Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Uztaila »  Azpeitiar bakarra Nevadan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erreportaia : Inazio Olarreaga 'Gerri'

Azpeitiar bakarra Nevadan

Miel Anjel Elustondo

 
 
 
 
 

Badira 40 urte baino gehiago Inazio Olarreaga Gerri-k Azpeititik aldegin zuenetik, eta lanak ditu pertsona eta toki izenak gogora ekartzen. “Inazio Olarreaga Agirre Oria Urdalleta naiz. Aita, Aizarnazabal, Altuna baserrikoa. Ama, Elosiagakoa, Etxenagusi baserrikoa. Azpeitian jaio nintzen. Nola da etxe zahar hori estazioan, guardia zibilen kuarteletik bestaldera? Nola du izena palazio hark?”. Enparan? “Bai! Horixe! Enparan!”. Eta Arabako ardoa dastatzen ari denak egiten duen bezala egiten du: usain eta gustu hartzen dio izenari, iraganari begira. “Enparan!”. Inaziok esandakoaren arabera, Arruti etxea behar du. “Hantxe jaio ginen Pepita eta biok. Hiru arreba eta bi anaia gara: moja, ni, Juan Joxe, Jone eta Maria Jesus. Gaur egun Juan Joxe eta Maria Jesus beste inor ez da bizi han”; Azpeitian, alegia. “Ez zait akordatzen zenbat denbora egin ote nuen estazioko etxe horretan. Gero Pilar Arrueneko etxera aldatu ginen. Aitak Uriarte familia ezagutu zuen, ez dakit nola. Abokatua zen Uriarte hori. Etxe atzean, berriz, baratza genuen: sagarrak, txermenak, loreak… denetatik”.

AZPEITITIK TOLOSARA
Ez zegoen inon idatzirik baina pilotari izango zen Inazio. Hala tokatu zen, Jainkoa lagun ez baina Txikuri lagun. “Gure aita Agirreneko fabrikan ari zen lanean, Txikurirekin batera. Honek seme bat zuen zesta punta jokatzen zuena, eta beste bat gazteagoa, Santiago, jokatzen hasten ari zena. Txikurik esan zion gure aitari: ‘Hazi ezak semea pilotari! Nik bi seme ditiat hor, zesta punta ikasten!’ Dirua egingo zutela, eta hau eta hori. Azkenean, gure aitak inguratu zituen zesta eta pilota zahar bat, eta pilotan hasi nintzen”.

Artetxeneko parean zegoen orduan frontoi handia: Vista Alegre. “Zubeldiak izaten zuen pilotalekuko giltza. Hark ikatza erosten zigun, eta aitak esan zidan behin: ‘Joan eta esaiok pilotalekura sartzen uzteko’. Eta ikatza eraman nion batean, galdetu nion. Baietz, jakina. Baina laster konturatu nintzen ez nuela giltzarik behar. Gure etxeko baratzatik salto egin, Hotel Casino atzeko aldetik, eta pilotalekura sartzen nintzen, inori baimenik eskatu gabe. Zubeldiak berak ere bazekien, baina ez zitzaion inporta: neu nintzen hara giltzarik gabe sartzen nintzen bakarra. Inor giltza hartuta etortzen bazen, Zubeldiari ordainduta, orduan nik aire! Frontoitik alde egin behar. Akordatzen naiz asko etortzen zela Otamendi; paletaz jokatzen zuen, asko, taldetxo batekin”.

Hurrena, Tolosara hasi zen, Beotibarko pilota-eskolara, garai bateko korreo-autobusa hartuta. “Eskola doan zen, Kubako pilotalekuak ordaintzen zuen eta, Beotibarko gazteei erakusteko. Onenak ziren Etxaniz, Izuzkiza, Egurbide anaiak, Txikuri, Tolosako hiru anaia, Villabonako bat, Astigarragako beste bat —ile gorria, Astigarraga esaten genion, elkarrekin jokatu genuen Orlandon eta Renon ere egon zen pilota kontratua bukatu eta gero—, Sabino Egańa Arrona... Gu orduan ume tzarrak ginen. Astean hiru aldiz joaten ginen Tolosara. Elizondo izeneko bat zen gure maisua pilotan. Villabonakoa zen. Hura zen lapurra, hura! Kubako enpresak dirua bidali guri laguntzeko, bidaiak-eta ordaintzeko, eta hark bere poltsikora”.

KUBARA, JEREMIAS ABALIA LAGUN
Eta Tolosatik Madrilera, jokatzera. “Emakumeek, raketistek, jokatzen zuten lehenengo, eta gero guk. Nahiko diru ematen ziguten jateko eta etxea pagatzeko, eta ondo, dirua aurreratzeko modurik gabe. Gazte ginen eta zer eskatu behar genuen!”. Madrilen bi urte eta erdi egin eta Italiara jo zuen Inaziok. “Urte bat egin genuen Firensen, Florentzian, eta beste bat Napolin. Jaten ematen ziguten eta dirua, berriz, ‘hurrengo hilean’, ‘hurrengo urtean’… beti horrela.

Eta pilotalekuko managerrarekin haserretu nintzen. Eta maletak egin eta ospa egin nuen inori ezer esan gabe. Ez zuten asko pentsatzen horrelakorik egingo nuela, baina egin nuen. Hanka, Azpeitira”. Artean hogei urte ere ez zituela.

Azpeitian ikatza saltzen lan egin zuen, eta ez zen mugituko, Jeremias Abalia fortunatu izan ez balitz. “Hil zen Abalia. Azpeitiarra zen eta gaztetan Kubara joan zen. Eta Habanara eraman ninduen. Beste bat bazen Kuban azpeitiarra, Guillermo, organoak egiten zituena. Milagritos batekin zegoen ezkonduta. Agirreneko fabrikaren ondoan bizi zen Milagritos hau, Lapatxeneko etxean. Guillermok inguratu zidan bisa. Neuk ordaindu nuen bidaia. Jeremiasek Habanan Juanito Saizarbitoria ezagutzen zuen, Mutrikukoa, jende ona. Aldi batean —bi aste edo— Guillermoren eta Milagritosen etxean egon nintzen. Uste dut bi seme zituztela. Juanitok etxe handi bat zuen, Centro Vasco jatetxea. Eta sukaldariak. Bata, Justo, Zestoakoa. Beste bat, oso laguna nirea, Tomas Arrizabalaga, handikotea, indartsua, Azkoitia eta Elgoibar tartekoa zela uste dut. Atano III.aren alabarekin zegoen ezkonduta. Juanitorekin zegoen. Soinua eta panderoa jotzen zutenekin ibiltzen zen Tomas, berak ere panderoa jotzen zuen eta. Sukaldaria zen eta jaten ematen zidan, nahi nuen dena: txuleta, paella… eta txerri txiki bat bezala gizentzen hasi nintzen. Azkenean, hiru hilabete ondoren edo, kontratua egin zidaten Habanako frontoian. Baina, hiru hilabetez, Euskal Etxeko sukaldean laguntzen eta gero pilotalekura entrenatzera joaten ibili nintzen”.

Bost urte egon zen Habanan, Fidel Castro Kuban boterean jarri arte. Fidelekin dena aldatu zen. Pilotaleku denak itxi zituen eta joko profesional denak galarazi. “1960an edo, unibertsitateko eskaileretara joan eta marxista-leninista zela aitortu zuen. Ordurako, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) turismoari ateak itxi zizkioten eta dirua zuten denak AEBetara joan ziren. Oso jende gutxi joaten zen pilotalekura. Oraindik han zen Etxaniz azkoitiarra. Beste azkoitiarra, Izuzkiza, Filipinetara joanda zegoen aurretik. Gero Miamira joan zen. Ni Orlandon izan nintzen 1962tik 1964ra. Hiru denboraldi. Arrona ere kontratu gabe utzi zuten. Eta Astigarraga eta horrela”.

Oroitzapen ederra du, hala ere. “Bizimodu ona zen Habanakoa. Ez zitzaidan batere kostatzen. Jaten ematen zidaten eta ez nuen logela ordaintzen. Juanitok, gero, Miamin ireki zuen Euskal Etxea. Nonbait, garaiz atera zuen dirua Habanatik. Jende asko ibiltzen omen zuen. Tomas Arrizabalagak ere, nonbait, bere jatetxea zabaldu zuen. Miamin”.

BEGI BAT ALFERRA
“Pilotari txarra, txarra nintzen. Ez dakit nola jokatzen nuen ere. Begi bat ixten badidazu, ez dut ikusten. Ez nintzen konturatu Habanara iritsi arte. Jeremiasek esan zuen: ‘Mutil honek arazoak ditu, ez du ondo ikusten’. Behin hots egin zidan eta galdetu zidan: ‘Zer duzu begietan?’, eta nik: “Begi batetik ez dut ondo ikusten, jaio nintzenetik!’. Eta hark: ‘Medikuarenera eramango zaitut. Lagun bat dut hemen, okulista, oso ona, hark ikusiko dizu’. Txanda eskatu genuen eta horixe: jaiotzetik nuen begi alferra. Esan zidaten denbora asko izan banu tapatuta beste begia, lan eraginaraziko ziola. Beharbada horrela bai. Gero, nire begiarena zabaldu egin zen pilotarien artean, nonbait, zer bata besteari esaten zioten: ‘Eh, bota horri eskubi aldera, ez dik ondo ikusten eta’. Inor ez zen konturatu ordu arte, ezta ni ere. Jendeak esaten zuen: ‘Hau pilotari ona izango duk, begiratu zer indar!’ Jakina, indarrez mendean hartzen nituen besteak. Itsu herrian tuerto alkate. Inor ez zen konturatu eskubitik kale asko egiten nuela. Argiak zeudenean, batez ere. Itsutu egiten zaituzte eta pilotaren abiadura galtzen duzu. Arronak esaten zidan: ‘Eta nola jokatu duk orain arte?’ Neuk ere ez nekien, eta inor ere ez zen akordatu. Orain ere, autoa manejatzeko, eskubi aldeko ispilua zaindu behar dut, baina ez dut istripurik izan batere eta aurrera!”.

Partidurik ez, kiniela jokatzen zuten Orlandoko frontoian. Eta Inazio ez zegoen haserre. “Guretzat ona zen. Batzuetan, berotu baino lehen, dutxara. Pilota jotzeko aukera bat besterik ez zenuen izaten batzuetan. Horregatik zen ona. Ez zenuen izerdirik ateratzen! Pilotaria golfoa dela, bai horixe! Orain, zahardadean, gehiago zaintzen dut nire burua, ariketa gehiago egiten dut, orduan baino. Orduko pilotariak, denak zilborra bistan. Jan eta handik bost minutura jokatzera. Desastrea. Desastrea, ez genuelako konpetentziarik. Euskalduna besterik ez zen pilotari. Entrenatu? Gogoa ematen bazizun! Managerrak esaten zidan, Andresek: ‘Inazio, marka txarrak dauzkazu. Goizean entrenatzera etorri behar zara!’ Entrenatu? ‘Bai, bai…’, esaten nion. Behin ere ez nion esaten ezetz, baina behin ere ez nintzen joaten. Alferra, alferra nintzen!”.

ORLANDOTIK RENORA
“Akordatzen naiz Orlandon bazegoela bat, euskalduna, Kalitxe esaten ziotena. Zestak konpontzen zituen, eta Renora etorri zen behin. Oso lagunak ginen. Andres managerrak esan zidanean emaitza txarrak nituela eta beste lan bat bilatu behar nuela… Sabino Egańa Arrona eta biok Renora etorri ginen. Kalitxe aurretik Renon urte bat eginda zegoen. Euskaldunak ezagutu zituen. Orlandora bueltan joan zen eta esan zidan: ‘Lasai, motel! Han lan asko zagok konstrukzioan!’ Etorri eta kaka! Lanik ez!”.

Arronak eta Inaziok zerrategian egin zuten lan, lorategiak zaintzen aldi batez hurrena, eta konstrukzioan gero... 1964an erretiratu zen pilotatik eta urte bat geroago hasi zen Renon. 1994ko otsailaren 21ean erretiratu zen lanetik. “Konstrukzioan beti ondo ordaindu dute, sindikatukoa izanez gero behintzat. Dirua konstrukzioan egin dugu. Erretiratuz gero, berriz, ez dut ezer egiten. Jan eta edan eta arrantxoa zaindu, saltzeko. Saldutakoan, bidaiak egin nahi ditugu andreak eta biok. Orduan ez dut izango aitzakiarik Azpeitira ez joateko. Ilobaren bataiora joan nintzen 1984an, eta beste bueltaren bat ere egin dut. Dezente aldatuta zegoen. Orain kabaretak dituzte, rock and roll-a eta. Garai modernoak. Joan nintzen azken aldian lagun batzuk ere ikusi nituen: Egibartxo, Anttonio, Beixama ere agurtu nuen”.

Igy izena du Inazio Olarreagak Renon. Izen horixe eman zioten konstrukzioan. “Ezin zuten Ignazio esan, edo zaila zen haientzat, edo ez zuten nekatu nahi. Hortaz, behin, batek esan zuen: ‘Aizu, hemendik atzera Igy esango dizugu. Inporta al zaizu?’ ‘Niri inporta? Ezta batere!’. Ignazio, zailegia da”, esaten zuten. Eta Igy naiz harrezkero. Baina zuretzat Inazio, San Inazio Loiola bezala”. Igy, Inazio, Gerri, adiskide on AEBetan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak