Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Ekaina »  Loiolan aldaketa handiak »  500 urtetik gora dauzkan baserriaren etorkizun beltza

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erreportaia : Loiolako aldaketak

500 urtetik gora dauzkan baserriaren etorkizun beltza

Katalangoa baserrikoek urteetan entzun dute eraikina botatzekoak direla; orain berriro entzun dute, Uztarria horretaz galdezka joan zaienean, eta kezkati daude

 

Katalangoa baserriak historia luzea du, ez baita oraingotxe baserria. Bertara ezkondu eta 18 urte zituenez geroztik Azpeitian bizi den Kontxita Kortabarria antzuolarrak kontatzen duenez, jesuita batek behin zera aipatu omen zion: "Katalangoa baserria, Loiolako Basilika bera eraikitzen ari zirela ba omen zela, eta garai hartan enfermeria omen zela esan zidan jesuitak. Hortaz, 500 urtetik gora badituela esan dezakegu". Loiolako Liburutegian ere halaxe diote: jesuitek diotenez, garai hartako marrazkietan Katalangoa baserria agertzen omen da.

Eta orain botatzeko mehatxuan dago. Baina ez da lehenengo aldia hori entzuten dutena. Kontxitak berak kontatzen duenez, 33 urte izango dira baserria botatzeko asmoen berri izan zutela. Geroxeago berriro izan zuten asmo horren berri, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingeniarien bisita ere eduki zuten. "Garai hartan bi leku eskaini zizkiguten etxe berri bat altxatzeko: bata San Pedrokoa dagoen lekuan eta bestea gaur egun Xanadu kafetegia-eta dauden etxebizitza horien lekuan, baina halaxe gelditu ziren orduko kontuak".

Orain, Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu duten Loiolako aldaketa hauen berririk ez dute izan. Baina Kontxita ziur da hemendik urte batzuetara baserria botako dutela. "Agian neuk ez dut ezagutuko, baina hori gertatuko dela seguru nago, Loiola inguruan aldaketa handiak egin dira eta egingo baitira".

Leku paregabean dagoen baserria da, atzealdetik berdegunez inguratua. Baratza eta fruitu arbola batzuk ditu, baina gaur egun bertakoak ez dira baserri lanetan aritzen. Kontxita semearekin bizi da. Baina asteburuetan eta abuztuan bizilagunak gehitu egiten dira. "Baserriaren jabea, gure lehengusu bat da, eta Donostian bizi da. Haiek, baserrira asteburuetan eta udan etorri ohi dira".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak