Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Ekaina »  Iritziak »  Webeko eztabaida

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : albistiei erantzunez

Webeko eztabaida

Uztarria Kultur Koordinadoraren web guneko 'albisteak' atalean Garmendipe futbol zelaiaren erabilpenari buruz sesioan ibili da herriko jende ugari. Hona hemen gutun sorta bat:

Garmendipeko futbol zelaia norentzat?

Jakina da Azpeitian futbol zelai ederra dugula, eta bat baino gehiagorentzat harrotzeko arrazoi bat ere badela. Baina beste gauza bat da norentzat den hain zelai ederra.

Udalak orain gutxi gazteentzako aisi lekuetako bat bezala aurkeztu du herriaren aurrean, baina hori ez da errealitatera hurreratzen. Zelai hori Lagun Onak Futbol Taldearentzat bakarrik da eta hori urte osoan pairatu dugu Ikasberriko Futbol Taldekook.

Astea joan, astea etorri zelai eder horri begiratu eta alboko hondarrezko (harri eta hauts) futbol tokian jolastu behar izan dugulako. Talde aurkariaren betiko galdera: "Horrelako futbol ze-laia eta nola jolasten duzue zuek hemen?".

Gure galdera ere horixe da eta tokatzen zaionari luzatzen diogu. Lagun Onak-ek adinako eskubidea dugu futbol zelai horretan jolasteko, herriarena da zelai hori eta gu ez al gara herritarrak? Egia da ez dugula Hirugarren Mailan edo Preferenten jolasten, baina gure ilusioak eta gogoak maila guztiak gainditzen ditu.

Denboraldi honetan, gehienez astean hiru partidu jolastu dira Garmendipen eta horrelako zelaia izanik iruditzen zaigu probetxu handiagoa atera diezaiokegula. Ez dugu beste mundukorik eskatzen, ez bertan entrenatzea eskatzen, astean edo bi astean behin pare bat partidu jolastea eskatzen dugu.

Beraz, hau guztia esanik eta gauzak argi utziz, Ikasberriko Futbol Taldeak esan nahi du hurrengo denboraldian gure eskubidea den bezala, Garmendipeko futbol zelaian jokatuko ditugula gure neurketak. Ez zaigulako horren zaila iruditzen akordio batera heldu eta Lagun Onak eta Ikasberri taldeen, biek, Garmendipeko futbol zelaian jokatzea partiduak.

Ikasberri Futbol Taldeko kideak

Denon artean adostua

Ez nekien herriko beste futbol talde bati ez zitzaiola zelaia uzten. Zenbat eta gazte gehiago ibili futbolean hobe! Harrobia egiten ariko gara. Era guztietako gazteek kirola egitea baino hobeagorik ba al da? Denontzako lekua badago. Herrian dauden elkarteak daudela, zelaia denona da eta denon artean adostu beharko da erabilera. Animo bada eta adostu!

Lagun Onak-eko zale zaharra

Belar artifizialdun zelaia

Ez dakit zer irizpide dituen Lagun Onak-ek zelaia erabiltzeko, baina, kanpotik begiratuta, ez da gai erraza. Ikasberrikoek ere edukiko dute igual eskubidea Garmendipe erabiltzeko, ez dut esango ezetz. Ikasberrikoei galdera pare bat:
- Neurtu al duzue astean zenbat taldek jokatzen duten Garmendipen? Alegia, kadeteek, jubenilek, partidu denak han jokatzen al dituzte?
- Aurrekoarekin lotuta, egia da zelai ederra dagoela herrian, baina zelaia eder egoteko partidu gutxi jokatzen dituzte zelaian. Ikasberriko jubenilek, neskek... zelaian jokatuko balute, Lagun Onak-eko jubenilek, neskek, kadeteek... ere orduan zelaian? Astero hiruzpalau partidu Garmendipeko zelaian? Neguan ere bai? Eta euria egiten duenean? Berriro diot: gai konplikatua da. Gaur egun, baseko futbola bultzatzeko politika egokia egin nahi bada, ezinbestekoa da gazteek beste era bateko zelaiak eskura izatea —belar artifiziala, esaterako—, eta han ikastea futbolean. Izan ere, herrian belar naturala duen zelaia eder mantentzeko, zelaia jende gutxik zapaltzea komeni... Eta talde denek badute han jokatzeko eskubidea, orduan ahaztu zelaia eder edukitzearekin... Herritarrentzat, gazteentzat, Lagun Onak-entzat, Ikasberrirentzat..., denentzat onena litzateke belar artifizialdun Garmendipe bat edukitzea, denentzako zabalik eta eskuragarri.

Joxe

Nola egin liteke?

Arazo handi bat dago Azpeitian: arlo batzuetan plangintza zabal baten falta. Hau da, badira arlo batzuk herrikoak, udala eta herriko taldeak ukitzen dituztenak. Horietako bat da kirolarena; beraz, kirol azpiegiturena. Zer gertatzen da Azpeitian? Gaitz bat dagoela. Taldeak udalari diru laguntzak eskatzera mugatzen dira, eta jasotakoan allakuidau beste guztia(k). Eta udalak ere eskuak garbitzen ditu laguntzak banatutakoan, arazoak besteei pasatuz bezala. Orain Ikasberrik Garmendipen jokatzeko eskaera egiten duela jakin dugu. Ez ahaztu: herriaren zelaia da Garmendipe, eta, beraz, herritarrek erabiltzeko eskubidea dute. Baina zelaia erabiltzerakoan egon behar du antolaketa batek, koordinazio batek. Azpiegitura horren eta futboleko beste azpiegituren plangintza zabal bat behar da. Mahai bat eratu behar da. Bertan kirol plangintza zabal bat egin behar da. Ez soilik futbolekoa, baita beste kiroletakoa ere. Eta herrian ez da egin behar kiroleko plangintza zabal bat soilik; euskarakoa, kulturakoa eta antzeko beste arloetakoa ere bai. Arazo gutxiago legoke.

Zelai

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak