|
|
|
Fidel Castro eta Che Guevara
Inazio Kuban tokatu zen bertako iraultza lehertu zenean. Eta Fidel Castro, Che Guevara eta beste hainbat lagun ezagutu zituen. Historiaren lekuko zuzen izan zen azpeitiarra, zegoen lekuan zegoelako. “Castro-eta ezagutu? Seguru! Centro Vasco jatetxera etortzen ziren bazkaltzera. Akordatzen naiz Fidel etorri baino lehen haren zaintzaileak etortzen zirela dena begiratzera. Eta gero, Fidel bera etortzen zen. Nik sukaldean laguntzen nuen, eta horrelaxe ezagutu nituen Castro, Che Guevara eta horiek. Batista diktaorea amerikarrek jarri zuten, asko lapurtu zuen eta asko lapurtzen lagundu zuen. Oso txarra zen baserritarrentzat. Poliziak eta militarrek ezker-eskubi lapurtzen zuten, dendara joaten ziren eta ordaindu gabe aldegiten zuten, eta ez zenuen ezer eskatzeko eskubiderik, bazenekien eta hurrengo egunean akabatuta azalduko zinela. Abuso handiak izan ziren, hark ezin zuen segitu, horregatik etorri zen iraultza. Guatemalatik Guatepeorrera joan ginen. Aurretik, sikiera, Kubatik sartu eta irteteko moduan zinen, baina gero ez”.
|