|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: hausnartzen
Euskal eta - batik bat- euskarazko prentsa erosteko eta irakurtzeko arrazoiak
Enekoitz Esnaola (kazetaria)
GAIA: 'Komunikabideak Azpeitian'. Zergatik erosten dugu prentsa espainola? Zergatik ez dugu irakurtzen euskarazko prentsa? Herri abertzalea izanik, zerk hutsegiten du?...
Azpeitiarren %87k badaki euskaraz. Azpeitiarren botoei esker, Udala abertzalea da oso-osorik. Hala ere, azpeitiarren %80k egunkari Espainia-zale bat erosten du egunero. Horra hor datu batzuk sarrera gisa. Eta honatx zenbait arrazoi hori aldatzeko:
KOHERENTZIA. Azpeitian abertzale batek zergatik erosten du egunero-egunero egunkari Espainia-zale bat? Ohiturak eragindako ilogikaren logika? Garbi dagoena da hori ez dela jokabide koherentea. Eta koherentzia eza beti da kezkatzekoa, norberaren pentsamoldearen eta jokabidearen arteko koherentzia hain ga-rrantzitsua denean, hori baita beste guztiaren giltza.
MILITANTZIA. Euskal Herrian abertzale gisa jokatzeak militantzia eskatzen du, eta helburuak lortu nahi badira, proiektu abertzaleak lehenetsi egin behar dira, proiektu hauen zenbait produktu oraindik agian besteak baino kaskarragoak izan arren. Baina zerbait nahi duenak zerbait utzi behar du. Adibide bat: orain dela 40 bat urte ikastolak sortu zirenean, oso baldintza eskasetan sortu ziren (irakaslerik ez apenas, ikasle gutxi, hezkuntza materiala urri, lokalak batere duinak ez...), baina, hala ere, abertzaleek ikastolen alde egin zuten —Azpeitian, adibidez—, eta proiektu horrek aurrera egin du. Horregatik dauka indarra euskal eta euskarazko hezkuntzak. Zergatik ez da gauza bera gertatzen egunkari abertzaleekin, egunkari hauek kalitatekoak direnean gainera? Hezkuntza bezain garrantzitsua da informazioa; hain zuzen, gaur egun informazioaren gizartean bizi garela esaten da. Euskal Herriaren kasuan, helburuak eta proiektuak gauzatzeko militantzia erabakigarria den gizartean ere bizi gara.
FINANTZIAZIOA. Komunikabide bat erosten denean, edo komunikabide batean eskela edo iragarki bat sartzen denean, informazioa jasotzeaz edo eskela edota iragarkia zabaltzeaz gain, jendea ohartzen al da zer finantziatzen duen? Azpeitiko datuek ikara sortzen dute. Adibide bat: azpeitiarrok egunero El Diario Vasco-ren 1.397 ale erosten ditugu; urtean 505.714 ale. Urtean, beraz, Azpeitiak 78 milioi pezeta ematen dizkio DVri egunkariagatik (468.789 euro); erosle bakoitzak urtean 55.000 pezeta. Eskelak eta publizitatea ere kontuan hartuta, Azpeitia bezalako herri abertzale batek DV bezalako komunikabide Espainia-zale bati (ABC España una, grande y libre-ren etxe berekoa da: Grupo Correo Prensa Española) urtean 110 bat milioi pezeta ematen dizkio. Ikara! Horixe da abertzaleak bere buruari harrika egitea!
EUSKAL HERRIAREN IKUSPEGIA. Euskal Herrian egunkari Espainia-zaleak eta Frantzia-zaleak egunero Euskal Herria espainiartzen edota frantziartzen ari dira, Espainiako edota Frantziako gertaerak, ikurrak, albisteak, erreferentziak, jendea, jendillajea, kultura, Operación Triunfo-ak, kirolariak, selekzioak… normal-normal emanez, gure parte balira bezala. Gure kasuan, adibidez, DV azpeitiar irakurlego abertzalea espainolizatzeko saioan ari da etengabe, irakurle abertzale horiek ohartu gabe. Horren ondorioz sortzen den adibide bat: ia azpeitiar guztiei Burgos familiarragoa zaie Hazparne baino, Azpeitia Hazparnerekin anaituta egon arren. DVren azpeitiar irakurle abertzaleak —salbuespenak salbuespen—, DVri esker ez du behar bezala ikusten euskarak zer arazo eta eraso dituen, edo ez du ikusten Euskal Herriaren desegituraketaren larria, edo gizarte eragile abertzaleen informazioa eta proiektuak ez ditu modu zabalean eta tajuzkoan jasotzen, Espainia konstituzionalistaren aldeko mezu zuzenak eta subliminalak jasotzen ditu egunero… Azken batean, DVren irakurle azpeitiar abertzaleak ez dauka Euskal Herriaren behar bezalako ikuspegia, eta horrek euskal kontzientzia militantea hartzea eragozten dio. Txarrena da irakurle horrek uste duela DVk ez diola eragiten edo ez duela baldintzatzen. Eta, jakina, kontzientzia jakin bat izan ezean, kezkarik ez, elkartasunik ez, ekarpenik ez, mugimendurik ez, laguntzarik ez. Giza-komunitate lokartua da hori. Horrelako gizarte abertzalea nahi dute egunkari ez-abertzaleek; adibidez, horrelako Azpeitia. Egunkari abertzaleek bestelako ikuspegia eskaintzen dute, eta oso garrantzitsua da perspektiba hori edukitzea, lagungarri izan daitekeelako pausoak emateko.
BAKEA ETA JUSTIZIA. Egunkari laboralista Erresuma Batuzaleek (zentro-ezkerrekoek) paper garrantzitsua jokatu dute azken urteetan Ipar Irlandako bake prozesuari begira, ez dutelako eduki konponbide politikoaren kontrako jarrerarik, eta prozesuak aurrera egin dezan lagundu dutelako. Ez da gauza bera gertatzen Euskal Herrian; Espainiako eta Frantziako estatuek —batik bat aurrenak— gerra tresna gisa erabiltzen dituzte beren egunkari guztiak, tartean Euskal Herrian argitaratzen direnak. Euskal Herriak benetako bakea eta justizia izateko bidean ez dute ezer aportatzen egunkari ez-abertzaleek, ez daudelako Euskal Herria bere buruaren jabe izatearen alde. Adibide bat: Ameriketako Estatu Batuetan, Idahoko Legebiltzarrak, aho batez, hauxe eskatu berri du: "Euskal Herrian indarkeria guztiak gelditzea, Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea izatea, eta Euskal Herrian bake prozesua abiatzea". Ba, DVk eta enparauek apenas eskaini dioten tarterik horri; egunkari abertzaleek bai, sakon eta zabal; Azpeitian ez da izango Idahoko berri handirik. Bestetik, ezin ahaztu DV-eta izan zirela Lizarra-Garaziren saboteatzailerik finenak. Gidaritza informatiboa eta komunikatiboa prentsa abertzaleak izango balu, euskal gizartearen konpromisoa handiagoa litzateke konponbide politikoari begira.
GEURE ESKU. Egunkari ez-abertzaleek ez gaituzte beren egunkariak erostera behartzen, guk geuk erosten ditugu, modu librean, haien aleak. Esandakoa: Azpeitian egunero DVren 1.397 ale erosten dira; egunkari abertzaleenak 350 inguru. Imajinatzen nolako Azpeitia genukeen kopuruak alderantzizkoak balira? Geuk daukagu hori aldatzeko giltza. Dena den, aldaketa erabakigarri horren bilakaerak —ahal den azkarren— euskarazko egunkari abertzalea(k) erostera eta irakurtzera jo beharko luke. Izan ere, berriro koherentzia aipatu behar: nola da posible irakurle abertzaleak hizkuntza espainola (edo frantsesa) zabaltzen, eta, beraz, legitimatzen eta bultzatzen duen euskal egunkaria finantziatzea? Utopia dena hau guztia? Horratx utopiari buruz idatzi izan dena: “Utopiaren eta progresoaren artean harremana dago, eta zentzuz betetako hitza da. Posible da utopia, bizitzaren motore da, eta errealitatea aldatzeko gogoa dago arrakastaren onarrian".
|