|
|
|
Elkartasun Eguna
Presoengana gerturatuz, elkartasunez
Nerea Uranga
Maiatzaren 25ean, bigarren aldiz, eta 'Elkartasunez presoak herrira' lemapean, egun osoko ekitaldia izango da Azpeitian
Euskal Presoak Euskal Herrira Plataformak, Gazte Ekimenak, Etxeratek, Presoen Aldeko Ikasleek eta Askatasunak Elkartasunez Presoak Herrira eguna antolatu dute aurten ere. "Elkartasun egunaren helburua jendea kontzientziatzea da, presoak eta iheslariak oraindik ere hor daudelako; nahiz eta lan asko egin den hauen inguruan, oraindik ere dauden egoeran daudela, eta hantxe jarraitzen dutela aldarrikatzea". Horretarako, "herri osoaren eta taldeen inplikazioa eta ekitaldietan parte hartzea" eskatzen dute antolatzaileek.
Udaleko EAJ eta EAko arduradunen aldetik, "normalean nahiko jarrera ezkorra" jaso izan dutela diote antolatzaileek. "Muntaketa lanetan-eta, beharrezko ditugun mikrofonoak, eszenatokia... jartzeko gauzak errazten dituzte. Baina, presoen aldeko ekimenetan euren presentziarik ez da izaten".
HIRURAK KANPOAN. Azpeitiko presoak, hirurak, Euskal Herritik kanpoko kartzeletan daude. Hirurak egoera ezberdinetan, baina hirurek izaten dituzte arazoak bisitaldietan, deietan... Juan Carlos Arruti Paterra-k hamabi urte daramatza espetxean. "Egun, borroka batean sartuta dago, eta kartzelaldi gogorrean, gainera. Orain dela gutxi kartzelaz mugitu zuten". Garikoitz Etxeberria Kafe-k ere izan ditu arazoak, bisitara hiru lagun joan eta bati bakarrik sartzen utzi ziotenean, kasu —Uztarria aldizkaria ere hilero bidaltzen zaio, baina ez du jasotzen—. "Familiakoak eta, bisitatzera joateko, bidaia luzeak egin behar izaten dituzte, eta errealitateak erakusten du istripuak-eta gertatzen direla".
|