“Bilbotik etortzean garbi nuen zer egin behar zen: klub egitura eman”
Sortzailea, jokalari, lehen entrenatzaile, gazteen entrenatzaile, nesken entrenatzaile, eskolarteko txapelketen arduradun, zuzendaritzako kide… zer ez da izan Josu Arregi azpeitiarra Iraurgin? Presidente. Iraurgi sortu berritan saskibaloiaz “ideiarik ez” zuen bat jarri zuen buru —Iñaki Zubizarreta, honek kontatzen duen bezala—, baina berak zuzentzen zuen kluba. Azkoitian bizi da Josu, hara ezkondu zelako, eta Iurren egiten du lan, eta makina bat kilometro egin ditu autoan hara eta hona, lanera eta saskibaloi partiduetara; hari buruz maiz kontatu izan den bezala, egunkaria irakurtzen joaten da autoan txofer, dagoeneko autoak errepide guztiak ederki asko ezagutzen dituelako. Auto batek jada pott egin zion —Renault 20 urdin ilun batek—, baina Josuk hor segitzen du, tinko. “Saltseroa naizelako”, dio.
|
|
|
|
Josu Arregi, saskiratzen, Bilboko Aguilas taldean zegoenean, 1970. hamarkadan.
|
|
-Zu hasi zinen 1970. hamarkadaren ha-siera aldera Azpeitian eta Azkoitian saskibaloia sustatzen. Nolatan?
Nik orduan Bilbon jokatzen nuen, Aguila-sen, Espainiako Lehen Mailan. Murgildua nengoen saskibaloiarekin, baina udan herrira etortzen nintzenean, hemen ezer ez nuen ikusten, jendeak ez zuen saskibaloian jokatzen, eta kirol hau sustatu beharra zegoela erabaki nuen.
-Nola hasi zinen sustatzen?
Mutil gazte batzuk hartu —Kike Zurutuza, Arrue…— eta haien artean lagunarteko partidu batzuk antolatzen. Jendeak ideia zorrik ez zeukan saskibaloiaz; ez nola entrenatu behar zen, ez taktikaz, ez teknikaz… Hutsetik hasi nintzen, beraz.
-Inguruan ere ez al zegoen ezer?
Zumarragan zeozer.
-Eta?
Ba oso garbi nuela zer egin behar nuen: kluba sortu, klub egitura eman —estatutuak, antolaketa…— eta aurrera. Ideia horixe nuen. Baina pare bat lagun behar nituen gauzatzeko. Hala, Xubi eta beste pare bat lagun hasi ziren nirekin lanean.
-Azpiegitura aldetik gaizki ibiliko zineten...
Oso gaizki. Hemen inguruan ez zegoen ia saski bat bera ere. Azkoitian, Floreagan zeuden saski batzuk, eta hara joaten ginen, barrura sartzeko baimenik ez izan arren. Baina guk saskibaloian jokatzea nahi genuen.
-Giroa ere ez zen aproposena izango...
Jendeak gu saskibaloian ikusten gintuenean, arraro begiratzen gintuen, kirol berria zelako. Baina guk garbi geneukan zer egin behar genuen, eta laster erosi genituen bi saski txiki eta Azpeitian, Betharramdarre-tan jarri genituen.
-Iraurgi azkar samar hasi zen emaitza onak lortzen, ezta?
Denbora gutxian asko aurreratu genuen. Jende indartsua atera genuen, Jose Miguel Etxaniz bezalako jokalari bat izan genuen. Donostiako taldekoak teknikoki gu baino hobeak ziren arren, Betharram-darretara beldurrez etortzen ziren jokatzera. “Zein dira hauek?!”, esaten zuten gugatik. Gure errekurtsoak ondo explotatzen genituen.
|