Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 3,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Maiatza »  Iritziak »  Pildain Inmobiliaria

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : hausnartzen

Etxebizitzen eskaintzak behera egin du

Maider Agirre (Pildain Inmobiliaria)

**GAIA:** 'Etxebitzak Azpeitian'. Etxebizitza eskubide izanik, bermatzen al da? Babes ofizialekorik behar al da? Etxebizitza hutsekin zer egin? Alokatzeko aukeraz zer?

Etxebizitzen merkatuan, eskaintza eta eskaria ez datoz bat une hauetan Azpeitian: eskaria handiagoa da eskaintza baino. Hau da, jende asko dabil etxebizitzaren bila, eta gutxi dago saltzeko. Azkenaldian Azpeitian etxebizitza asko eraiki da, baina hauetako gehienak salduta daude. Bigarren eskuko etxebizitzak ari dira pixkanaka-pixkanaka merkaturatzen, baina poliki. Etxebizitzaren merkatuan orain gutxi egon zen mugimendu hori ez dago momentu honetan. Guk uste genuen, etxebizitza berriak saltzen ziren heinean, bigarren eskukoak merkaturatuko zirela, baina ez da horrenbestean gertatu. Jendeak, lehengo etxebizitza hori saldu beharrean, mantendu egin du.

Etxebizitza erosi nahian dabiltzanak denetariko jendea dira: bikote gazteak –lehen etxebizitza erosi nahi dutenak–, edota 50 urte ingurukoak, etxez aldatu nahi dutenak.

Azpeitian eraiki diren etxebizitza berrien ezaugarriak ere aldatuz joan dira pixkanaka. Orain dela bi urte, apartamentuak egiteko joera handiagoa zegoen. Gaur egun, berriz, lau logelako etxeak egiten dira, berdeguneekin, garagearekin edota ekipamenduekin. Eta famili bakarrarentzako etxebizitza adosatuak eta txaletak egiteko joera ere igo egin da. Joera honek etxebizitzen prezioek izan duten gorakadan zeresana dauka. Etxebizitza handiagoak direlako, ederragoak, ekipamenduekin, berdeguneekin etab. Duela bi urtetik etxebizitzen prezioak igoaz joan dira; gaur egun esan dezakegu, goreneko prezio hori mantendu egiten dela. Azken finean, dena zirkulu bat da. Kontratistek etxeak eraiki eta prezio bat jartzen dute; jendea erosteko prest dago eta saldu egiten dira; hauek, lehen etxea bigarren bati saltzen diote, berria ordaindu behar dutelako eta prezio altuan saltzen dira.

Azpeitian, etxea erostekorakoan, bezeroak lekuari berari ere asko begiratzen dio. Dena den, esan beharra dago, Azpeitian ez dagoela leku txar bezala definitu dezakegun zonalderik. Azpeitiarren artean leku estimatuena Loiolabide ingurua da, baina Olazko Amaren plazatxoak eta Hartzubiak eskari handia dute.

Bestalde, etxe bila datozen bezeroak, gehienak, etxea erosteko asmotan datoz. Ez dago etxea alokatzeko ohiturarik. Etxea alokatzeko eskaera egiten duen gehiengoa kanpokoa edota atzerritarra da. Gainera, alokairuak garestiak dira, 50.000-55.000 pezetatik hasi eta 75.000 pezeta artekoak hain zuzen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak