Politika
Euskal karneta ateratzeko aukera
Nerea Uranga
Nahi duten azpeitiar guztiek EHNA eskatzeko aukera dute udaletxe azpiko harrera bulegoan; ekainaren 1ean inauguratu zen bulegoa
Ekainaren 1ean, eguerdian, inauguratu zen herrian EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormen Agiria) ateratzeko Azpeitiko bulegoa. Bulegoa udaletxeko harreran dago, eskuinaldeko ate txikitik sartu eta bertan. Inaugurazio ekitaldia jai giroan egin zen, eta Udalbiltzako talde eragileko ordezkaritza (Batasuna, AB eta alderdi independente batzuetako zinegotziek osatzen dutena) ere izan zen. Dantzariak, txalapartariak eta bertsorik ere izan zen ekitaldian. Eta garrantzitsuena: azpeitiarrek EHNA eskaera egiteko aukera daukate jadanik.
Azpeitiko Udalean ezohiko osoko bilkurak Bai Euskal Herriari herri mugimenduak eginiko eskaera onartu eta hilabetera ireki da, hain justu, EHNA tramitatzeko bulegoa. Bai Euskal Herriari herri ekimenak Azpeitiko Udalari egindako eskaerak, laburbilduta, honakoak izan dira: Azpeitiko Udalak EHNA tramitatzea; Udalak horretarako baliabideak jartzea; eta, dokumentu publikoa izanik, horren benekotasunaren fede ematea, baita udal ondorioetarako ere. Mozioa Batasunak aurkeztu zuen, eta bere zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko eta EAko zinegotzien abstentzioarekin onartu zen.
BESTE MOZIOA.
Udalba-tzan, gai honekin lotuta, beste mozio bat aurkeztu zuten EAJ-ko eta EAko zinegotziek: Udalbiltzari (EAJko eta EAko udal zinegotziek osatzen dutenari), ENAren (Euskal Nortasun Agi-ria) gaiari buruzko "azterketa sakon bat egiteko" eskatzea proposatzea. Mozio hori EAJko eta EAko zinegotzien aldeko botoarekin eta Batasunekoen abstentzioarekin onartu zen.
Bai Euskal Herriari herri ekimenak Azpeitiko Udala "eskertu" egin du erabakia hartu ondoren. Baina, udalbatzan gaia aztertzen hasi ziren unean sortutako eztabaida kritikatu du. "Bilkuran Udalbiltzaren barne funtzionamendu desegokiaren inguruan sorturiko eztabaida salatu nahi dugu. Interes partidisten gainetik euskaldunon eskubideak gauzatzeko urratsak emateko ardura Udalbiltzarena delako", diote Bai Euskal Herriarikoek.
|