Zenbat buru, hainbat aburu
: amuko zubitik
Azpeitiko festen arrakasta
Mikel Arregi
Badatoz Saninaziyuek, hainbat jenderentzat gure herriko festa arrakastatsuenak. Nire galdera hauxe da, ordea: zeri deitzen ote zaio arrakastatsua izatea? Kalean jende asko ibiltzeari? Diru asko gastatzeari?
Azken egunotan kalean dabilen zurrumurru baten arabera, arrakasta hori ziurtatzearren-edo, herriko agintarietako batzuk Operación Triunfo-ko norbait ekarri nahi omen dute.
Zurrumurruei garrantzi gehiegi ez ematearen aldeko banaiz ere, zer pentsatua eman dit horrek. Esaterako, beste herri, agintari eta abarren aurrean ondo gelditzeko noraino iristeko gai izan ote gaitezkeen pentsatu arazi dit.
Eta festen arrakastaren oinarria zein izan daitekeen, horri buruzko hausnarketak ere egin ditut.
Arrakasta, Azpeitiar orok festen antolaketan parte hartzeko aukera izatea litzateke. Jada antolatuta dagoenaren berri emateko deitu izan diren bilerek ez dute horretarako balio. Azpeitiarron festak izango badira, hasieratik ziurtatu behar da herritarren partehartzea, antolaketatik hasita.
Arrakasta litzateke, baita ere, antolatzen diren ekitaldiek herritarren partehartzea bultzatzea. Izan ere, antolatzen diren gauza gehienetan kanpotik ekarritako artistak, abeslariak, zezenak dira protagonista. Herritarrak ikusle soil izatera mugatzen gara. Antolaketan ez ezik, festen eguneroko dinamikan herritarren partehartzea ziurtatzea oso garrantzitsua da. Sansebastianetan edo Santotomasetan, esaterako, herritarrak festaren parte garrantzitsu dira. Saninasiyuek, berriz, herri izaerarik gabeko festak bihurtzen ari dira.
Eta arrakasta litzateke, baita ere, herriko festek, gure herriarentzat hain garrantzitsu diren euskal kulturaren eta euskararen aldeko jarrera aktiboa mantenduko balute.
Horretan guztian egon daiteke herriko festen arrakastaren oinarria. Eta nik behintzat, nahiago dut, triunfo baino, arrakasta.
|