Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 18,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Maiatza »  Ramon Etxezarretari elkarrizketa »  Nolatan sartu zen PSOEn?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa : Ramon Etxezarreta - PSE-EEko zinegotzia Donostian

Nolatan sartu zen PSOEn?

Enekoitz Esnaola

Orain dela zortzi urte afiliatu zen, Ramon Jauregiren "politika baskista" gustukoa zuelako eta berak lagundu zezakeelakoan

Noiz sartu zen PSOEn Ramon Etxezarreta? Eta nolatan? "Ni 1994an afiliatu nintzen, Ramon Jauregik hauteskunde autonomikoak galdu eta hurrengo egunean, eta ez irabazi eta hurrengo egunean por zierto", azpimarratzen du urrestildarrak. Jende askok ez omen dio barkatu. "Orduan zenbait jendek traizio bezala hartutako kontua izan zen, eta beste inori baino etsaitasun, herra handiagoarekin eraso zidaten".

Euskadiko Ezkerrako batzuk PSEra pasatu zirenean, Etxezarreta ez zen haiekin batera pasatu, geroago baizik. "1994a baino pixka bat lehenago manifestu baten babesa azaldu nuen, baina artean pasatu gabe nintzen alderdira, ez nintzelako EEko konbergentziarekin pasatu. Jauregiren politika baskista ikusita afiliatu nintzen alderdi sozialistan, ni bezalako jendearen laguntzaren premia orduan zuelako alderdi honek".

"TXARRENA EZ". Erabaki hura "gauetik egunera ez" zuela hartu dio urrestildarrak. "Izan ere, politika ere ez duzu ikusten, nik behintzat, hogei urterekin ikusten zenuen bezala, eta ezabapenez jokatzen duzu, txarrena ez dena aukeratuz; alegia, guztiok dugu sistemaren inperfekzioa ikusteko gaitasuna, eta inperfekziorik txikiena duena aukeratzen duzu. Garai hartan alderdi sozialista euskal kultura eta euskararenganako hurbiltze txikia egiten hasi zen Jauregirekin, eta keinu haietan itxaropena jarri nuen. Orduan antolatu zuen PSE-EEk euskararen konferentzia; Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta hirurok izan ginen, eta halako itxaropena sortu zuen konferentziak, gero benetan behar bezalako emaitza eman ez arren. Beraz, ordurako inguru horretan mugitzen nintzen, ez inguru organikoan baina".

Orain inguru organikoan sartuta dago, Donostiako udaletxean zinegotzi baita 1995etik. "Baina gora-behera handiekin nabil, ez dituzulako zeure alderdiak egiten dituen gauzak ulertzen, ez duzu guztiarekin bat egiten eta gauza batzuetan ez zaude batere ados. Baina Donostiako Udaleko zinegotzi izate honetan zentratuta nago eta Odon Elorzaren proiektuan ere oso zentratuta, uste baitut Odonek euskal herritarrekiko eta Euskal Herriarekiko oso sentsibilitate irekia eta anitza duela, eta politika frentista egin izan den garaian, guk ez dugu frentismorik egin".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak