Pako Aristiren enbidoa
Maitasunagatik egiten ditugunak
Pako Aristi
Norbaitek maite gaituela sentitzea, norbaitek gustuko gaituela jakitea, gauzarik garrantzitsuenetakoa da bizitza txatxu honetan. Maitasunagatik egiten ditugu gauzarik harrigarrienak, xelebrekeriak, erokeriak; gauzarik onenak ere, maitasunagatik egiten ditugu. Badakit edozein ezkontza arruntetan edozein apaizek botako lukeen sermoitik gertu nabilela; maitasunean zaila da ezer berririk predikatzea. Beraz, istorio bat kontatuko dizuet.
Mikelek 18 urte dauzka. Nire laguna da, orain arte behintzat. Ez da denbora asko Alaznerekin ibiltzen hasi dela (espero dut albiste honekin inor interesaturik ez mintzea). Haien noviazgoa normala da: Mikelek kontatzen zidan neska zenbat gustatzen zitzaion, harengana hurbiltzeko emandako pauso baldarrak, neskaren zalantzak, gauari lapurtutako musuak, maitasunari dagozkion buruhausteak denak. Azkenean baiezkoa etorri zen, eta baiezkoarekin gozotasuna, irteerak, Donostian zine-ikusteak eta abar.
Baina orain jakin dut istorioa borobiltzen duen gertaera berezia: Mikel, maitasun hori lortzearren truke egindako promesa bat dela medio, Kizkitzako ermitara joan da oinez Urrestillatik. Egun euritsu batean, bi ordu eta erdi behar izan zituen Mandubia gaineko tontorrera iristeko. Niri esan balidate halakoren maitasuna lortzeko ibilaldi hori egin beharko nukeela, han geldituko zen bai ermita eta bai neska. Orain, Alazneren irribarrea ezagututa... ez dakit; kalean zoaztela, inoiz ikusi duzuen irribarrerik politena daukan neska bat ikusten baduzue, horixe da Alazne.
Promesa hauek egitea antigoaleko kontua da: gerra zibilean askok egin zituzten, eta oraintsu arte, ebakuntza txarrak egitera zihoan jendeak ere bai. Horregatik da harrigarria Mikelena, eta era berean polita. Jendea bikote bila telebistara joaten den garaiotan, Mikel Kizkitzara igo da, avemaria bat errezatu, eta jaitsi da bere maitearen ondora.
Honek beste istorio bat gogorarazi dit, Bizkaiko gizon batek ezkontzeko pasatu zituen ibilerak agertzen dituena. Urrestillako mutilzahar batzuk Bilbora joan ziren, maitasuna ez baina haren ordezkorik finena diru-truke ematen duten emakume batzuk bisitatzera. Sarreran nortasun agiria utzi behar zuten, han sartzen zen edozein gizonek bezala. Dastatu beharrekoak dastatuta, atera ziren eta hartu zuen bakoitzak atezainak emandako karneta. Haietako bat basomutila zen.
Egunak pasatu eta norbait telefonoz deika hasi zen basomutilaren baserrira. Gizon bat. Mutila beti kanpoan, amak ez zion gauza handirik ulertzen biztaitar hari, ez nor demontre zen, ez zer arraio nahi zuen. Ezkondu egin behar zuela eta bere semeak ez dakit zer esaten zion. Semea ere lasai, lanean.
Asteak zeramatzan gizon hark peskizan. Bizpahiru aldiz ere etorri behar izan zuen honuntza. Azkenean, behintzat, asko kostata, aurkitu zuen bere basomutil hori, Aizarna aldeko mendietan uste dut. Estualdi ederrarekin zetorren gizona. Bilboko etxe haren irteeran, nortasun agiriak nahastu egin zituen atezainak: gizon honek basomutilarena zeukan, eta honek, patrikan zimurtuta, gizon harena. Gizon honek, ordea, aurki ezkondu egin behar zuen, eta karnetik gabe salduta zegoen. Hona, maitasunagatik, ia Gipuzkoako mendi guztiak pasatu zituen bizkaitarra, basomutil lasai baten atzetik.
Ohitura zaharrak berrituta, edo kontu zaharrak esanda, maitasuna beti maitasun: falta denean nahigabetu egiten gaitu, eta agertzen denean, berriz, erotu.
HILEKO GALDERA. Takolo estreina, gero sokamuturra, orain Diego Garcia, nor izango da estatua bihurtuko duten hurrengo azpeitiarra?
|