Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Uztaila »  Iritziak »  Gazteok nor garen

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gazteok nor garen

Josu Salegi

Askotan entzun diet gurasoei eta aurreko belaunaldikoei: “Zuek gazteok, dena eskura daukazue eta beti kexatzen zarete. Gure garaian bizi izan bazineten...”. Pentsatzen jarrita uste dut arrazoi dezente duela esaldi horrek. Neuk behinik behin eskura izan dut dena.

Jendea nola bizi garen begira jarrita, bada arrazoirik kontu horretan. Eguneroko presa, be-tebehar eta kezkek inguruko edertasunaz ohartzea eta gozatzea galarazten digute, eta egin ditzakegun mila gauza mugatu.

Hori horrela da, baina gertatzen da alderantzizkoa ere: denbora dugunean, asper-asper eginda telebistari so edo ganora gabe egotea. Horrelaxe egoten gara une idealen eta gozoen zain. Aukera eta denbora ditugunean beste nonbaitera joaten zaigu burua, edo ez ditugu dauzkagun baliabideak aprobetxatzen.

Baliabideak, bai horixe. Gizakioi helburuetara iristeko balio diguten bideak. Baliatzeko erabiltzen dugun guzti hori. Eskuekin ere balia gaitezke, ezker-eskuin. Behatzak; hankak, zutik eta tinko egoteko gai gara eta mugitzeko ere bai: kilometroak egin ditzakegu oinez mendian, basoan, paseoan. Zentzunak ditugu; ikusmena, entzumena, ukimena, usaimena. Galdutakoan edo min hartutakoan soilik ohartu behar al gara hauen garrantziaz?

Azkenean, uste dut ez garela ezertaz ohartzen. Inkonszientzian murgilduta, ohitura eta eginbeharren menpe jartzen gara eta gure zerbitzura izan behar genukeen oro gure nagusi bi-lakatzen dugu. Garrantzia garenari baino daukagunari ematen diogu.

Bizitza, orduan, zirkuitu itxi eta biribila bilakatzen da eta bertan hasten gara biraka. Sarritan nekatzen gara, gero eta buelta gehiago are eta akituago. Zerbait desberdina egin nahian, justu kontrapunturantz jotzen dugu desfasatuz.

Bestela materiala eta dirua desiratzen dugu, gure zirkuitu polita atonduz ahalik eta gehien —ez dut esan nahi materiala eta dirua premiazkoak ez direnik—. Baina hainbeste buelta eman ostean hain ezagun bihurtzen da zirkuitu hori, nahi adina dekoratu arren... ongi baino hobeto ezagutzen dugu eta lehengo bera da azkenean. Beste zerbait nahi genuke. Baina, nola eta zer? Zeren beldurra... —urteak aurrera doazela are eta gehiago— duguna arriskatzeko eta aldatzeko... Zerbait desberdina egiteko gaitasuna ba-dugula pentsatzea ere?

Gure gaitasunez ohartzeko, konsziente egin eta ulertzen hasteko, agian, geure buruari ba-rrurantz begiratu beharko diogu: Nor garen, nola gauden... ditugun akatsak onartuz —horixe zaila!—. Eta Klik! batekin, kuriositatearen txispa piztu. Horrela, automatismoak barruan sortutako hutsunea galderez betetzen hasi gaitezke. Eta galderei erantzunak bilatzen saiatu pixkanaka, eta obserbatzen hasi. Eta kostatzen bada ere, uste dut merezi duela laguntza eskatzea. Saiatuz gero laguntza jasotzen baita, eta erantzunak iristen dira.

Hauxe da nire iritzia. Eskertu nahi nuke Yogan dabilen jendearen lana eta Xabier irakaslearena. Baita, noski, familia eta inguruko lagunen babesa ere. Apur bat gehiago Nor naizen ezagutzen eta nahi dudanari zentzu gehiago ematen lagundu didatelako.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak