|
|
|
Aurrera ekarrita
Orkatzen egoera
Orkatz Kultur Elkarteko kideak maiatzaren 2an egin ziren elkartearen egoera berriaren jabe. Banketxera joan eta kontua blokeatuta zeukatela konturatu ziren. Erdi kaleko 21.ean duten taberna ere “prevención de embargo” egoeran dute, Baltasar Garzon espainiar epailearen aginduz. Arrazoia, Garzonek “ETAren egiturako parte izatea” egozten diela. Elkartekideen esanetan, horrek funtzionatzeko ohiko era eragozten dio elkarteari berari: “Orkatzek, egoera honetan, normaltasun osoz ezin du funtzionatu, kontuak geldituta dituelako. Lolakaren kasuan, berriz, elkartearena denez, elkarteak saldu nahiko balu ezingo luke”. Azken batean, Garzonek neurri horiek hartu izana Espainiako Estatuak Euskal Herriari egindako “eraso bat” gehiago dela diote Orkatzekoek. “Mugimendu independentista eta abertzalea oztopatzeko Espainiako Estatuak hartu duen erabaki politiko bat da. Bere logikatik kanpo gelditzen den ororen inguruari eginiko erasoa. Azken finean, Euskal Herriaren kontrako eraso bat da”.
Orkatz Kultur Elkartea sortu eta ireki zela hamargarren urtea laster beteko da, 1993ko San Joanetan ireki baitzen. Harrezkero, hamar urteotan, hamaika ekitaldi egin dira elkartearen egoitzan. Taldekideen esanetan, urteotan “fase ezberdinak” izan ditu Orkatzek, eta aurrera begira “fase berri” bati ekin nahi diote: “Orkatz Kultur Elkartea jende ezkertiar eta abertzalearen topagune izatea nahi dugu. Eta urteetan izan duen ekitaldi txikien gune izateko funtzio hori hobetu asmo dugu. Funtzio hori betearaztea Espainiako Estatuak galarazi nahi badu ere, hori gainditu nahi dugu. Maila xume batean antolatuz, eta herrikoia izanez”.
|