Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 23,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Maiatza »  Iritziak »  Pako Aristi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

Nuarbe, herri bat

Pako Aristi

Nuarbe, itxura batean, herri txiki eta ikusgarritasunik gabekoa da. Pantanoak ez zion batere onik egin: zokoan sartuta geratu zen, horma erraldoi baten oinetan bukatzen den bide hil batek zeharkatua. Bidaiarien pasoa herritik kanpo geratu zen, eta horrek herria moteldu egin zuen. Taberna bat erre egin zen, bestea itxi egin zuten, bat ere gabe geratuz.

Herri baten edertasuna, ordea, ez da bere harrietan bakarrik aurkitzen. Herri bati edertasuna, interesa, bizitasuna, bertan bizi direnek ematen diote, horretarako gai baldin badira. Nuarbek beti izan du edertasun paregabea eman dioen jendea, asko gainera: esportatzeko moduan.

Garai batean otarregintza industria garrantzitsua izan zuen. Espainiako leku askotara eramaten zituzten otarreak, eta Azpeitian trenean sartu eta Zumaiako itsasontzietan baita Europa aldera ere. Nuarbek zoritxar ikaragarri batekin hartu zuen izena eta lekua Euskal Herrian: Anjel Otaegi fusilatu zuen Francok. Abertzaleen eta euren elkartasuna agertu nahi zuten guztien peregrinazio leku bihurtu zen urte askotan. Nuarbek beti besoak zabalik hartu zuen jende guztia. Urte askotan, baita ere, Nuarbe euskara ikastera zetorren jendearen jomuga izan zen. Euskara, Azpeititik zenbat eta urrunago, orduan eta hobeto hitz egiten da. Urrestillan Azpeitian baino hobeto; Nuarben Urrestillan baino hobeto; Matxinbentan eta Beizaman Nuarben baino hobeto. Hori batetik. Eta, bestetik, goraxeago aipatu dugun Nuarberen beso zabaltasunak egin zuen posible, urtero-urtero, Euskal Herriko edozein bazterretatik jendea Nuarbera etortzea. Jende argia eta sinpatikoa baita Nuarbekoa. Bikoteak ere sortu ziren euskara ikastearekin batean.

Baina Nuarbek badu munduaren gailurrera eraman duen beste zeregin bat: sokatira. Asteotan ari dira taldearen sorrerako 25 urteak ospatzen. Sokatira izan da azken urteotako pizgarria Nuarberentzat. Europako beteranoengandik ikasten hasita, askotan nagusitu dira bai Europa mailan baita mundu mailan ere. Garaipen horien atzean dagoen lana eurak bakarrik dakite, zenbat en-trenamendu, zenbat izerdi, sakrifizio, zenbat poltsikoko diru-jartze, nolako amore propioa behar duen 100 biztanleko herri batek maila horri eusteko!

Sokatira izan da Nuarben unibertsitatea eta bidai-agentzia: sokatiran ikasten da lagunartean egoten, elkartasuna, umoreari eusten unerik txarrenetan ere, eta beste gauza asko; sokatirarekin bidaiatu dute mundu guztian zehar, munduko hainbat telebistetan agertu dira, hizkuntzak txapurreatzen ikasi dute, New Yorkeko kale basatietan gauaz ibiltzen, eta beste zenbait kontu!

Etxarriko taldeak Japonen egin zuenak kalte nabarmena egin die nuarbetarrei, eta sokatira munduari orohar. Une txarrak ari da pasatzen sokatira, eta nuarbetarrak ere bai. Urteetan isilik, baina tinko, moldatu dira Espainiako banderarik eta himnorik erakutsi beharrik gabe, beti ikurrinak eta Pays Basque edo Basque Country eta antzeko sinboloak erakutsiz. Orain etorkizuna bera dago jokoan. Eta ez sokatirarena bakarrik. Herri txikien etorkizuna ere jokoan dago aspalditik. Eta Nuarbek bizi nahi du, bizirik egon nahi du datozen belaunaldientzat ere. Bere nortasunarekin bizirik. Bere aberastasunarekin bizirik. Etxe berrien espekulazio zakarrak usteldu du herri askotako nortasuna. Herri txikietako jaietara ez da aspaldi inor joaten.

Herriak bisitatu egin behar dira. Guk gazteagotan bagenuen herriak ezagutzera joateko ohitura. Gaur gazteak ez dira Azpeitiko zulotik ateratzen. Nuarbetarrek nahi dute euren herrira jendea joatea. Ondo hartuko zaituztete. Nuarbe ezagutzen ez duenak zerbait galduko du bere bizitzan.

HILEKO GALDERA. Zubi-Zaharren entseatzen dute rockero gazteek, baina etxe aurrean auto berri-berriak ikusten dira. Rock alternatiboa galdu al da?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak