|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: hausnartzen
Kontsumitzaileen kezka etxebizitza da
Mila Urzelai (Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko teknikaria)
'Etxebitzak Azpeitian'. Etxebizitza eskubide izanik, bermatzen al da? Babes ofizialekorik behar al da? Etxebizitza hutsekin zer egin? Alokatzeko aukeraz zer?
Iaz ireki zen Azpeitian kontsumitzaileentzako informazio bulegoa, eta 80 kontsulta izan zituen 2001ean. Gehienak, %30 (24 kontsulta) etxebizitzari ingurukoak izan ziren.
Etxebizitzari lotutako informazio eskaeren inguruan bi talde bereiziko genituzke. Bata, bizilagunen komunitateei lotutakoa da. Kasuotan etxebizitzako bizilagunen arteko tira-biren inguruan galdezka etortzen dira eta arautzen dituen legea jabego horizontalaren 8/1999ko legea da. Edota estatutuak edukiz gero, horiek begiratu beharko dira. Etxe zaharretan normalean ez dituzte estatuturik, baina, egun, ia etxebizitza denek dituzte, eta bertan zehazten denari kasu egin behar da.
Bigarren taldean etxebizitzen salerosketaren inguruan aholku eske datozenak dira. Baina kasu desberdinak dira, etxebizitza bera dagoeneko eraikita izan edo egitear denean. Eginda dagoena edo bigarren eskuko bat erostean, kontuan hartu behar da: etxebizitzaren kokalekua eta ezaugarriak zeintzuk diren. Udaletxean begiratu egin behar da inguru horretan proiektu berririk egitekoak diren. Erostera goazen etxea tekniko batek ikustea. Erregistrotik pasatzea ere komeni da jakiteko, etxebizitza horrek zer karga dauzkan. Eta komunitateko kuotak eta gastuak ordainduta eta arauei gainbegirada bat ematea ere garrantzitsua da.
ETXE BERRIEN KASUAN. Etxe berria baldin bada, berriz, erosleak kontratistari aurrerapen bat ordaindu ohi dio. Eta kontratistak diru horiek aseguru etxe batekin edota banketxeko abal batekin aseguratuta eduki behar ditu, eta horretarako aparteko kontu bat izan behar du kontratistak. Hori begiratu beharra dago; kontratistari emandako diru hori ziurtatu behar da gainera erositako etxebizitza berria finantzatzeko erabiliko dela. Kasu hauetan, sarritan arazoak izaten dira epeekin. Guk beti gomendatzen dugu kontratu bat sinatzen denean, adierazi egin behar dela bertan noiz bukatuko den etxebizitza. Honela, epea bete eta bukatu gabe baldin badago, bide eta neurri desberdinak hartzeko aukera baitago.
Beste kasu batzuk ere gertatzen dira; hala nola, etxea erosi eta bukatu ondoren akatsak izatea. Kasu horretan konponbidea eskatzen hasteko epea nahiko motza da: etxebizitzak egitearen lizentzia 2000ko maiatzaren 6a baino beranduagokoa duten etxebizitzetan urtebetekoa baita.
Etxeak eraiki eta hamar urte arteko epea izaten da eraikinean bertan arazorik edo akats larririk balego jabeak kontratistari erreklamatzeko. Baina kasu hauek aurrera eramateko tekniko baten edota batzuen txostena izatea komenigarria da, etxebizitza eraiki zen uneko akatsa dela ziurtatzeko.
Etxebizitzaren alokairuaren inguruan ere informazio eske etorri izan da jendea. Kezka nagusienak etxebizitzari berari dagozkion ordainketen ingurukoak dira. Kontribuzioa, konponketak, komunitateko gastuak eta abar, etxe jabeak edota etxea alokatuta daukanak ordaindu behar dituenaren kontuak sortzen ditu buruhauste gehien.
|