Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 3,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Ekaina »  Iritziak »  Alaitz Olaizola

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gai Librien

Iraganekoak oraingo gogoan

Alaitz Olaizola

Bat-batean izan zen. Urte asko igaroak zeuden azkena ikusi nuenetik, hamar bat urte oso oker ez banago. Eta bat-batean izan zen, bai, lorik hartu ezin nuen gau horietako batean. Gogaiera unea izan ohi da ohean loak hartu ezin eta biraka ibiltzen garenekoa eta horietako batean etorri zitzaidan burura. Francaz oroitu nintzen eta hamar urte baldin banengoen bera ikusi gabe, bederatzi oroitzen ez nuela. Eta kontua da, ez nuela arrazoi zehatz bategatik gogoratu. Adiskidetasuna eta denboraren igarotzearen artean egon zitekeen harreman posibleaz pentsatzen ari nintzen, horrela, modu abstraktu batean. Nola igarotzen dugun bizitza jendea ezagutu eta ezagutu, nola horietako zenbat etorri bezain pronto desagertzen diren, nola horietako askorekin inongo harremanik ez den lortzen, nola berauetako askoren berri izan arren, batere axola ez zaizkigun... eta nolaz nola, garai batean adiskide izandakoen arrastoa galtzean, eta denbora igarotzean, utzitako aztarnen bila lorik hartu eziniko gau horretan nola abiatu nintzen sentitu nuen.

Franca bezalako pertsona bat Azpeitian ezagutzea harrigarria egiten zitzaidan duela hamar urte. Italiarra zela badakit, baina ez dakit nondik zetorren, ezta nora zihoan ere. Lagun batzuen etxean hartu zuen ostatu eta denbora gutxian jende asko ezagutu zuen, tartean ni. Hain erraza zen Francarekin gustura egotea... Beti logureak gogoratzen dut baina umoretsu eta goxo. Egunez ere hegan egitea gogoko zuen gautxoria zen Franca Panizza.

Mundukoa zen orduan eta halaxe jarraituko duelakoan nago. Gehienetan ere sosik gabe poltsikoan baina zoriontsu, ezer gutxirekin zoriontsu. Bi une gogoratzen ditut bereziki harekin. Bata triste nengoen batean kontsolatu ninduenekoa, eta bestea, eta bereziena, kitarra soinean hartuta "un vequio y un banbino" abesten zuenekoa. Lau akorde baino ez zekizkien jotzen eta modu traketsean gainera, baina hark jartzen zuen gogoa eta borondatea... Abestia ikastera iritsi nintzen.

Alde batetik bestera jarraituko du Francak makutoarekin bizkarrean eta hori da kontua! Hura Azpeititik aldegin eta gero, bere eskutitz bat jaso genuen eta ez nago oso seguru erantzun genion edo ez baina izandakoa izanda ere, urteak dira hartaz ezer ez dakidala eta modurik ere ez daukadala. Kito, iraun zuena iraun zuen gure adiskidetasunak eta orain, saiatuta ere modurik ez Francaren berri izateko. Gu ez ginen lagunminak eta ez zuen nigan ezer berezirik ere eragin, baina berezia zen eta, beraz, gogoratzeko modukoa. Elkar agurtu genuenean, kremailera puskatua zeukan nire jertse urdin ilun zahar hura oparitu nion. Zenbat aldiz esan ote zidan zenbat gustatzen zitzaion jertse zarpaildu hura...

Franca, oroitu nezakeen adiskide horietako bat baino ez da eta denok daukagu Francaren bat gure bizitzan. Lastima da, denbora gutxian horrenbeste aldatzen dira bizitzak...

Zauden tokian zaudela ere, musu bat Azpeititik Franca!

ESAERA
Denborari denbora darraio

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak