Zenbat buru, hainbat aburu
: amuko zubitik
Azpeitiar gazteak eta aisia
Mikel Arregi
Gaur egun, Azpeitiko gazteek ez daukate aisialdia euren erara antolatzeko gunerik. Gazte baten sozializazioan, oro har, garrantzia handia duten hiru eragile edo agente daude:
Lehenengo bietan, eskolan eta familian, gazteek gizartean nola portatu behar duten ikasten dute, betiere aginte baten menpe. Hi-rugarren agentea lagunartea edo ingurua da, sozializazio agente bezala ikaragarrizko garrantzia duena. Bere ezaugarri garrantzitsuena horizontaltasuna da, autoritate eza; gazteek euren kasa ikasten dituzte portaera arauak.
Nire ustez, gazteek euren bizitza antolatzen ikasteko modu egokiena euren aisialdia autogestionatzea da. Familian eta eskolan nahikoa erakusten diete gazteei ona eta txarra bereizten. Handik kanpo, gazteak berak ikasi behar du egokiena dena aukeratzen; berak ikusi behar du gizarteari zerbait eskaini nahi al dion, eta hori nola egin dezakeen.
Ondorioz, Azpeitian gazte-gune baten premia ikusten dut. Badago gazte-leku bat, baina bertan, gazteak ez dira euren aisialdiaren protagonista nagusi. Gazte-lekuak ez du, familiaren eta eskolaren funtzioez gain, askoz gehiago aportatzen. Behin adin batetik aurrera, beharrezkoa da gazteek euren erara antolatuko duten gune bat.
Ekitaldiak, ikastaroak antolatuko dituzten gazteak behar ditugu; kezkak, arazoak, konponbideak planteatuko dituzten gazteak. Horrek, ondorioz, gizarte aberats bat izan dezagun ahalbidetuko du. Horrek, gazteen aisialdirako alternatiba bakarra parranda izan ez dadin lagunduko du —guraso askoren kezka nagusiari erantzunez—.
Baina tristeena zera da: behar horri erantzun beharko lioketenek, behar hori bera aintzat hartu beharrean, gezurretan oinarritutako epaiketetara jotzen dutela. Eta, nola ez, guztia estaltzeko diru mordoxka gastatu dute batere zentzurik gabeko gauzak esaten diren argitalpen batetan. Edo akaso Nuarbeko pantanoa gazte-gunea da? Kezkagarria, benetan.
|