Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Maiatza »  Iritziak »  Fernando Morillo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gai Librien

Autoak eta tristurak

Fernando Morillo

Gero eta gizarte tristeagoa dugu. Hori ziurtatzen zidan aurrekoan lagun batek, eta erabiltzen zuen argudioa ez zen guztiz kaskarra. Astegunetan asteburuaren zain egoten gara, baina asteburua iritsi eta, nahi baino gehiagotan, zer egin ez dakigula egoten gara. Konpondu nahian, adibidez, hipermerkatuetara jotzen dugu ez gutxitan, ez zerbait erosi behar dugulako, baizik eta denbora-pasa gisa. Edo, hobeto esanda, nola xahutu ez dakigun denbora lehenbailehen igaro da-din. Zer egingo diogu. Kontua da —zehaztu zidan lagunak—, auto mordoa dagoela hiper horien aparkalekuetan, eta kezkagarria den joera omen dute: gero eta kolore itzaliagoak dituzte. Aurpegia arimaren isla baldin bada, autoaren kolorea ere ba omen dugu horren adierazgarri. To. Baina arrautza eta oiloaren auzian, ez jakin: itzalita gaudelako erosten ditugu kolore itzaliak, edo koloreek beraiek itzaltzen gaituzte gu?

Nolanahi ere, eta autoa hizpide hartuta, beste arazo bat mahaigaineratu nahiko nuke. Aurreko batean Donostiara joan ginen hiru lagun. Nire autoa erabili genuen —zaharra eta sobera bihurria, egia esateko—. Halako batean, Donostiako sarreran, pot-pot-pot isil antzeko bat ateratzen hasi zen eta indarrik gabe gelditu zen. Kaput. Jońo. Zeraman abiadura aprobetxatuz nola edo hala baztertzen saiatu nintzen. Ez nuen lortu. Azken pot-pot bat eginez gelditu zen, Anoeta estadiorako bidean (Madril etorbidean), eta bide erdi-erdian. Madarikatu hark ez zuen berriro martxan jarri nahi.

Jode!

Autoa bultzatzea geneukan, hori bururatu zitzaigun lehendabizi. Bultzatu bai, baina nora? Han inguru hurbilean edonon zen oztopo (bazterrekoa autobus-bidea zen, han ezin utzi). Beste txofer guztiak muturbeltz. Normala. Oztopo —eta arrisku!— ginen. Konponbide magikoa bururatu zitzaigun: udaltzaingoari deitu. Munipak etorriko ziren azkarren, eta handik aterako gintuzten. Seguru. Logikoa iruditu zitzaigun laguntza emango zigutela, autoa handik lehenbailehen kentzeko behintzat. Egingo genituen gero egin beharrekoak.

Informaziora deitu eta Donostiako Udaltzaingoaren telefonoa lortu genuen: "Begira, kotxea Madril etorbide erdian geratu zaigu. Baztertzen saiatu ga-ra, baina ezin. Eta zirkulazioa oztopatzen ari gara. Laguntzerik bai?". Munipak, serio-serio, ezin zuela ezer egin. Triangeluak jartzeko eta aseguruari deitzeko. Kaguenlaletxe. Errepikatu egin nion: "Etorbide erdian gaude, ez bazter batean! Nola jarriko ditugu ba triangeluak?". Munipak bereari eutsi zion: "Bai, ulertzen dut baina ezin dugu ezer egin. Deitu aseguruari". Eta telefonoa eskegi zuen. Primeran. Alde positiboa hartu beharko diogu. Hitza behintzat bete zuen: ez zuten hatz txikiena ere mugitu.

Handik atera ginen, eta onik, baina ez munipen laguntzari esker. Barruan dudan ondoeza, ordea, hori ez da oraindik atera. Litekeena da haien eginkizunen barruan ez egotea laguntza mota zehatz hura eskaintzea. Konforme. Baina edonola ere ezin zuen haien zereginen oso urrun egon, eta istripuren bat gertatzeko arriskua zegoen. Zergatik gara gizakiok —gaitza guztiona baita— hain zorrotzak batzuetan arauekin? Alferkeria? Hasierako lagunak aipatzen zuen bizi-tristura?

Nire hurrengo autoak, gustuak gustu, kolore bizienak izatea nahi dut. Badaezpada. Ez dut konturatu gabe itzalita amaitu nahi!

Zertarako arauak, komeni zaigunean erabiltzen baditugu? Nora begiratu, hara horren froga. Tristea!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak