Aurrera ekarrita
AGZ-k mahai gainean jarritakoa
Hauxe da Azpeitian Gazteok Zer?!-ek gazte lokalari buruz 2000ko maiatzean eginiko proposamenaren laburpena.
ZERGATIK DAGO BEHARRA?
Ekitaldiak. Herrian hainbat eta hainbat ekitaldi antolatzen dira, baina horrek aurretik lana eskatzen du: bilerak, propaganda... Horrek gaz-te gunearen beharra biderkatu egiten du.
Komunikazioa. Azpeitian gazteon artean koadrillismo handia dago, eta komunikazioa oso mugatua da. Gazteon elkar ezagutza bultzatu nahi dugu; horretarako, denok elkartuko gaituen guneak abantaila asko eskain liezaizkiguke.
Herria bizirik. Herria bizirik nahi baldin bada, ezinbestekoa da gazteria bizia. Gazteok gure aisia antolatu, gauzak sortu eta ikasteko, ezinbestekoa dugu gure kabuz bizitzen ikastea.
GAZTE GUNEAREN IZAERA
Irekia. Zentzu guztietan irekia behar du izan. Gazte ororentzat, edota gazteon arazoen inguruan lan egin nahi duen ororentzat irekia, hain zuen.
Zabala. Funtzionamendua definitzerakoan, herriko gazte denek bere iritzia adierazteko eta garatzeko aukera izango dute.
Autogestioa. Gazteon interes eta sentsibilitate ezberdinak indartu behar dira, autogestiorako baliabideak eskaini.
GAZTE GUNEAREN ANTOLAKETA
Barne egituraketa. Ekintza ezberdinak egiteko gunea izango da. Hala, bilera gelak, almazen bat, eskulanetarako gela... izango ditu.
Funtzionamendua. Taldeetako eta koadriletako ordezkariek osatuko dute batzar irekia. Haien ordezkari moduan, talde eragilea sarriago bilduko da, eta koordinazio lana egingo du. Talde eragile horrek eramango luke aurrera asteroko dinamika.
ESKAERA ZEHATZAK
Gazteei. Eskariarekiko orain arteko atxikimendua, eta inplikazioa.
Udalari. Gazteekin gazte lokalaren proiektua adosteko bilerak martxan jartzeko eskaera.
|