Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 23,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Maiatza »  Iritziak »  Aitor Azpillaga (Elkarriko kidea)

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : zer diyo?

Bestearen lekuan

Aitor Azpillaga (Elkarriko kidea)

Bake Konferentzia aurrera doa. PSE-EE-ren martxoko ezohiko kongresua dela eta, ekainaren amaiera aldera arte luzatu da, gainera, eta horrek proiektu osoa sendotzea eskatu du. Orain artekoaren balantze positiboak aurrera jarraitzeko agintzen digu.

Ekimen hau osatzen duten lau proiektuetan (hitza, folioa, liburua eta dossierra), bada eztabaidak aurrera eramatean praktikan jarri nahi izan den metodologia bat. Bai alderdien arteko elkarrizketetan, bai gero liburua osatuko duten eztabaida publikoetan, bai herri eta auzoetako elkarteetako talde bileretan, eta baita banaka nahiz taldean erantzuteko prestatutako galdekizuna erantzutean ere. Metodologia honen ezaugarria zera da: bestearen lekuan jartzea eskatzen digula.

Akordioa posible dela uste eta horretarako elkarrizketa eskatzen dugunok, zer diogu?

Balioko duen adostasunik badago, ezberdinen artekoa izan beharko du, eta, gainera, aurkari politikoen artekoa, eta baita (ustez) etsaien artekoa ere. Baina agian, horrek esan nahi duena guztiz barneratzea ez da horren erraza.

Baliteke horretan laguntzea bestearen tokian jartzeak, euren lekuan, etsaiaren lekuan jartzeak. Taldekide batek zioen bezala, eguneroko elkarbizitzan beti da lagungarria ariketa hau, errealitatea hobeto ezagutzeko tresna bat da. Esan bezala, teknika hau erabili da lehen aipatutako elkarrizketa eta eztabaidetan.

Zenbat aldiz entzun (eta esan) ote dugu denok daukagula arrazoiaren zati bat? Lasai aitortzeko moduko baieztapena dirudi horrek. Benetan sinesten badugu, ordea, zerbait gehiago ere eskatzen digu horrek. Non ote dago bestearen arrazoia?

Geu ere saia gaitezke bere bila. Hona hemen pare bat proposamen lan horretan lagun gaitzaketenak:

  • Interesgarriena proposatu. Zure pentsakeratik urrunen dauden alderdi politikoetan pentsatu. Egiten edo esaten dutenaren artetik, positiboa eta interesgarria iruditzen zaizun zerbait azpimarratu.
  • Jar zaitez euren tokian. Berriro ere urrunen sentitzen dituzun alderdien lekuan jarri. Kontuan hartu euren errealitate eta egoera. Zer da zure ustez alderdi hauek esan dezaketena egungo egoera hobetzeko, beraien ideia eta printzipioak baztertu beharrik izan gabe?

"Zertarako ordea?", esango du norbaitek. Zentzurik ez duela irudituko zaio zenbaiti. Erraza ez dela behintzat esan dezakegu erantzuten saiatu garenok. Bestearen buruan sartzea, bere argudio eta arrazoiak ulertzea... Nahi izanez gero, eztabaida batean bestearen posizioak eta arrazoiak erabiltzen eta defenditzen ere jardun gintezke, nahiz eta ez ados egon, noski.

Ezinezkoa ote da ordea? Beste muturreko horrek arrazoiaren zati bat eduki? Bai zera! Kontuan izan behar da denok garela gu eta besteak, aldi berean (norentzako denaren arabera), eta nork ez du uste norberak baduela arrazoirik?

Kontua ez da besteari arrazoia ematen hastea. Neure printzipio, helburu eta proiektuei uko egitea gutxiago. Baina adostasun batera iritsi behar ba-dugu, norbaitzuk noizbait aurkitu beharko dute gu-txieneko akordioa; bertan nire arrazoiaren zati bat izango da, eta besteen arrazoien zati bat ere bai.

Zer egin dezakegu horren alde gaudenok, alde egoteaz gain hori bultzatzeko?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak