|
|
|
Literatura
: Iritzia: Jose Luis Otamendi (idazlea)
Geure buruari idatzitako gutuna
Jose Luis Otamendi
Noiztik ote gaude denok espero dugun eskutitz hori hel dakigun zain, itxaroten. Baina iritsiko bazaigu, norbaitek nonbaiten idatzi ere egin behar du.
Uste dut poesia eta artea munduan izateko erari buruz galdetzeko daudela funtsean. Bakoitzak bere garaitik, bere hizkuntzatik egin behar ditu bere galderak, bere kezka propioak adierazi. Horixe da unibertsal edo mundutar izateko bermea nire iritziz. Bestela, bestek formulatutako galderak egitera kondenatuta biziko gara beti. Eta gizakiak, nor izango bada, behar du ahots bat izan bere aldian.
Batzuetan, hala ere, besteren hitzetan eta ahotsean geure hitzak eta ahotsa sumatzen ditugu. Guk bizi izandakoa, pentsatutakoa, hunkitu gaituzten kontuak beste norbaiten ahotik entzungo ditugu. Orduan hunkitu egiten gara. Eta horretan dago, hein batean, komunitate bateko kide izatearen indarra, zerbaitetan bat egitearena, gu izatearena une batez bada ere. Entzule-ikusle eta esatailearen artekoak badaki indar hori ernarazten.
Gogotik nekez joango zaigu martxoko arratsalde hura Orkatz tabernan bildu ginenoi. Poesiak balkoi eder bat zabaldu zuen Azpeitian eta han agertutako itxaropenak kutsatu egin gintuen.
Diapoesia ikuskaria gertatu ziguten hiru idazlek, eta hitza, argia eta musika gozamenerako, gogoetarako, sentimenduen txindurriei gure barrunbeetarako bidea erakusteko tresna direla jarri zu-ten agerian. Hitzarekin, musikarekin eta argiarekin konbinazio ezberdinak, esateko era berriak bilatzen eta osatzen ahalegintzen den inor badagoela gurean oraindik. Hor direla geure buruari gutunak idazten dizkiotenak. Eta hori bizirik gauden seinale garbia da. Talentua eta lana batera datozenean emaitza txundigarriak espero genitzakeela ikusi genuen berriro.
Lozorroaren eta satisfazio nagiaren kontrako antidotoa da artea. Geure kezka, grina eta ezinen aurrean jartzen gaituen ispilua. Diapoesia horretan saiatzen da. Abiapuntu bat da, inora iristeko nahitaezko baldintza. Gutuna bota egin behar baita inora egingo badu.
Diseinu efikaza, sinplea eta erakargarria du. Eskenatokiaren erabilera dinamikoa egiten dute Igor Aranbarrik, Aitor Bengoetxeak eta Kepa Urbietak, poemak irakurri ahala poetek mugimendu oso sinpleen bidez ikuslegoa tramaren jokoan sartzen dute. Atrilen aurreko argiak ikusleari norabidea erakusten dioten faroak dira, diapositibetan irudiaren iradokitze indarra testuen lagungarri dator, musika bezala.
Egitura trinkorik ez, baina hiru ahotsak balkoi batetik mintzo dira maitasunari buruz, gizarte arazoei buruz, gaur egungo hiru idazleren kezkez. Gordean eduki ezin direnak entzuteko eran esaten dituzte.
Poesia geure buruari gutuna idatz diezaiogun konbitea da, edo besteek idatzitakoak entzun eta irakurtzekoa. Askori eskutitz horien esperoan, idazten, entzuten eta txatalak biltzen joango zaio bizitza osoa.
Erne gaude eta bila gabiltza, gutxien uste dugunean irits daitezke-eta horren premiazko ditugun hitzak. Batzuk aurrerapen txiki bat Orkatzen hartu genuen. Eta pozik gaude.
|