Zenbat buru, hainbat aburu
: Hausnartzen
Batasunak, Azpeitiko etxebizitzen inguruan
Aitor Unanue
Alderdi honetatik Batasunak garbi du etxebizitza herritar guztien eskubidea dela, eta hori bermatzea dagokiola Udalari. Alegia, inor ezin dela kale gorrian utzi gaur egun gertatzen ari den bezala. Bestalde, Azpeitian 1.478 etxe huts ditugu, %25a, eta hau benetako arazoa da herriaretzat. Etxe hutsak merkaturatzeko eta dagoen eskaera asetzeko udal politika baten aldekoa izan da Batasuna. Betiere, egun herriak duen karga urbanistikoa hazi gabe, egungoaren laurdena hutsik baitugu.
Gaur egun Azpeitian etxebizitzaren inguruan ditugun arazoak honako puntuetan laburbildu ditzakegu:
-Gizarteko sektorerik apalenek, batik bat gazteak, etxebizitza eskuratzeko duten ezintasuna. Edo horretarako leporainoko zorretan sartu beharra.
-Etxebizitzaren inguruko espekulazioa, prezioek izan duten gorakada eta ondorioz, etxebizitza gehiegi eraikitzea. Azken finean, herriari ezarri zaion zama urbanistikoa, urteoro aurrekontuetan kopuru garrantzitsua kostatzen zaiola da.
-Alde zaharreko etxe hutsen kopuruak eta honen urbanizaketaren utzikeriak gainbehera nabaria eragin du bertan.
Azken hamarkadan Udalak babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzera behartzen duen legea ez du behin ere bete Azpeitian. Zoru urbanoan %20ko kopuruan eta urbanizagarrian %65an babes ofizialeko etxeak izatera behartzen du legeak, gutxienez.
Batasunaren Politika.
Batasunaren udal etxebizitza politika honako puntuetan laburbiltzen du:
-Eraiki beharreko etxebizitza berrietan, etxegileei legeak ezartzen dituen gutxiengoak betearaztea babes ofizialekoei dagokienez.
-Etxebizitza beharra zehazteko galdeketa edo behar dutenen zentsoa edo errolda irekitzea.
-Etxe hutsen errolda, jabegoa eta egoeraren zehaztapenarekin.
-Etxe hutsak merkaturatzeko laguntzak eman eta bitartekari lana egingo luke Udalak, alokairua babestuz eta bultzatuz.
-Udal lurretan babes ofizialeko etxeak eraikitzea, betiere aurreko neurriek dagoen eskaera asetzeko gai ez diren neurrian, eta egun urbanizaturik dauden zoruetan.
-Alde zaharrerako biziberritze plana, eta egungo auzoen urbanizaketaren mantenua.
Baina etxebizitzaren inguruko arazoek, geure herrian ditugun beste hainbat arloetako arazoek bezalaxe, badaukate konponbiderik, jakina. Eta Udalak asko egin dezake arazo hauen aurrean. Baina, interes pribatuen menpe eta berauei begira soilik dagoen gaur egungo EAJren eta EAren udal gobernuak ezer gutxi egin izan du, arazoak areagotzea besterik.
|