Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Ekaina »  Lehorreko arraunlariak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erreportaia : Batelariak

Lehorreko arraunlari parea

Nerea Uranga

Lehorrekoak baina arraunlariak. Ione Etxaniz eta Ane Goenaga herrikideak aurten Zumaian aritu dira batelari. Parrandako lagunarteko erronka bati aurre egin ondoren hasi ziren arraunean

 
 
 
 
 
 
 

Larunbata da, arratsaldea, eta Zumaiako Aita Mari Arraun Elkartearen egoitzan bertan daude Ane Goenaga eta Ione Etxaniz azpeitiarrak. Euria ari du, gogoz gainera, eta biak arraun egitera doaz, entrenatzera, elkarteko batelari baitira. Autoz etorri dira Azpeititik, biak ere kirol poltsekin. Uxoa zumaiarrak eta hirurek azkeneko bi asteetako errepasoari ekin diote. Bi aste baitira bateleko denboraldia amaitu dutela, eta harrezkero atsedenean egon dira, entrenamenduak utzita, estropadak bukatu on-doren. "Lo eta lo besterik ez dut egin egun hauetan, neka-neka eginda bukatu bainuen denboraldia", dio Ionek. Uxoa zumaiarrak, berriz, medikura ere jo omen du. "Burukomin izugarriak izan ditut; medikuak esan dit entrenamenduak bat-batean utzi izanak eragindakoak izango direla". Egoitzako beheko solairua traineruz, batelez beteta dago, eta guztiak dira gorriak, bat izan ezik; normala, Zumaian baikaude. Aita Mari traineruetako entrenatzaile batzuk eta arraunlari anitz dabiltza, harat eta honat, traineru artean.

Denboraldia bukatu dute neskek, baina taldea batelean arraun egiteko geldituta dago aspaldiko partez. Aurten nesken bi talde besterik ez dira jardun Aita Mariren koloreekin. Bata gaztetxoena eta bestea senior mailakoa. Azken talde hori sei neskek osatzen dute: Ane Goenaga eta Ione Etxaniz azpeitiarrek beraiek, Uxoa Gainza eta Oihana Agirre zumaiarrek, eta Agurtzane Berasategi eta Miren Azkue azkoitiarrek. Bat ordezkoa da.

Ione patroia da. Untziko arinena izan ohi da patroia, eta honen lana batelariei aginduak ematea, batela zuzen eramatea eta ziabogak hartzea da. "Eta, gainontzean, garrasika ibiltzea", Ionek dioenez. Erritmoan batasun bat emateko garrasi berezia dute patroiek, eta, gainera, denek desberdina. "Nik ttau-ttau esan ohi dut; lehenarekin arrauna sartzeko batelariek eta bigarrenarekin ateratzeko". Anek dioenez "kantari-kantari ibiltzen da Ione. Gainera, meritu handia du, bi hilabetean ikasi zuen-eta patroiaren lana".

Zumaiako Aita Mari nesken taldean barrualdekoak gehiago dira kostaldekoak baino. Nolatan? Parrandako arrazoiak denak ere. "Arraunlari batzuk ezagutzen genituen, eta jaietan topo egiten genuenean elkarri adarra jotzen aritzen ginen. Baietz arraunean hasi eta... Iazko Saninazioetan hitzordua jarri genuen arraunean saio bat egiteko. Irailaren 3rako geratu ginen, Zumaian. Lagunek uste zuten ez ginela azalduko, baina gu hantxe agertu. Batela atera, arraunak hartu eta lehenengo proba egin genuen. Azpeititik, koadrilatik lau neska joan ginen. Beraz, parrandatik arraunlari izatera pasatu ginen", dio Anek.

Hasiera haietan Stephane Urbieta zuten patroia –gaur egun entrenatzailea dute—, eta Ione eta Ane arraunean aritzen ziren. Baina hauek ez dira batelari izatea zer den jakin duten azpeitiar bakarrak; izan ere, biekin batera beste sei neska azpeitiar ere aritu ziren denboraldiaren hasieran. "Lau lagun hasi ginen, eta gero taldea osatzeko jendea behar eta gehiagok ere probatu zuten; gero utzi egin zioten, ordea. Batzuek probatu besterik ez zuten egin, eta beste bik entrenamenduak asteburuetan egiten hasi ginen arte jarraitu zuten", kontatzen du Ionek.

Batelari hasteko lehen pausoak parrandako kontuak izan baziren ere, behin arraunaren munduan sartzen joan diren heinean, parranda gutxi egin dute biek. "Denboraldian festa gutxi egin dugu. Bakarren bat egin badugu, txikia, oso txikia izan da", diote.

Arraunean probatu eta jarraitzea erabaki zuten azpeitiar gazteok. Entrenamenduak, lanetik atera eta gero izaten zituzten, 20:30ak aldera. "Lanetik atera, autoa hartu eta Zumaiara etortzen ginen, bi ordu eta erdiz entrenatzeko. Autoa hartu eta etxera bueltan, 23:00ak aldean. Iritsi, afaldu eta ohera".

Hasieran, astean bitan gimnasioan eta beste bitan uretan entrenatzen ziren. "Batelarekin uretara ateratzeko taldea osatzen ez ginenean, edota oso eguraldi txarra egiten zuenean, egoitzako ur putzuan aritzen ginen". Baina hor arraunean aritzea ez dute gustuko, "aspergarria baita, nekagarria eta, gainera, eskuak txikitu egiten dira". Gimnasioa ere ur kirolen eraikinean dago, eta hasieran han lotsa ederrak pasatzen zituztela dute gogoan. "Han pisuak egiten genituen, eta izugarri gogorra zen. Hasieran burdina pisurik gabe hartu eta bi eskuekin batera altxatuz entrenatzen ginen, mutilez inguratuta; eta mutilak, bien bitartean, burdinaren alde banatan izugarrizko pisua hartuta".

ESTROPADAK
Irailean ekin arraunari eta otsailean hasi zen estropaden denboraldia, eta sasoi horretan astean lautan entrenatzen ziren, eta asteburuan estropada. "Estropada hurrengo eguna jai izaten genuen, atsedena hartzeko". Garai horretan bi neska batelariok jana eta loak ere kontuan izan dituzte. "Estropada aurretik jatekoa-eta zaindu egiten genuen, estropada baino hiru ordu lehenago gosalduz edo bazkalduz. Gainontzean, dietarik-eta ez dugu egin. Gero, estropada bezperan, gutxienez zortzi ordu lo egin beharra izaten genuen".

Lehenengo estropada Orion izan zuten. "Gure helburua Orion estropada bukatu ahal izatea zen. Oso urduri joan ginen". Erlojuaren kontrako estropada zuten han, eta minutuko tartean banan-banan batel bat atera eta denbora onena egiten duenak irabazten du proba honetan. "Erlojupekoan ez dugu jakiten zenbagarren postuan goazen. Eta Orion, bukatu, bukatu genuen estropada. Ikusleen artean lagunak genituen, gu animatzera joanak, eta haiek komentatzen ziguten beraien ustez aurreneko postuan egin genuela. Eta epaileak sailkapena jakinarazi zuenean, guk irabazi genuela esan ziguten. Lehenengo estropada eta lehen postuan egin genuen. Denak benetan emozionatuta gelditu ginen", diote.

Denboraldi guztian bost batel ibili dira lehian: Aita Mari, Fortuna (Donostia), Illunbe (Trintxerpe), Hernani eta Zarautz. Denboraldiaren hasieran Ligan aritu ziren. Eta bukaeran Gipuzkoako eta Euskal Herriko Txapelketa izan dituzte; Gipuzkoakoan hirugarren bukatu dute Aita Marikoek, Euskal Herrikoan laugarren.

JARRAITZAILEAK
Estropadetan eta entrenamenduetan animorik ez dute falta izan. Lagunak, etxekoak eta mutilak ere jarraitzaile izan dituzte denboraldi guztian. Ioneren hitzetan, "bateletik, jendea goian, ikuslegoaren artean animatzen ikusteak asko motibatzen du, eta hori asko da".

Aita Mari Arraun Elkartean ere "era berezian" tratatzen dituztela diote neskek. "Aita Mariko arraunlariek, entrenatzaileek eta denek tratu berezia eman digute, laguntza faltarik ez dugu izan. Izugarri lagundu gaituzte. Lehenengo estropada irabazi genuenean, Zumaiara itzuli eta denak zain genituen zoriontzeko".

Denboraldia apirilean bukatu zuten. Orain oporretan daude, arraunean egin gabe. Baina, kostaldetik, itsasertzetik pasatzean uretara joaten zaie begirada. Traineruren bateko arraunen mugimenduaren atzetik. "Orain gehiago erreparatzen gara, nola ari diren arraunean, zer mugimendu egiten dituzten", diote. Baina datorren denboraldian berriro arraunari ekingo dioten galdetu eta ez dute erantzun ziurrik eman nahi. "Ez dakigu oraindik zer egingo dugun, jarraituko dugun ala ez. Nahiko gogorra da. Entrenamenduak, lanetik atera eta autoa hartu eta Zumaiara, asteburuak ere horretarako behar dituzu, dena eman behar duzu eta norberarentzako ez da denborarik gelditzen. Dena den, udan jai dugu. Mutilek, ordea, urte osoan hilabete bakarra izaten dute jai", diote. "Gu izan garen parrandazeleekin eta arraunean hasi ginen bada...". Agian, aurtengo Saninazioetan, arraunlari lagunek beste erronka bat jarri eta bigarren denboraldiari ekingo diote, Urola ibaiak urak itsasoratzen dituen herrian, Zumaian. Bi azpeitiarrak batelean itsasoratzen diren leku berean.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak