|
|
|
Aldaketak: mapa eta irudiak
|
|
Katalangoa baserria bota.
Loiolako Santetegiaren lur zatiari, hau da 24. areari, dagokion hiri antolaketako arauen aldaketak; Katalangoa baserria antolaketaz kanpo aurreikusten du. Eta esaten du baserria bota egingo litzatekeela. Baserria antolaketaz kanpo gelditzearen arrazoia, parkeak edo berdeguneak zabaltzea da. Kasu horretan, Loiolako mendebaldean, berdegunea zabaltzea jasotzen da, modu horretara Urola ibaiaren ertzetik katalangoa baserria bera, bere lurrak eta Jesusen Konpainiaren jabetzakoak hartuz.
Berdegunea zabaltzeko beste proposamen bat era badago: gaur egun dagoen parkea Egibar baserriraino zabaldu ahal izateko, Biskiturri baserriko lurrak horretaraino erabiltzea.
|
|
|
|
Urolan zubi berria.
Errepide nagusitik, hau da, Azpeititik Azkoitirako errepidetik, zubi berri bat eraikitzea aurreikusten du Loiolako Santutegiko 24. A.I.U. lur eremuaren hiri antolamenduko arauen aldaketak. Horrela, autoentzako santutegirako sarbide berri bat izango da. Zubi horrek santutegi atzealdeko zabalunerako sarbidea ahalbidetuko luke proposamenaren arabera, eta errepide nagusia eta Aldakaitz baserriaren eta Loiolako aterbe arteko zabalunea lotuko lituzke.
Zubi berria eraikiz, santutegiaren atzealdeko zabalunearen ondoko aparkamendurako sarbidegarritasuna eta lotune berria hornituko lirateke, arauen aldaketak jasotzen duenez; hain zuzen, Loiolan finkatu nahi diren hiru aparlekuetako bat. Hala, santutegiaren atzealdetik autoentzako zubi berria eta lehendik dagoen Aldakaitzeko oinezkoentzako zubia leudeke.
|
|
|
|
Loiolatxo eta jostundegia bota.
Loiolatxo eraikina, jostundegia eta honi lotuta dagoen eraikina botatzea aurreikusten du Loiolako 24.A.U.I arauen aldaketak. Eta hutsik geldituko litzatekeen lur sail horretan aparkalekuak egiteko asmoa dago.
Jostundegia urteetan hutsik dago, eta gaur egun zaharkituta, gainera. Baina Loiolatxon elkartea dago; Izarraizkoen eta Loiolakoen elkartea. Gaur egun 87 bazkide ditu eta dagoeneko 25 urte dira elkarte bezala sortu zenetik. "Loiolatxo botako duten kontua aspalditik entzuten ari gara. Baino guri inortxo ere ez zaigu etorri horren berri ematera edota elkartea beste nonbaitera aldatzeko eskainiz. Egia esan, guk ez dakigu ezer kontu horri buruz", esan diote Uztarriari bazkide batzuek.
|
|
|
|
Hiru aparkaleku berri.
Loiolan hiru aparkaleku finkatzen ditu Arauen Aldaketak. Batetik, santutegiaren atzealdeko zabalunearen ondokoa litzateke; horra sarbide berri bat egin nahi da, Urola ibaian zubi berria eginez. Gogartetxearen aurrean izango litzateke, gaur egun Loiolatxo, jostundegia eta honi atxikitako eraikina bota eta hutsik geldituko litzatekeen lursailean. Eta hirugarren aparkalekua, Urola Tren Geltokiaren ondoko zabalunean finkatuko litzateke.
Gaur egun hiru zabalune horiek aparkaleku funtzioa betetzen dute; hau da, autobusak edota autoak aparkatzeko erabiltzen dira. Loiolatxo aurrekoa eta geltoki ondokoa, ordea, ez daude aparkaleku bezala adierazita eta egokituta.
|
|
|
|
Glorieta berri bat.
Loiolako Santutegi inguruko errepide sistemaren zenbait elementu berriro egikaritzea ere aurreikusten da 24. lur eremuari dagokion arauen aldaketan. Era horretara, "bide sistemari dagokionean, santutegiaren inguruan berregituraketa sakona egite" proposatzen da.
Eta jasotzen diren proposamenen artean, Loiolako hiribidean, Azpeititik Azkoitirako errepidea eta Santutegi erdiko errepidea elkartzen diren bidegurutzean, glorieta bat eraikiko litzatekeela adierazten da. Glorieta berri horren "zehaztasuna eta antolaketa" lur eremu honen inguruan egingo den Plan Bereziak zehaztuko ditu. Gaur egun, bidegutuze horrek Azpeititik Azkoitirako errepide nagusia, santutegiaren erdialdeko bidea, eta Garmenditik abiatu eta tren geltoki aurretik datorren errepidea elkartzen ditu, eta gune garrantzitsu bezain konplikatua da.
|
|
|
|
Museoa handitzeko aukera.
24. lur eremuari dagokion Hirigintza Arau Partikularrak dionez, Egibar baserria -gaur egun Ingurumen Museoa dena- intereseko eraikin katalogatu bezala gorde beharko da Egibar. Eta gaineratzen denez, museoa zabaltzera bideratutako eraikin berriak egitea onartuko da, baina lehengoari egokituta, "harmonia gordez". Horregatik, museoa zabaltzekotan kontuan izan beharreko lerrokadurak hartuko lukeen gehienezko lur zatia, eraikuntzaren profila eta gehieneko altuera zehazten dira. Eta aurreikusiko litzatekeen eraikin berriaren erabilerak, "kultur ekipamenduekin lotutakoa" izan beharko lukeela adierazten da.
|
|
|