Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Uztaila »  Lau ikastetxe erlijiosoak, bat

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hezkuntza

Lau ikastetxe erlijiosoak, bat

Nerea Uranga

Herriko ikastetxe erlijiosoak ikastetxe bakarrean elkartuko dira: Iraurgi Ikastetxean. Eta datorren ikasturteari ikastetxe bakar bezala ekingo diote

IRAURGI
IRAURGI.   
JESUITINAK
JESUITINAK.   
MILAGROSA
MILAGROSA.   
BETHARRAM
BETHARRAM.   

Herriko lau ikastetxeek bat egitea erabaki dute —Iraurgi Batxilergoko Ikastetxeak, Jesusen Alabak Ikastetxeak, Betharram Ikastetxeak eta Milagrosa Ikastetxeak— eta irailean Iraurgi Ikastetxearen izenean hasiko dute ikasturtea. Aurten bategite lan horretan aritu dira ikastetxeetako gurasoak, irakasleak, langileak eta zuzendaritzako kideak. Ikastetxeen Batzorde Titularrak hartu zuen hasiera batean erabakia, eta gero erakunde ezberdinen barruan gauzatzen joan da batuketarako ibilbidea.

Iraurgi Ikastetxeak bi urtetik unibertsitatera arteko ikasleak hartuko ditu. 0-6 urte artekoak gaur egungo Milagrosan egongo dira, 6-12 urte artekoak egungo Betharrametan, eta besteak Iraurgin. Etorkizunean Heziketa Zikloak eskaintzeko amoa dute.

KRONOLOGIA.
.1979an Iraurgi Batxilergoa sortu zenetik lankidetzarako hainbat pauso eman izan dituzte herriko ikastetxe erlijiosoek. 1992an lankidetza hitzarmena egin zuten herriko ikastetxe erlijiosoek eta Azkoitiko Salesiarrek. 1993an DBH emateari utzi zioten Milagrosak, Betharramdarrak eta Jesusen Alabak, eta ikasketa maila horien eskumena Iraurgi Ikastetxeari utzi zioten; ikasleak, inolako tramitazio berezirik egin gabe, Iraurgira pasatzen ziren (DBHko ikasketak Iraurgin jarraitzea erabakiz gero).

1999an Betharram Ikastetxeko titularitatea aldatu egin zen eta Donostiako Gotzaitegiaren esku gelditu zen. Bukatu berri den ikasturtean, berriz, ikastetxe erlijiosoek ikastetxe bakar bat izateko pausoak ematen hasi ziren, eta azkenean lortu dute laurak ere ikastetxe bakar batean biltzea. Hala, datorren ikasturtea, aurrenekoa izango da elkarrekin Iraurgi Ikastetxearen izenean hasiko dutena. Urte hauetako lankidetzaren emaitza izango da.

  1. IRAURGI

    1979an sortu zen. Batxilergoko ikasketak ematen dira hasieratik. Bere titular nagusia Donostiako Gotzaitegia da eta titularkideak Betharram ikastetxea, Esklabak, Jesusen Alabak Ikastetxea eta Karidadeko Amak. Gero, ikastetxeotako batxilerreko ikasleak hartu izan ditu.

  2. JESUSEN ALABAK.

    1924an gau-eskola zabaldu zuten. Gero Enparan kalean zuten ikastetxearen ordez, berri bat egin zuten Santutxon. Ikasturtea 1967an hasi zuten eraikin berrian eta hor segitzen dute. Lehen neskak bakarrik ziren ikasleak; egun neskak eta mutilak.

  3. MILAGROSA.

    Karitateko Alabak herrira 1869an etorri ziren, Harzubi kaleko Miserikordi etxera. Eskolak ematen 1898an hasi ziren. Hasieran bertako haurrak baino ez zituzten ikasle (neska-mutilak), baina gerora herrikoak ere hartu zituzten. Beranduago neskak bakarrik eta azken urtetan neska-mutilak.

  4. BETHARRAM.

    1966an etorri ziren Betharramdarrak Azpeitira, Udalak Maristentzat egin zuen ikastetxera (egungo eraikina Maristentzat egin zuen Udalak baina haiek ez zioten ekin ikasturteari). Azkar prestatu eta ekin zioten garai hartan herriratu ziren be-tharramdarrak ikasturteari.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak