|
|
|
Zenbat buru, hainbat abur
: Hausnartzen
Etxebizitzaren alokairua bultzatuko duen eskuhartze publikoa behar da
Mikel Arregi (Soziologoa)
Beti entzun izan dugunez, etxebizitza norbanako orok duen oinarrizko eskubidea da. Baina, praktikan, administrazioek ez dute eskubide hori bermatzen, eskubide sozial hori sistema kapitalistaren oinarrizko legeekin kontraesanean dagoelako. Ondorioz, etxebizitzaren kasuan ere, merkatuaren logika nagusitzen da: merkataritza eta jabetza eskubidea etxebizitza eskubidearen gainetik daude. Eta horren ondorioz ematen da hain famatu egin zaigun etxebizitzaren espekulazioa, eta, neurri handi batean, etxebizitza arazoa. Eta zer da ba etxebizitza arazoa? Bi hitzetan esateko, merkatuaren bidez etxebizitza eskuratu ezina.
ETXEBIZITZA ETA GIZARTEA. Teoria alde batera utzita, praktikan Azpeitian ere etxebizitza arazo latza dugu. Gizartearen gero eta zati handiagoak ezin du etxebizitzarik eskuratu. Dena den, oraindik gazte asko, norberaren ahalmenetik gora dauden etxeak erosten ari dira, hauetako gehienak gurasoen laguntzarekin. Alabaina, guztiek zorte hori ez izateaz gain, urteak aurrera joan ahala, koltxoi lana egingo duten gurasoak gero eta gutxiago izango dira, eta gero eta gehiago izango dira etxebizitzarik eskuratu ezingo dutenak. Eta honek erabat baldintzatuko du gure herriko etorkizuneko gizartea.
Izan ere, etxebizitza arazoak izugarrizko eragina du gizartean. Definizioz, etxebizitza, gizarte mailan funtsezko elementua da: norberaren bizileku izateaz gain, familiko eta lagunarteko harreman askok etxebizitza dute oinarri. Horrez gain, gurasoengandik emantzipatzeko funtsezko tresna izateaz gain, gero eta gehiago aisialdirako gune bihurtzen ari da. Imajinatu, beraz, funtziok betetzen dituen etxebizitza gizarteko zati handi batek eskuratu ezina.
Gizartean ematen den dualizazioak ere, gero eta gehiago, etxebizitza du oinarri: batetik, lan finkoa eta etxebizitza duen jendea dago; eta bestetik, lan baldintza txarretan dagoen eta etxebizitzarik ez duen jendea. Gizartea zatitzeko tresna bilakatzen ari da, beraz, etxebizitza.
Baina zer dela-eta ematen da etxebizitza arazoa? Arrazoiak aztertzen hasteko, oso urrutira begiratu beharrik ez dugu. Gure inguruan ditugun administrazioek, herritarren dirua herritarren onerako erabili beharko luketen horiek (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Azpeitiko Udala) darabilten etxebizitza politikaren helburua ez da etxebizitza premia konpontzea.
ADMINISTRAZIO POLITIKA, PREMIA KONPONTZEKO? Azpeitiko Udalaren etxebizitza politikak (inguruko beste administrazioenak bezala) eskariari (eta ez premiari edo benetako beharrari) erantzuten dio. Zer dela-eta ari dira atzeratzen hain presaka iragarri zituzten "Babes Ofizialeko Etxebizitzak"? Ez ote 40 milioi pezeta (edo 24.000 euro) balio duten etxeak oraindik saltzeko daudelako? Etxe hauek denak saldu arte ez ote ditugu "Babes Ofizialeko Etxebizitzak" izango?
Horren guztiaren eraginez, gaur egun Azpeitian etxebizitzak erosten edo eskuratzen ari diren askok ez daukate etxebizitza eskuratzeko premiarik. Askok, lehengoa baino etxebizitza handiagoa erosten dute, lehengoa hutsik utziz. Horrekin ez dut esan nahi ahal duenak etxe hobeago bat erosi behar ez duenik. Norberak bere diruarekin nahi edo ahal duena egiten du. Baina administrazioek bai egin dezaketela zerbait, egoerari buelta ematen hasteko, premiari erantzuten hasteko.
Azpeitian etxebizitza premiari erantzun egin behar zaio, orain hain oparo dirudien herri hau, etorkizun hurbil batean, husten hasi ez dadin. Horretarako, lehenik eta behin premia aztertu behar da. Zeintzuk dauden etxebizitza premian, haien egoera, ahalmen ekonomikoak... Premian daudenetatik zenbatek bizi asmo duen bakarrik, zenbatek bikotearekin, zenbatek koadrilan, zenbat elbarri dauden premian, zenbat egongo liratekeen prest etxebizitza bat alokairuan eskuratzeko. Etxebizitza politika egoki bat martxan jartzeko hau dena aztertu behar da.
Baina egoera aztertuta soilik ez goaz inora. Egoerari buelta ematen hasi behar da; bestela, pixkanaka, etxeak, kaleak, ikastetxeak, parkeak husten hasteko arriskua baitago.
Horretarako bidea: alokairua bultzatuko lukeen eskuhartze pu-blikoa. Alegia, Azpeitiko Udalak alokairuaren aldeko apustua egin behar du. Etxebizitzaren espekulazioarekin bukatzeko bide egokiena, etxebizitzak alokairuan eskaintzea delako. Bestela, etxebizitzak merkantzia hutsa izaten jarraituko du.
Eta zergatik alokairua bultzatu? Motzean esanda, alokairuaren presentzia handiagoak edo txikiagoak ondorio sakonak dituelako herritarrek etxebizitza eskuratzeko ahalmen errealean. Europako herrialde ezberdinetako errealitateek erakusten dutenez, alokairua indartsu dagoen lekuetan etxebizitza premia txikiagoa da. Alokairuak zenbat eta indar gehiago izan, orduan eta errazagoa da etxebizitza eskuratzea.
Eta alokairua indartzeko, Azpeitiko Udalak egin ditzakeen pare bat gauza bururatzen zaizkit: batetik, egin behar omen dituen "Babes Ofizialeko Etxebizitzak" epe luze baterako alokairu merkean eskaintzea (jabetza udalaren esku); bestetik, hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko leudekeen aukerak aztertzea (hutsak identifikatu, jabeekin hitz egin eta alokatzeko laguntza eskaini).
Alokairurako etxebizitza parke zabal eta egokia izateak, ekonomia mailan ez ezik, gizarte mailan eta ingurugiro mailan ere abantaila argiak ditu. Benetan etxebizitza premiari erantzun nahi ba-zaio, alokairuaren bideari heldu beharko zaio. Baina, noski, horretarako ere borondatea behar da, ezta hala?
|