Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 16,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Ekaina »  Gazte Astea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aurrera ekarrita

Gazte gunea aldarrikatuko da Gazte Astean

Iban Arregi

Ekainaren 11tik 15era bitartean izango da Gazte Astea, Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak antolatuta, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte

Azpeitian Gazteok Zer?! Taldeak antolatuta, VI. Gazte Astea egingo da ekainaren 11tik 15-era. Larunbatean, 15ean bertan, Gazte Eguna egingo dute, asteari bukaera emateko. Aurreko urteetan bezala, "gazte gune baten beharra" aldarrikatuko dute herriko hainbat gaztek. Azpeitian Gazteok Zer-eko kideek diotenez, "gizartean gazteen partehartzea bultzatu nahi dugu, eta, horretarako, benetan garrantzitsua da gazteek biltzeko lokalen bat edukitzea". Lokala "bitarteko" bat da gazteentzat, beraz, bestelako helburuak lortzeko. "Gazteok, arazoen aurrean, antolatu egin behar dugu, eta gazteok geure bizia aurrera eramateko baliabideak antolatzeko ahalmena behar dugu. Izan ere, gaurko gizartearen eraginez, gazte mugimenduak ere behera egin du".

2000ko maiatzean gazte gune baten aldeko proposamena egin zien AGZek Azpeitiko Udalari eta herritarrei (ikusi proposamena bosgarren orrialdean). Pasa den apirilean batzarra egin zuten herriko gazteek, AGZek deituta —60 lagun inguru bildu ziren—, eta lana bi norabidetan egitea erabaki zuten, betiere lokalaren aldeko proposamena oinarri hartuta. Batetik, sektore ezberdinak "ukitu" nahi dituzte eta atxikimenduak bildu, "gazte lokalaren gaia ez delako gure arazoa bakarrik". Bestetik, "Azpeitiko Udalak izandako jarrera salatu" nahi dutela diote gazteek, "elkarrizketari uko egin diolako" —bide horretatik, herriko zazpi gazteren kontra abiatzear den epaiketa ere "salatu" nahi dute Gazte Egunean—. Aldarrikapen horiek denak bilduko ditu Gazte Astean.

Gazte lokalaren gaiaren inguruan "tentsio handia" sortu dela diote AGZeko kideek, baina haiek "udalarekin hitz egiteko prest" daudela, "benetan arazoari eusten bazaio". Bi aldeen inplikazioa "beharrezkoa" dela diote. "Oraingoz, baina, elkarrizketarik ez dago, udalak hitz egin nahi ez duelako". Uztarriak gaiaren inguruan galdetu dio Azpeitiko Udalari, baina hark ez dio erantzun. Dena dela, eta aurtengo Txikiteo Elegante Egunean mamuz jantzitako gazteen eta alkatearen koadrilaren artean izandako liskarren ondoren, hauxe esan zuten EAJ-EA koalizioko zinegotziek: "Ez dugu inolako presiorik onartuko, eta irtenbiderako elkarrizketaren bidea defenditzen dugu".

Ekitaldi ugari
Gazte Astean ekitaldi ugari izango da; larunbatean, besteak beste, futbito txapelketa finalak jokatuko dira, herriko plazan, hilaren 15ean, 14:00etatik aurrera —aurten eguerdi partean jokatuko dira finalak, eta ez arratsaldez, egun horretan manifestazio zabala egitekoa delako Bilbon, 17:30ean, Batasunaren ilegalizazioaren kontrakoa hain zuzen—. Seigarren urtea da Azpeitian Gazteok Zer?!-ek futbito txapelketa antolatu duena, eta aurten 220 herritar inguruk parte hartu dute; 22 taldek denera. Gazte Astean zehar jokatuko dira kopako eta ligako finalerdiak, Betharrametako ikastetxean.

Ohi bezala, larunbat iluntzean afaria egingo dute azoka plazan futbito txapelketan parte hartu dutenek eta gainontzekoek.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak