Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 3,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Uztaila »  Iritziak »  Fernando Morillo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gai Librien

Gaua gau!

Fernando Morillo

Den onena izanda ere, gaua gau (esaera zaharra). Uda ate joka dugu. Eta uda argia da. Argia eta hondartza gainezkatuak eta beroak eta parrandak. Baina argia nahi nuen gaur hizpide.

Sarritan ezkondu izan dugu argia ongiarekin. Hortxe dugu kristau tradizio erraldoia: Jainkoa da argia —“Jainkoaren Jainko, Argiaren Argi”, zioen Nizeako kontzilioak—; bestea, arerioa, itzala eta gaua da: iluntasuna. Mitologian, nola ez, baditu argiak hainbat eta hainbat jainko eta gurtza: Eguzki amandrea, euskal mitologian; Helios, Amaterasu, AmonRa, Huitzilopochtli… beste zenbaitetan. Eguzkia eta argia beti. Opari hobezina balitz bezala.

Mitologiak mitologia, ezinezkoa zaigu ukatzea argiak ikaragarrizko eragina duela gugan. Hor dago, baita ere, estatistika mordoa aldarrikatzen zenbat eta eguzki-ordu gehiago, orduan eta arinagoak direla depresioak: Europako ganbara aldean —egun ilunagoak dituzten eta ia izotza besterik ez dagoen goiko eremu horietan— tristeagoa omen da jendea. Etsikorragoa. Ez dakit nik, barre ederrekin ikusten baititut haiek askotan, eta ezin muturbeltzago hemengo asko. Baina tira, estatistikak dio eta isildu egin behar.

Argia maite dugu eta argiz kutsatu nahi dugu bizitza. Baina laster konturatzen gara zuria ez dela beti zuri, beltza ez dela beti beltz, eta argian ez dela dena argi. Argiak itzala bai baitu. Baina gu, homo sapiens ustean, izaki pendularrak gara, eta zaila zaigu erdibidea jarraitzea. Zaila zaigu eta gainera ez dugu nahi. Daltonismo madarikatu batek jota bezala gaude. Tarteko tonuak ederrak izan daitezkeela onartu ez eta iluntasunak beldurtu egiten gaituen aitzakiarekin farolez josi nahi ditugu txoko guztiak. Gaua existituko ez balitz bezala. Existitu beharko ez balu bezala.

Gaitz unibertsala da, tamalez edo zorionez. Begiratu, adibidez, Zumaiako dikea gauez. Oso polita ditxosozko argi horiekin eta nahi den guztia. Baina ez dago kristorik han gauez lasai pasea dezakeenik. Fokoak lurrean daude eta gorantz egiten dute, zuzen-zuzenean aurpegirantz. Ematen duten beroa albo batera utzita, argiak bete-betean harrapatu eta itsu-itsu eginda uzten zaitu. Eta, gutxi balitz bezala, ez dira urri eltxoak, gu bezala, argia gurtzen dutenak. Itsututa eta eltxoak saihesten: errezeta aproposena nahi gabeko bainua hartzeko ur haietan. Eskerrak olatuen soinua behintzat baregarria den...

Zumairaino joan naiz, baina etxean ere badugu nahiko adibide. Enparan dorretxean, adibidez, beste hainbeste gertatzen da: fokoak lurrean daude eta oso polita geratzen da eraikina, argi-argia eta postal batean sartzeko moduan. Baina fokoak bete-betean harrapatzen zaituenean ezin hura miretsi, eta are gutxiago eltxoak zurekin dantzan hasiz gero.

Eta Loiolako Santutegia? Demontre, han ez dago jadanik gaurik. 10.000 farol horiek jarri zituztenetik ezin deabrurik hurbildu San Inazioren etxe ingurura. Ezin eremu haietan bekaturik egin! Leku santuek ez al dute santutasuna galtzen bekaturik gabe?

Eguna argia den moduan, gauak ez al luke, hein batean behintzat, gau behar? Oreka hutsagatik bada ere, ńo. Zesarri zesarrena eta gauari iluntasun apur bat. Argiak sekretu gutxi du: gaurik gabe, misteriorik ez. Zer geratzen zaigu orduan?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak