Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Ekaina »  Iritziak »  Pako Aristi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

Azpeitiko berezitasunak aletzen

Pako Aristi

Bertan sortu eta bertan bizi garenok askotan ez gara gure gauza bereziekin harritzen eta konturatzen. Mundua beti horrelakoxea izan dela pentsatzen dugu, eta ondo dagoela. Horregatik, niri asko gustatzen zait kanpotik datorren jendearekin hitz egitea, ea hemengo bizitza nola ikusten duten jakin nahian. Eta dagoeneko bildu dut halako sorta bat.

Azpeitiarrak motz samarrak ote diren esaten duenik badago. Larunbat iluntzean ez, noski. Orduan, zurrutarekin poztuta edota pilulekin piztuta, denak dira hizlari eta sinpatiko, mutilak batez ere. Gehiegi ere bai. Hurrengo egunean kontuak. Arratsaldeko bostetan, egun argitan, ezagutzen da pertsona, eta kanpoko nire lagun bat baino gehiago geratu da harrituta, larunbatean sekulako roiloa sartu eta egundoko konfiantza eman zion hura egun argiz ikusi eta bere ondotik agurrik egin gabe ihesi joaten ikusita. Edo naturaltasuna falta dute azpeitiarrek, edo larunbatetakoa naturaltasun faltsu bat besterik ez da.

Azpeitia igoal izango da Euskal Herrian korrikalaririk gehien dituen herria. Hori bai, footing egiten dute, ez korrika, edo lasterka, edo antxintxike. Eta horrekin batera, beste kirol batzuk egiten dira: pilotan, bizikletan, igerian, pesak... Hemen kirol dendak suerteko daude. Kaitoren telebista adin guztietako korrikalariz betea ageri da egunero. Hemen adina kopa, domina eta diploma ez dira ezta olinpiadetan ere banatuko. Neuk ere badut domina bat, alferrontzi galanta izanik! Hemen, kirolik egiten ez baduzu, arraro begiratzen dizute. Lanean zortzi edo hamar ordu pasatuta, jendea korrikara ateratzen da; tripa kuadro gainera botata, potoloena ere bizikletan joaten da Mandubiaraino. Izerdia botatzea da, nola edo hala, hemengo eginbeharra, gero kubatak lasaiago edateko, elkarteetan lasaiago afaltzeko, txuletak, rabak, kruasanak patxadan irensteko.

Horrekin batera, Azpeitian etxe bakoitzeko bi lagun gutxienez mendira doaz astero. Baina hemen mendira joatea ez da broma: kontua ez da paisajea ikustea, natura sentitzea, arbola azpian irakurtzea; kontua lehenbailehen tontorrera iristea da, hainbat minuturen barruan, oraindik ere sandios zarela demostratzeko zeure buruari. Mendia, azpeitiarrentzat, ez da mendia. Mendia da nork bere buruarekin daukan lehia irabazteko bidea; mendia zahartzaroaren kontrako erantzun bat ematen duen erraldoia da.

Nik uste hemen kirolarekin dagoen harremana ez dela batere sanoa, kirola egitea munduko gauzarik sanoenetzat daukagun arren. Honek eguraldi ederreko igandeetan Amsterdam ematen du: dena zikloturistaz beteak agertzen dira kaminoak, orain inor ez baitoa inora bizikletan, orain zikloturismoa egiten da. Baina inor ezin duzu ezagutu: denak jantzirik koloretsuenekin doaz, betaurreko beltz diseinuzkoekin. Hemen, makalenak ere Cipolliniren antza dauka janzkeran. Hemen, kirola egiteaz aparte itxura ere asko zaintzen baita. Horrek niri ustel tankera gehiago sortzen dit, tankera sanoa baino.

Kiroletarako hobeto janzten da azpeitiarra larunbaterako baino. Kanpoko nire neska lagun batzuek diote hemen adina alkandora koadratu ez dutela ikusi ezta Montanan ere. Aizkolarien alkandorak deitzen diren horiek, karratu gorri, urdin, berde, txuri, beltz eta nahasketa okerragoekin beteak. Neska horiek diote azpeitiarrak oso builosoak direla txispatutakoan. Oihu egiten dute, besoak zabaltzen dituzte, arbola bati heldu behar baliote bezala, elkar bizkarra puskatzeko moduko kolpez agurtzen dute, eta neskak bizkarrean eramango lituzketen bildotsak dira haientzat.

Hona azpeitiarren izaera ezagutzeko balio dezaketen ale batzuk.

HILEKO GALDERA. Zaharrak Aitonenan, umeak Zapo Txokon, gazteak tabernetan; adin bakoitza bere 'ghetto'-an itxi behar al da?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak