|
|
|
Erreportaia
: Loiolako aldaketak
Loiolan aldaketa handiak
Nerea Uranga
Loiolako Santutegia eta Egibar baserria arteko 24. lur zatiaren arauak onartu dira; orain Plan Berezi bat egin beharko da
Behin betiko, Loiolako Santutegitik Egibar baserria arteko lur zatiaren (24. lur eremua) Hiri Antolamenduko Arauen Aldaketa onartzea erabaki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak otsailaren 19ko batzarraldian. Uztarriak proiektua lortzerik izan du, eta bertan, Loiolako Santutegiaren inguruan hainbat aldaketa aurreikusten dira. Hala nola, Loiolako Santutegia eta egoitza berria finkatuko dira. Katalangoa baserria, aldiz, antolaketaz kanpo geldituko litzateke, eta baserria botatzea aurreikusten da, berdeguneak zabaltzeko. Loiolatxo, jostundegia eta honi atxikirik dagoen eraikina ere —oroigarriak saltzen diren denda dagoena— antolamenduz kanpo jotzen dira, eta hauek bota eta orduan hutsik geldituko litzatekeen lur sailean aparkaleku bat egitea aurreikusten da. Urola ibaian zubi berri bat eginez, santutegiaren atzealdeko aparkalekura sarbide berri bat egokitzea ere jasotzen da erabakian. Eta, errepide sareari dagokionez, Azkoititik Azpeitirako errepidean glorieta bat egitea adierazten da. Loiolatik Egibar baserriraino berdegunea luzatu eta bidea oinezkoentzat egokitzea eta museoa handitzeko aukera biltzen ditu erabakiak, besteak beste.
"TURISMORA ZUZENDU"
Antolamendu honen helburu nagusia inguru hori "turismora zuzentzea" da. Aldundiko erabakian adierazten denez, as-moa "Loiolako Santutegia eta bere ingurunea behin betiko egituratzea da, eraikinaren monumentu izaerak eskatzen duen moduan; eta santutegia edonongo turismo erlijioso eta kulturala hartzera ematearekin batera, Azpeitiko zein inguruko herrietako biztanleriaren hedapenerako erabiltzea".
Foru Aldundiko Gurutze Arrieta hirigintza departamentuko langileak Uztarriari esan dionez, "lur eremu honetako Arauen Aldaketa onartuta geldituko da behin betiko, eta, bertan adierazten den bezala lur eremu honi dagokion Plan Berezi bakar bat egin beharko da. Plan Berezia onartzeko arauen aldaketaren prozedura berbera jarraitu beharko da". Loiolako Santutegiaren inguruan aurreikusten diren aldaketetan ez da zehazten aurrekontua, ezta diru iturria ere. Beraz, Plan Berezian jaso beharko dira zehaztasun hauek. Gurutze Arrietak dioenez, "Plan Berezia egiteko ez da epe mugarik izaten". Loiola auzoko biztanleek diotenez, urteetan entzun izan dute "zenbait baserri eta eraikin botako dituztela eta aldaketa handiak" egingo direla bertan, eta badirudi gauzatuko egingo dela hori.
UDALEAN
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaiaren inguruan erabakia hartu aurretik, aurreneko pausoak Azpeitiko Udalean eman ziren. Iazko maiatzeko eta ekaineko udal batzarretan asmoari hasierako onarpena eman zitzaion, eta jendaurrean erakusgai egon ondoren, inolako alegaziorik ez zen jaso. Iazko urriaren 2ko udalbatzan behin-behineko onartu zen, eta, ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundira bidali zen espedientea, bertan behin betiko onartu ahal izateko. Eta onartu da dagoeneko.
Udalak Loiolako 24. lur eremuaren inguruan sustatutako espedientearen helburua, berriz, "lur eremu honen muga berriak jarri eta eremu honen barruan gelditzen den Egibar baserrian dagoen museoa handitzeko aukera izatea da". Horretarako, Azpeitiko Udalean lur eremu haren erreserba handitzea ere aurreikusi zen.
|