Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 23,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Maiatza »  Iritziak »  Kale Gorrian

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : hausnartzen

Etxebizitzen promozio publikoa bultzatzea herritarron esku dago

Unai Larrañaga (Kale Gorrian-eko kidea)

**GAIA**: 'Etxebitzak Azpeitian'. Etxebizitza eskubide izanik, bermatzen al da? Babes ofizialekorik behar al da? Etxebizitza hutsekin zer egin? Alokatzeko aukeraz zer?

Etxebizitza eskubide bat izanik, hezkuntza eta osasunarekin gertatzen den lez, instituzio eta erakundeen ardura da eskubide hori bermatzea. Baina Azpeitian, badirudi Udala ez dela jabetzen ardura hau berea dela; hau da, herritarron eskubide hau bermatu dadin bitartekoak jarri behar dituela (promozio publikoa bultzatu, pribatuari mugak jarri, eta abar).

Azken hamar urteotan Azpeitian promozio pribatuan egin diren etxebizitza kopuruari erreparatuz, gutxienez 169 etxebizitza sozial eraikita egon behar lukete 1994ko 17/94 Lurralde Antolaketarako Legearen arabera. Hala ere, Udalak muzin egin dio lege honi. Edo, hobeki esanda, legea atzean utzi dutenak promotore pribatuak izan dira, baina Udalak eraikitze politika honen aurrean begiak itxi eta mugarik ez jartzeaz gain, eurekin bat egin du, interes pertsonalak medio. Gezurra badirudi ere, Azpeitiko Udala izan da politika hau bermatu dadin erraztasunak eman eta bideak ireki dituen erakunde publikoa. Nola ulertzen da herriaren ordezkariek, herritarron beharren gainetik, interes pribatuak eta pertsonalak jartzea? Azken finean, noren ordezkariak dira?

Herritarren beharrez arduratu beharrean, promotore pribatuen interesetan egingo diren lurren kalifikazio aldaketek arduratzen dute Udala. Promotore pribatuek nekazal lurrak erosten dituzte, bai baitakite Udalak, betiko moduan, interes pertsonalak tarteko, ahal dituen bitartekoak jarriko dituela lur hauek urbanizagarri bihurtzeko. Herritarroi zor zaigun eskubidea bermatzen lagundu beharrean, geure poltsikotik neurrigabeki aberasten ari diren promotoreei lurrak merkeago erosten laguntzen die Udalak. Lurraren balioa, nekazal izatetik urbanizagarri izatera zeharo puzten baita. Hala ere, azkenaldian badirudi Udalak Babes Ofizialeko Etxebizitzen inguruko proiekturen bat darabilela eskuartean. Berriro ere, herriaren presioa izan da Udala mugituarazi duena. Baina ez digu balio etxebizitza hauek egingo direla dioen publizitate eta eskaparate hutsak. Etxebizitza hauek, zenbat, noiz eta nola egingo direnaren jarraipen bat ematea beharrezkotzak jotzen du Kale Gorrianek.

Bestalde, ezin ahaztu Azpeitian 1.478 etxebizitza (%26) hutsik daudela; hau da, Sanjuandegi guztia hutsik egongo balitz bezala. Beraz, zertarako jarraitu eraikitzen, hainbeste etxe huts izanda he-rrian?

Kale Gorrianen iritziz, lurzoru berrietan eraikitzen jarraitu beharrean, etxe huts hauek betetzen joan behar dugu, berrerabilpen politika egoki baten baitan. Modu honetan, nagusiki herriko bi arazo ekidingo genituzke. Batetik; herri inguruan ditugun gune berdeak suntsitzeari utziko genioke, natura gehiago errespetatuz; eta bestetik, herritar guztiok ordaintzen ditugun urbanizazio gastu mordoa aurreztuko genituzke. Gaur egun, udaletxeko aurrekontuetako partida handi bat urbanizazio gastuetara zuzentzen da eta Sanjuandegi osoa hutsik egotea balitz bezala dela esaten badugu, urtero alferrikako gastu asko aurreztuko genituzke.

Ondorioz, eta etxe hutsen kopuru handi bat alde zaharrean aurkitzen dela ikusirik, Kale Gorrianek alde zaharraren bizi-berritzean jartzen ditu indarrak. Bertan posible baita arestian aipaturiko etxebizitza sozialen inguruko politika gauzatzea, berrerabilpen eta birgaitzean oinarrituz.

Azpeitiko alde zaharraren bizi-berritzearen inguruan, Zaharra-Berri auzo elkartearekin eta alde zaharreko merkatariekin ari gara elkarlanean. Hiru taldeok helburu desberdinak izan arren, gai honen inguruan dugun kezkak –eta alternatibak sortzeko asmoak– bildu gintuen. Honen aurrean, Udalari informazioa eskatu eta kezkak azaltzeko bilera bat eskatu genion. Baina, denbora bat pasa ondoren, Udalak merkatariak eta auzo elkartekoak bakarrik deitu zituen bilerara. Kale Gorrianeko kideok ez ginen gonbidatuak izan. Zer dela eta? Ez al dauka garbi Udalak gazteon kezka nagusienetako bat etxebizitzena dela? Berriro ere Azpeitiko gazteoi bizkarra eman digu Udalak, eta garbi azaldu hitzik gabeko elkarrizketaren alde dagoela. Kale Gorrianek, lehenik eta behin, herritarron eskari eta beharren azterketa baten premia nabarmendu nahi du, eta, gazte ikuspuntutik, honokoa planteatzen du: Alde zaharraren biziberritze plan baten barruan, promozio publikoan, etxe hutsak berrerabili, birgaitze politika baten baitan, non alokairu sozialak bere tokia izango duen. Hau da, eskari eta beharren arabera, promozio publikoan beti ere, alokairu politika baten aldeko apustua egiten du Kale Gorrianek.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak