Alaitz Olaizola gai librean
Autobuseko joan-etorriak
Alaitz Olaizola
Astelehen goiz hartan, betiko moduan, autobusaren aurrealdean eseria nengoen eta bidaia samurragoa egin nahita, musika erantsi nien nere belarriei. Binomio de Oro entzunez egin nuen Azpeitirako bidea. "Te quiero, mienteme, voy a olvidarte, te echo de menos..." besterik ez, baina nola atsegin dudan besterik ez hori! Vallenatoaren erritmo beroan maitasun eta gorrotozko abestiak bat bestearen atzetik...
Azken finean, eguneroko kantuak eta kontuak.
Gustoen nengoen horretan, zintaren aurpegi hura amaitu zitzaidan abestiaren erdi-erdian eta isilune hartan zintari buelta ematera nindoala, atzealdetik zetorren gizonezko baten ahotsa entzun nuen, ozen eta garbi ari zelarik, guztiok entzuteko moduan. Laster konturatu nintzen mugikor batetik ari zela hizketan. Espainolez egiten zuen: "Aizu, badakizu maite zaitudala, ez? Bai, zuk ere hala diozu baina hitzez baino ez, ikusteko nago oraindik. Zurekin beti berdin! Hainbat aukera eman dizkizut eta nazkatzen hasia nago... Bueno, ostiralean etorriko al zara orduan? Ba joan erabakitzen, etortzeko asmoa baduzu emakumeari beste ohea prestatzeko esan behar diodalako. Ez, ez, ez. Bakoitza bere ohean eta orduak doazen heinean ikusiko dugu. Elkarrekin baina nahastu gabe... Abisatu orduan... Nik ere baietz...". Eta muxu ozen baten ostean, elkarrizketa amaitutzat eman zuen gizontxo hark.
Lotsatua sentitzen nintzen, lotsatua elkarrizketa hura entzun izanaz. Mundu guztiak entzuteko moduan aritu zen telefonoz bestalde zegoen emakumearekin, beraiena izan behar zuen solasaldi intimo hartan.
Irudika nezakeen emakumearen aurpegia, negar zotinka beste aukera bat eskatzeko ahaleginetan.
Atzera begiratu nuen orduan eta gizona ikusi nuen. "Heu izan behar" pentsatu nuen. Hilabete batzuk lehenago eta autobus berean egoera berdintsuan egin nuen topo harekin. Orduan, musikaren gainetik entzun nezakeen bere telefono jarduna, ozen aritzeaz gain, gertuago zegoelako.
Emakume batekin ari zen orduan ere eta berdintsua zen elkarrizketa, gogorragoa nahi bada. "Zergatik etortzen naizen Azpeitira? Hemen lana daukat eta lagunak, entzun? Zuk ez daukazu erremediorik!".
Bidaiaren azken zatian, bi solasaldiak lotzen saiatu nintzen zailtasunez betea zirudien maitasun istorio honen hariak lotu nahian. Gizona Azpeitiko kaleetan txikiteoan bakar-bakarrik ikusi izana. Gogoratu nuen, lagunak bazituela esana bazion ere emakumeari eta, autobuseko gainontzeko bidaiariei.
Jakin-minez beteak gaude gizakiok, kotilleoak sobera atsegin ditugu, besteen trapu zaharrak astintzen aritzea atsegingarria egiten zaigu eta lau haizetara zabaltzea zilegi iruditzen zaigu. Azpeitian, inon baino gehiago.
Ba, benetan diotsuet, zenbat damutzen zaidan hura guztia jada bi biderrez entzun izanaz. Orain, gizona ikusten dudan bakoitzean, barruak buelta ematen dit, gizonaren begi urdin-urdinen atzean bakardadea baino ez dut ikusten, eta jakin-mina sortu ordez, ahazteko gogoa baino ez zait etortzen.
Ezagutzen ez dudan istorio baten erruduntzat joa daukat jadanik tipoa eta inork ez du halako tratamendurik merezi. Hala ere, hirugarrenez harekin autobusean topo egiten dudanean, zin dakizuet, musikaz belarriak lehertuko bazaizkit ere, gizontxoaren jolasaren lekuko ez naizela izango.
Berdinean, Binomioren fikziozko maitasun kontuak entzutea nahiago!
|