Zenbat buru, hainbat aburu
: Azketako ude
Chicagotar haren galdera hura
Kepa Susperregi
Duela urte pare bat, uda garaian iritsi zen Parrokiara Chicagoko lagun koadrila bat. Jesulagundiko kide baten gidaritzapean etortzen dira Loiola aldera, bi urtetik behin, San Inazioren jaioterria ezagutu eta bisitatzera.
Parrokia bisitatu ondoren, honoko galdera hau egin zidan haietako batek: "Aizu, duela lau urte izan nintzen hemen. Ekonomia ikuspegitik gorantz egin al duzue?". Nik, erantzun aurretik berak zer ikusi zuen galdetu nion, eta honela erantzun zidan: "Egindako etxe berriek, ikusten diren autoek..., nire atentzioa bereganatu dute".
Pasadizo hau gogoratu dut aurreko hilabetean eskuetan izan nuen gazteei buruzko azterketa soziologiko batean irakurritako batzuk kontutan hartzean. Honelaxe zioen: "1990. hamarkadako gazteek, 1980. hamarkadakoek bezala, ongizate ekonomikoaren babesa ezagutu dute. Normala da, beraz, gazteek bere ongizate pertsonala baloratzea. Gurasoek eskaini dieten kontsumo eta bizi-kalitate mailan bizitzen ohitu dira eta. Baina, hor dago koska: Nork ziurtatzen du etorkizunean gazteen bizi maila hau, beren lan etorkizuna ziurtatzen ez bada?".
Garapen ekonomiko handia ezagutzen du gure inguruak, halaxe ikusi izan dugu geuk ere azkeneko urteotan. Horixe bera aipatzen dute egunkarietan agertu izan diren hainbat eta hainbat berrik. Baina lan munduan sartzeko zailtasunak (Euskal Herrian bertan, 25-29 urte dituzten gazteen artean seitik batek ez omen du lan posturik izan), eta zenbait lan kontratuen baldintzek ez dute errazten etorkizunari aurre egitea.
|