Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 23,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Maiatza »  Diapoesia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Literatura

Hiru gazte 'diapoeta' zuzenean

Iban Arregi

'Diapoesia: ikusteko poemak eta entzuteko irudiak'poesia errezitaldia prestatu dute Aranbarrik, Bengoetxeak eta Urbietak

 

Martxoan aurkeztu zuten Aitor Bengoetxeak, Igor Aranbarrik eta Kepa Urbietak Diapoesia: ikusteko poemak eta entzuteko irudiak poesia errezitaldia, Orkatz Kultur Elkartean, Uztarria Kultur Koordinadorak antolatutako I. Kulturaldian. Ondoren beste bitan errezitatu dituzte poemak, eta datozen hilabeteetarako ere hitzordu batzuk egin dituzte –Kepa Urbieta Londrestik etortzen denerako, han baitago ikasten, ekaina bukatu arte–.

Azpeitiarrak dira hirurak, koadrila berekoak, eta hirurak 1981. urtekoak. Duela laupabost urte hasi ziren poesia idazten. Baina idatzitakoa erakutsi egin nahi zuten, kalera atera, eta horregatik prestatu dute Diapoesia emanaldia.

Izenak berak dioen moduan, diapositiba eta poesia nahasten ditu emanaldiak. Hiru gazteek urteetan idatzitako olerkiak bildu dituzte, halako lotura bat eman denei, eta kontu handiarekin aukeratutako musikarekin eta argazkiekin osatu dute emanaldia. Igor Aranbarrik dioenez, "emanaldian bada lotura bat diapositiben, musikaren eta poesiaren artean, baina lotura hori oso zabal ulertu behar da. Azken finean, egunerokoan sar daitekeen dena bildu dugu".

Diapoesia emanaldian, eszenografia-eta ondo zaindu dituzte, eta errezitaldiari mugimendu handia eman diote. Hori prestatzen denbora pasatu dute, emaitzean bertan nabari denez. Aitor Bengoetxearen arabera, "poesia astun samarra suertatu daiteke, eta, horregatik, zerbait dinamikoa egin nahi izan dugu".

Ez da oso ohikoa hiru azpeitiarrek prestatu dutena. Diotenez, ordea, poesia idazten duen gazte asko dago Euskal Herrian, eta Azpeitian bertan ere bai. "Poesia oso unibertsala da, jende askok idazten du, baina idatzitakoa kalera ateratzeran sortzen dira arazoak". Diotenez, poesia oso garrantzitsua da eurentzat. "Poesia oso aberasgarria da. Gainera, zeinek irakurtzen duen, esanahia ere aldatzen doa, eta hori aberatsa da", dio Kepa Urbietak.

Jendearen aldetik-eta "oso harrera ona”" jaso dute. Idazten segituko dute, eta, ahal den neurrian, idatzitakoa kalera ateratzen. "Poesia, azken finean, bakoitzak nahi duena adierazteko bitarteko bat delako".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak