sarasua, Patxi Ugarteburu, Iñaki Uria eta Josu Arregi. Behean, Iñigo Agirre, Inazio Irureta, J. Luis Zubizarreta, Pello Aizpuru eta Iñaki Altuna, 1978-79an. 
Luis Oyono -8a-, Pello Aizpuru -10a- eta Jose Miguel Etxaniz -15a-, Ordiziaren kontra. 
1992-93ko kadeteak. Goian, Berta Odriozola, Aitzpea Huegun, Maria Jesus Urbieta, Ainhoa Etxaniz, Edurne Olaizola eta Maixol Rezola. Behean, Ana Asiain, Koro Epelde, Begoña Arakistain, Mirari Amenabar, Lorea Landa eta Nerea Epelde. 
Pello Aizpuru -eskuinean-, Iraurgi-Askatuak partiduan. 

Mende laurden bat herriari kirol zerbitzu bat ematen. Izenburu hori eman dio Iraurgi Saskibaloi Elkartearen 25. urteurreneko liburuari Jon Olaizola egile azpeitiarrak —uztailaren 25ean aurkeztuko dute, 12:00etan, udaletxean—. Herria. Kirola. Zerbitzua. Hiru hitz horiek definitzen dute Iraurgi. “Eta familia-k ere bai”, dio liburuan Luis Oyono jokalari ohiak. Izan ere, Oyono 1986an Donostiatik etorri zenean, pentsatzen zuen “jende itxiarekin” egingo zuela topo, baina “oker” zegoen, “egundoko giroa” aurkitu zuelako bertan. “Azken batean, klub erromantikoa zen nire garaian Iraurgi, familia bat bezalakoa, kantxan ez ezik, kalean ere elkarrekin ibiltzen zelako bertako jendea”. Ederki daki hori Oyonok, Iraurgira jokatzera etorri eta jada lehenengo egunean bertan parranda polita bota zuelako familiarekin. Saskibaloian sinesten duen lagun koadrila batek kirol hori eskaini die, beraz, Azpeitiari eta Azkoitiari azkeneko 25 urteetan.

Bidea, ordea, ez da erraza izan. Ondorengo bi pasadizoak oso adierazgarriak dira lehen urteetako azpiegitura arazoak nolakoak ziren ikusteko. Batetik, 1970. hamarkadaren erdialdera Azpeitiko gazte batzuek sinadura bilketa egin behar izan zuten saskibaloian jokatzeko toki baten falta zegoelako, eta udaletxean eskaera sartu zuten; Udalak ezin ezetz esan eta Xaxarki-k egin zuen Betharramdarretako jokalekuaren egokitze lana. Bestetik, handik urte gutxira bi saski txiki erosi zituzten Betharramdarretan jartzeko, baina dena ez zen erosotasuna; izan ere, behin Josu Arregi emaztearekin Madrilera zihoala ezkontza batera, malda batean autoak ezin zuela ohartu zen eta orduan jakin zuen zergatia: maleta-tokian Betharramdarretako saskiei eusteko burdin puskak zeramatzan! Alegia, hasiera haietan kontua ez zela entrenatzera edo jokatzera joan eta entrenatzea edo jokatzea soilik, baizik eta jokalekua zaindu eta egokitu beharra zegoela: materiala gorde, kantxa margotu edota markatu…

SORRERA NOIZ?

Mende laurdena ari da betetzen Iraurgi Saskibaloia Elkartea, baina saskibaloiaren hastapenak lehenagotik datoz. 1972an, adibidez, Anaitasuna Illarra taldea sortu zen. 1973an, hura desagertu eta Lagun Onak sortu eta 1979a arte egon zen (Iraurgik 1979an hartu zuen izen hori, baina jada bazeramatzan bi urte autonomiaz lanean). Izen batekin edo bestearekin, Azkoitia eta Azpeitia bat eginigon dira. Talde lana lan taldean egiteaz gain, bi herrietako kideak egotea izan da Iraurgiren filosofia, eta hori oso “barneratua” dutela dio Iñaki Uria azkoitiar jokalari ohiak. “Nahiz eta Azpeitian jokatu, beti pentsatu izan dut azkoitiarrok ez genuela Azpeitian jokatzen, baizik eta Azkoitiko eta Azpeitiko taldean, eta elkarlan hori oso natural ikusten dugu”.

Horrek guztiak emaitza onak eman dizkio, lehen taldea Bigarren Mailan jokatzera iritsi izan delako behin baino gehiagotan, bederatzi talde federatu izatera heldu zelako, kanpeonato lokalarekin ere herrian Iraurgiren presentzia handia zelako. Neskek ere emaitza onak lortu dituztela dio Maixol Rezolak, “gogor entrenatzen baikinen”. 1986tik 1993a arteko urteak izan ziren onenak —1986an bertan atletismo sekzioa sortu zen—, Izarraitz frontoiko azkenak eta Azpeitiko Kiroldegiko aurrenak. Harrezkero behera egin zuen Iraurgik, jendearen babesa ez zelako lehen adinakoa eta betiko jende bera ari zelako lanean eta pixka bat erretzen hasi zirelako.

Dena dela, “errekuperatzen” hasi da. “Iraganaz pozik bagaude, etorkizunaz baikor gaude, kluba haur eta gazte mailan ondo ari delako geroa ereiten”, dio Jose Luis Zubizarreta presidenteak. Orain arte bezala, saskibaloia eta herria uztartzeko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak