Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Ekaina »  Iritziak »  Ainhoa Odriozola

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : azketako ude

'Azpeitiko martxa ezten lehengue'

Ainhoa Odriozola

Asteburu gauetako martxa asko jaitsi omen da. Alde ezberdinetatik iritsi zait berria. Tabernariak kexu omen dira, koadrilakoen eta ezagunen ahotik ere entzun dut, "hau ezten lehengue", eta nire kabuz ikustea pentsatu eta, zalantzarik ez: hau ez da lehengoa.

Denbora da sistematikoki larunbat gauero irteteari utzi niola. Niri bezala, hirugarren hamarkadan sartu den askori gertatu zaio. Arrazoiak, anitz eta aldakorrak. Adinak zerikusia du, juergarako sasoia galtzen delako, eta bizitza planifikatzen hasten zarelako. Ez da hori guztia. Musikak ere atzera eragiten du, bakallauek dezibelioen poderioz tabernatatik bultzaka ateratakoak mordoa gara. Ezin ahaztu ekonomia: etxebizitzen salneurriak ikusita, nonbaitetik kendu beharko... Kontua da kontsumizioa garestitu dela. Tragoa garesti, presaka edan behar, burrunbarekin elkar entzun ezinda. Horretarako, etxean hobeto.

Gogoan dut, larunbatetan irtetea sakratua zenean, Alemanian ikasten zen lagunak bueltan kontatua: "Han jendeak ez din apenas irteten; etxean juntatzen ditun eta bertan festa". Pentsaezina orduan guretzako, Alemania, Martitz baino urrunago ikusten genuen. Baina euroa etorri da, eta Europa berarekin... Txanponak eta prezioek Europako bizi moldea dakarte, oharkabean baina indartsu. Onerako edo txarrerako norberak juzka dezala.

Tabernarien kexuak eta nahiak errespetagarriak derizkiot, ogibide dute. Jendea urritu eta gaztetxoak nagusitu, negozioa behera. Baina, azken finean, aisialdia igarotzeko era bat da soilik, aukera gero eta zabalagoaren artean. Agian, bezeroaren nahi eta eskari berriei begiratuz egin beharko da lan, garai berrietara egokituz. Agian ez da berriro lehengue izango, baina nik Azpeitian giro jatorrean parrandak botatzeko asmoa ez nuke galdu nahi.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak