Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Maiatza »  Iritziak »  Gutunak »  Teknologia berriak, hizkuntza txikien alde?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : gutunek

Teknologia beriak, hizkuntza txikien alde?

Gotzon Egia (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Teknikaria)

Apirilaren 16tik 20ra bitartean hizkuntza politikari buruzko munduko biltzarra izan da Bartzelonan, Linguapax institutuak antolatuta. Programaren barruan, lantegi bat izan da teknologia berriek demografia urriko hizkuntzetan duen eragina aztertzeko. Lantegi horretan parte izan nintzenez, kronika labur bat dator hurrengo lerrootan.

Teknologia berrien eraginez, ingelesaren aginte oroahaldunak beste hizkuntza handiak mendean hartzeko boterea baldin badu, hizkuntza txikiak oraindik menderatuago geldituko dira, hizkuntza handiekiko? Ala, teknologia berrion bitartez hizkuntza txikiek badute lehen baino aukera errazagorik hizkuntza eta kultur baliabide zoli eta bizkorrak sortzeko? Horra, laburki, antolatzaileek lantegi horren hastapenean ezarri ziguten galdera.

Halako biltzar handietan, munduko bazter guztietatik etorririko jendea biltzen delarik, denetarik pixka bat izan ohi da. Beraz, labur beharrez, bazter utziko ditut euskaldunon egoeratik urrun diren kontuak.

Lantegiaren ondorioetatik hasiko naiz: - Teknologia berriak erraz eta merke erabil ditzakete, inoren mendekotasunik gabe, hizkuntza komunitate txikiek.

  • Aski da trebetasun apur bat Interneteko komunitatearen elkar eragintza norberaren alde erabiltzeko, dela software librearen bidez, dela antzeko egoeran diren beste hizkuntza komunitateek egindako lanaren bidez.
  • Bide tradizionaletan zail eta garesti dena, bide elektronikoan erraz eta merke(ago) izan daiteke: horra, adibidez, liburu edo aldizkarien edizio elektronikoa.

Nire ponentzian, orain arte Eusko Jaurlaritzaren eraginez egin izan diren software komertzialen (hori da, Microsoften sistema eragile eta programen) itzulpen edo egokitzapenen ondorioak aztertu nituen. Nire ustez, bide horretatik ez dugu deus lortuko, besteren esku dagoen merkatuaren atzetik (berandu) ibili eta dirua erruz xahutzea baizik. Horren ordez, kode irekiko softwarearen bidea hautatu beharra azpimarratu nuen, baita erakutsi ere orain arte bide horretan landu diren proiektu onak (Sustatu, edo Azpeitiko Uztarria.com).

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak