|
|
|
Ibilaldia
Santiagora erromes
Nerea Aranburu
Hilabete pasatxo da hiru emakume azpeitiarrek Santiagoko bide ospetsua egin zutela; hain zuzen, 24 egun egin zituzten oinez
Betidanik gustatu izan zaie ibiltzea, eta askotan komentatzen omen zuten beraien artean San-tiagoko bidea egitearena. Oraingoan ordea, pentsatu eta egin. "Aurreko urtean, Urbian geundela Santiagoko gaia atera zen. Animatu eta han erabaki genuen hirurok bidea egingo genuela", diote. Abentura honen protagonistak hiru emakume azpeitiar dira: Mari Karmen Etxeberria, Inaxita Campos eta Inmakulada Lizarra, hain zuzen ere.
Apirilaren 1ean atera ziren Nafarroatik, Orreaga herritik. Haien asmoa Frantsesaren ibilbidea deiturikoa egitea zen, eta horren arabera, irteera puntua Orreagako herria da. Guztira 750-800 kilometro egin dituzte. Hiru emakumeen esanetan, ibilbidea egiten ari ziren heinean eguna nahiko ondo antolatzen zuten. "Goizean goiz jaikitzen ginen, zazpiak aldera. Bukaera aldera, ordea, beranduxeago esnatzen ginen". Prestatu ondoren, bideari ekiten zioten. Ordu batzutan ibili eta bide ertzean bazkaltzeko tokiren bat aurkituz gero, bertan gelditzen ziren bazkaritan, "baina toki batzuetan ez zegoen ezer, ezta taberna bakar bat ere. Kasu horietan bidean gelditu eta zerbait jaten genuen", dio Inaxita Camposek. Bazkaldu eta berriro bideari ekin behar hurrengo aterbetxera iritsi arte. Egunean bederatzi orduko ibilbidea eginez ibili dira. "Gezurra badirudi ere, hainbeste ordu ibili eta gero, behin dutxa bat hartu eta atzera indarberrituta sentitzen ginen".
Horrela egin dituzte 24 egun. Oraindik oso gogoan dute Santiagora heldu ziren eguna. "Goizean oso goiz atera behar izan genuen. Artean ilun zegoen eta linterna batekin ekin behar izan genion bideari". Nahiz eta gertu ikusi helmuga, luzea eta nekagarria egin zitzaien azken eguna. "Azken bi asteetan, Alemaniako neska bat gehitu zen guregana. Elkar komunikatzeko arazoak genituen, baina ondo konpondu ginen", dio Mari Karmenek. Bidearen bukaera aldean oso gaizki pasatu omen zuen alemaniarrak, eta horregatik nahiko luze egin zitzaien azpeitiarrei ere azken eguna.
SANTIAGON
Santiagora (Galizia) heldu orduko agiri bat eman zieten hiru emakume hauei. Agiria sinatu eta hamabietako meza entzun ondoren, bazkaritara; "ondo merezitako bazkaria egin genuen". Arratsaldean bertan etxera itzultzeko prestaketak egin eta hurrengo egunean iritsi ziren Azpeitira. Bidean hamaika une eder igarota.
Gutxien gustatu zaien lurraldea Gaztela aldea izan omen da, "toki guztiak berdinak direlako; oso lehorra da, baina ibiltzeko ez dago aldaparik", dio Inmakulada Lizarrak. "Han igarotako egun batean, hiruzpalau ordu eman genituen gari arte batean ibiltzen eta ez genuen pertsona bakar bat ere ikusi, ez genuen inor aurkitu bidean".
Oroz gain, oroitzapen eta esperientzia polit bat gelditu zaie: etxera bidean, trenean, Lasarteko gizon batekin egin zuten topo eta Mari Karmenek harriturik gogoratzen du une hura. "Gizonak lehen aldiz bidea egin zuenean, hura hain engantxaturik gelditu omen zen, jada zortzi aldiz egin duela bidea". Hiru emakumeok ez omen dute horrelako intentziorik.
|