Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 3,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Uztaila »  Iritziak »  Pako Aristi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

Etorkizunaren aurreko itsutasuna

Pako Aristi

Arazo latz bat daukagu autoekin. Ez erosteko orduan, dirudienez, gero baizik. Autoak leku asko hartzen baitu, bai gure bizitzan, bai gure patrikan, bai gastuen gure prebisioetan, bai gure kaleetan, bai gure herrietan. Gure kaleetan autoentzako lekurik egin ezinda gabiltza; aparkalekuak etengabe egiten eta hala ere nahiko leku ez; errotondak egin eta egin, eta hala ere ilarak eta ilarak. Asteburuetan kilometroetako prozesioak osatzen dira kostalderantz, eta gero handik bueltan. Gure psikologian ere eragina du autoak: zenbat aldiz ez ote dugu, inkontzienteki bada ere, pertsona baten balioa, estatusa edo eragin soziala darabilen autoaren arabera neurtu?

Gaur egun, Azpeitiak arazo latz bat dauka autoekin. Hala irakurri dut pasa den hilean, egin beharrekoa den bariantearen bi asmoak berriro kaleratu dituztenean. Trafiko saturazioa omen dago kamiño zaharrean; egunero ez dakit zenbat milaka gurpilkari pasatzen omen dira. Egunaren ordu kritikoetan, bazkaltzera doazenean edo lanetik ateratzerakoan, jendearen umorea ikusi behar! Herriaren bakea hausten duen fenomenoa bilakatu da trafikoarena, bidaiarien erosotasuna eta pazientzia hondatzen dituen arazoa. Irtenbidea behar da: beste bariante bat, lehengoa baino zabalagoa; beste milioi sorta beldurgarri bat; obra latzak berriro, zulatu behar diren bazterrak zulatuta, dena autoaren mesedean.

Autoak gero eta handiagoak dira: ume bat daukan edozeinek dakarkizu monovolumen erraldoi bat; etxe bakoitzean daude hiru, lau auto. Autoak gure espazioa jaten ari dira, publizitateak (autoenak eta besteenak) gure burua jaten duen abiada berean.

Gipuzkoan izan ditugun Errepide eta Obra Publikoko Kontseilarietatik inork ez du jakin etorkizunean autoen eragina zertara iritsiko zen neurtzen. Gure herrietako alkate gehienek ere ez diote autoaren fenomenoari tankerarik eman; edo ez diote eman nahi izan. Hain zuzen ere, horrek erakusten du politiko baten balioa eta duintasuna: etorkizunean gure herrian zer gertatuko den antzematen jakitea, eta aldaketa horiei, txarrak diren kasuan, aurrea hartzea eta saihesten jakitea.

Azpeitian Urola trena itxi zuten politikoek ez zuten autoen gorakadak zer ekarriko zuen ikusten jakin. Gure gurdi-bideak kamino bihurtuak ziren ordurako, kaminoak karretera, karreterak errepide eta hauek bariante, eta ahal balitz, autobia. Autoak gero eta espazio gehiago eskatzen du gure bizitzan. Eta Gipuzkoa txikia da, menditsua da, gure herririk gehienak mendiartean sartuta daude. Nora goaz? Non daude bista luzeko politikoak, arazoei aurre hartuko dietenak? Gauzak hondatu ondoren milioikada izugarriekin konpontzera ohitu dira gure politikoak, haien itsutasuna (nahigabea ala nahitakoa) gure konformismoarekin sendatzera.

Bageneukan tren bat, orduan xahartzat eta kaskartzat geneukana, baina orain balio handikoa izango litzatekeena zaindu bagenu. Trenak leku gutxi hartzen du, mantenu merkea du, eta jende asko eraman dezake, merkantzia asko. 20 auto eta bi kamioi behar dira gaur lehen Urolak biaje batean eraman zezakeena garraiatzeko. Urolaren berritzea garestia omen zen; gezurra, huskeria bat zen, geroztik errepideak konpontzen eta aurrerantzean egiten gastatuko dutenaren alboan.

Gaur ikusten da Urola konpontzea merkea zela, mesede ikaragarria egingo ziola gure bailarari, herri guztiak inbidiaz begiratuko zigutela, etorkizuneko garraioa zela. Begira: hiriburuetan metroa eta tranbiak jartzen ari dira. Trena hor eduki genuen; etorkizuna ikusten jakingo zuten politikoak falta izan zitzaizkigun.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak