Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 28,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Uztaila »  Iritziak »  Agustin Zubimendi (Kutxako gestorea)

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : hausnartzen

Etxebizitza mailegua eskatzeko orduan ongi informatzea da garrantzitsuena

Agustin Zubimendi (Kutxako gestorea)

'Etxebitzak Azpeitian'. Etxebizitza eskubide izanik, bermatzen al da? Babes ofizialekorik behar al da? Etxebizitza hutsekin zer egin? Alokatzeko aukeraz zer?

Etxebizitza bat erosteko mailegua eskatzearen prozesua bezeroa informazio esker etortzen den unean hasten da. Guk aurreneko bezeroari galdetzen dioguna, etxebizitzaren saltzailearekin tratua eginda dagoen da. Etxebizitzaren prezioa eta bezeroak eskatu nahi duen mailegua dakigunean, errazagoa da informazioa ematea. Guk emango genukeen maileguaren kantitatea finkatu aurretik, etxearen tasazioa jakin behar dugu. Kasu horretan, banketxeak tasatzaileari tasatzeko eskatzen diogu. Orduan tratuan hasten gara bezeroarekin. Hamar miloi beharko balitu bezeroak, eta zortzian tasatzen bada erosi nahiko lukeen etxebizitza, ezinean legoke. Baina, hori orokorrean ez da gertatzen. Ordea, etxearen kostuarekin badator bezeroa eta aurreratuta ez balu dirurik, kostuaren %100a eskatzea ere ez da ohikoa, baina gertatzen da. Orokorrean, denak diru bat aurreratuta edota gurasoak lagundu diotelako zerbait edukitzen dute. %80a arte etxeak berak bermatzen du mailegua, baina %80tik gora bada, maileguari etxearen bermea eta abal bat jartzen zaio. Abalak maileguaren %80tik gorakoa estali ohi du. Mailegua etxebizitzaren tasazioaren %80an sartzen denean, abala desagertu egiten da.

Hurrengo pausoa, bezeroarekin negoziatzen hastea litzateke. Prezioa ere ez baita izaten guztientzat berdina. Kutxako bezero dena kontuan hartzen da, azken finean mailegu bat ematerakoan guk dirua jartzen baitugu. Negoziazioan hainbat kontu daude tarteko: bezero ona bada edo aukerak baldin badauzka bezero ona izateko, edota gurasoak bezero onak badira. Bezeroak berak zer eskaintzen duen ere kontuan izaten da: etxearen segurua Kutxan egitea, edota nomina beste banketxe batera bideratua eduki eta hona aldatzea. Horiek denek jeitsi egiten dute prezioa. Ban-ketxea saiatu behar da prezioan bakarrik ez gelditzen. Prezioaren eskean bakarrik badator, prezio estandar bat ematen zaio eta horretan gelditzen da. Eta %1 edo %0,75 gutxiagoko aldea ateratzeko aukera dago. Dena negoziazio bat da, nik zer ematen dizut, nik horrenbeste eskainiko dizut.

Banketxearentzat, etxebizitza berria edo zaharra erosi berdin da mailegua emateko orduan, mailegua berdina da. Aldea etxebizitza erostera doanarentzat izan daiteke. Etxebizitza erosten due-na 35 urtetik beherakoa bada, 120 metro karratu baino gutxiago baldin baditu etxeak, Gipuzkoan ez baldin badauka beste etxebizitzarik bere izenean, edota azkenengo bi urteetan ez baldin badu erosi etxebizitzarik, salerosketa egiten denean, Ondareen Gaineko Zerga %6a izan beharrean %3ra jaisten da eta maileguan ez du zerga ordainduko. Etxebizitza berriaren kasuan BEZ-a ordaindu behar da.

Jende gazteak maileguan sartzeko beldurra dauka, baina, beldurra ez da izan behar, pixkat arduraduna izan behar da. Hemen ez da kentzen etxerik, denak ordaindu egiten dira, batzuk estuago eta beste batzuk lasaiago, baina denak ordaintzen dira. Etxebizitza mailegua eskatu eta zailenak lehenengo bi urteak izaten dira. Baina, lehen bi urteak pasatu ondoren soldatak igo egiten dira, eta mailegua ordaintzeko kantitatea beti berdina da edo berdintsua da. Gogoan dut, orain dela 25 urte inguru, maileguak 12 urterakoak, zazpi urtean %75a baino gehiago ordaintzen ziren. Gaur egun, gehienek 12-14 urtean mailegua ordainduta izaten dute. Jendeak aurreratu egiten du.

Gaur egun bikote bat, etxebizitza erostera doanean —bikoteetan pentsatzen dugu, kasu gehienetan hala ematen baita— biak lanean ari dira. Bi soldata etxe batean sartzen direnean ez luke arazorik egon behar mailegua ordaintzeko. Banketxeak etxebizitza erosteko mailegua emateko orduan soldata oso garrantzitsua da, handik sortzen baita diru guztia hau edota bestea ordaintzeko. Nomina lotu egiten da maileguari, nomina ere ziurra eskatzen dugu mailegu bat emateko orduan.

INFORMAZIOAREN GARRANTZIA. Etxebizitza maileguaren inguruan kontsulta egitera datorrena, ikusten da beste banketxeetan ere kontsulta eginda etortzen dela. Kasu horretan, Kutxan ahalik eta informazio gehien ematen saiatzen gara; informazioa ematea ez da, ordea, maileguaren interesa ematea bakarrik. Joku asko dago, eta dena begiratu behar da. Lehenengo batean ez diot prezioa emango, lehenengo informatu eta negoziatu egin behar da. Prezioa bakarrik ez da kontua, eskaintzen den zerbitzuak berak ere balore bat du; eta mailegua eskatzeko garaian dena mahai gainean jarri behar da. Azpeitian jendea asko informatzen da, banketxe batera eta bestera jendea asko ibiltzen da. Batzuek gehiegi ere ibiltzen dira eta batzutan ona izan daiteke baina beste kasu batzuetan txarra ere bai.

MAILEGUAREN IRAUPENA. Gaur egun maileguaren gehiengo iraupena 30 urtekoa da. Nik mailegu eske datozenei gehiengo iraupena eskatzea gomendatu ohi diet. Gero norberaren gain izaten baita aurreratzea. Mailegu bat eskatzen denean ahalik eta obligazio txikiena hartu behar da. Zenbat eta luzeago izan iraupena, obligazio txikiagoa hartzen duzu. Obligazio handia hartu eta jokurik ez edukitzeak zenbait unetan itolarrian izatea suposatuko baitezake. Berez, ez baita gehiago ordaindu behar iraupena luzeagoa delako; hori bai, egonez gero 30 urtean hilean hilekoa ordaintzen, batere aurreratu gabe, orduan bai aterako litzatekeela diru gehiago ordaindu beharra. Baina, oro har, jendeak aurreratu egiten du. Eta aurreratzeko aukera izateko hileroko maileguaren kuota ahalik eta txikiena jartzen saiatu behar da.

Azkenean hipoteka-mailegua negoziazioa eta aholkularitza da. Informazioa oso garrantzitsua da, pertsona batek konforme gelditu behar baitu sinatzen duen horrekin. Banketxearen aldetik begiratuta, berriz, hurrengo batean ere zerbait behar baldin badu lasai etorriko baita berriro. Etxe bat erostea, agian, bizitza guztian behin bakarrik egingo da, beraz, gauzak lasai hartu behar dira eta ondo informatu behar da horretarako.

KONTU BEREZIAK. Etxebizitza erosi aurretik, aurreikuspen bat egin eta horretarako diru bat aurreratzeko aukera ematen duten kontu bereziak ere badaude. Etxebizitza kontua esaterako, hau irekitzen denean ez da izaten unean bertan etxebizitza erosteko asmoa, aurreikuspen bat da. Etxebizitza kontua ireki eta bost urteren buruan erosi beharra dago etxebizitza. Bost urtean, urtero %15a desgrabatzen da, eta bost urteren buruan etxebizitzarik erosi ez bada desgrabatutako dirua itzuli egin behar da. Etxebizi-tza kontuak duen ona, etekin handia ateratzen dela da. Kutxak kontu horri urteroko dirua edo epeka jartzen dena bezainbesteko ordaintzen dio kontu horri. Guztira, irabazia %17-18ra igotzen da. Gero, desgrabatzen den heinean dirua aurreratu egiten da. Kontu hau etxebizitza erosten den unean isten da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak