Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Uztaila »  Lau ikastetxe erlijiosoak, bat »  Betharrametako zuzendaria

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hezkuntza : J.M. Arruabarrena

«Adarrak indartzen joan beharrean, enborra indartu behar dugu»

Joxe Mari Arruabarrena 33 urtean Betharram Ikastetxean aritu da irakasle. Gaur egun zuzendaria da Betharrametan eta irailetik ikastetxe honek Iraurgi Ikastetxearen izenpean abiatuko du ikasturtea. Haren ustez, Iraurgi Ikastetxean herriko ikastetxe erlijiosoak batzea urteetako bilakaera baten emaitza da. Orain arteko prozesuaz, egoeraz eta aurrera begirako lanez mintzatu da Arruabarrena Uztarriarekin.

Datorren ikasturtean ikastetxe bakar bat osatuko duzue egun lau ikastetxe zaretenak.

Ez da oraingoa bat egitearen asmoa. Iraurgi Batxilergoa sortu zenean, Donostiako Gotzaiaren titularitatearekin eta Azpeitiko ikastetxe erlijiosoak tirtularkide ginela, Setienek (orduan Donostiako gotzain zenak) antzeko asmoak zituen buruan. Eta garai hartatik nahiko gertutasuna egon da gure artean. Ikastetxeen arteko batasuna eboluzio baten ondorio da.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean eskaera eginda al duzue?

Dagoeneko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ordezkaritzan eskaera bat eginda dugu. Eusko Jaurlaritzako Aldizkari Ofizialean erabakia noiz aterako gaude eta irailean ikasturte berria bat eginda hasteko asmotan gaude, Iraurgi Ikastetxearen izenean.

Ikastetxe erlijiosoek nolako bilakaera izan dute sortu zirenetik?

Sorreran, erlijiosoen familiak sortu zituzten ikastetxeak. Ikastetxeetako irakasleak ere erlijiosoak izan ohi ziren, apaizak edo monjak. Gaur egun, lau ikastetxe hauetan, bakarren bat kenduta, irakaslearen gehiengoa ez da apaiz edo monja, magisteritzako ikasketak egin dituenak dira gehiengoa. Ikastetxe erlijiosoetan ere garai batean neskak eta mutilak bananduta izan ohi ziren, baina gaur egun ikastetxe hauetan ikasleak bai neskak eta bai mutilak elkarrekin daude ikasgeletan.

Gizartearen sekularizazioak ere islarik izan al du orduan ikastetxe erlijiosoetan ere?

Lehen, ikastetxearen sorreran eta lehen urteetan, erlijiosoek eraman izan zuten bandera hori beste batzuei egokitu zaigu hartzea eta aurrera eramatea.

Eta orain herriko ikastetxe erlijiosoek bat egitea nola ikusten duzu zeuk?

Eliza bat bada, guk ere bat izan behar dugu, eta adarrak indartzen joan beharrean enborra indartu behar dugu. Hori da behintzat nire ikuspuntua.

Uneotan zertan ari zarete ikastetxeok?

Bat egingo dugun ikastetxeetako irakasleak barruko lanetan ari gara: pedagogia arloan, hain zuzen ere. Aspaldian horretan ari gara, ikastetxeetako irakasleak, zuzendaritza eta abar, mailaka bildu eta ildo pedagogikoa lantzen. Lehenengo barruko lana, edukia landu beharko dugu.

Iraurgi Ikastetxeak datorren ikasturtea zenbat ikasle eta irakaslerekin hasiko du?

.900-1.000 ikasle inguruk eta 80 irakasle eta langilek osatuko dugu Iraurgi Ikastetxea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak