Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Apirila »  Iritziak »  Bigarren zinearen leihoa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : azketako ude

Bigarren zinearen leihoa

Ainhoa Odriozola

Azpeitiko Zine Klubaren zilarrezko ezteiak, 25 urte zinearen inguruan lanean. Urteurren hau ospatzeko, talde honek filmagintzan egindako lanak ikusteko aukera izan dugu Kaito Telebistaren eskutik. Zine dokumentala (uholdeen kronika tristea, 1979ko Kilometroak...), eta fikzio zinea, lamien mitoaren bertsi abanguardiazko deliziosa... besteak beste.

Zine talde honen jarduera ez da oso ezaguna izan niretzat, baina bai ostiral gaueko zine forum emanaldiena, eta honetaz egin gura nuke berriketan. Zinean komertzialtasunak agintzen duen garai hauetan, eta filmak kontsumo gai huts bihurtu direnean, kalitateko zineaz gozatzeko aukera eskaini baitigute azpeitiarroi. Ni neu, behintzat, nazka-nazka eginda nago zinera joan eta patroi beraz moztuta dauden filmak ikusteaz. Bigarren minuturako pelikularen amaiera asmatzen baduzu, argudio eta egoera sinesgaitzak irentsi ezinean bazabiltza, edo efektu berezi eta irudi txundigarrien azpian mezuren bat bilatu nahian, zer zine motaz ari naizen ulertuko duzulakoan nago.

Ostiral gauetan, aldiz, Soreasura inguratu naizenean, mota askotako pelikulak ikusi ahal izan ditut: urruneko kulturez hitz egiten digutenak, zuzendari ezberdinen ikuspegiak erakusten dizkigutenak, kontatzeko, esateko eta transmititzeko asko dutenak. Batzuetan gustukoak, besteetan ez hainbeste, konplikatuagoak, errazagoak, jarraitzeko zailak apika... baina inoiz ez axolagabe utzi nautenak. Zerbait kontatzeko grina duen jendeak, jendearentzako egindako filmak. Filme hauekin barre egin dut, hunkitu egin naiz, emozionatu, beldurtu... baina, batez ere, ikasi egin dut. Filmak ikusten ikasi egiten baita, bai bizitzaz, baita zineaz ere, ikusten eta estimatzen alegia. Eta gozatuz ikasi nahi dut. Zinegile batek zioen bezala, zinea bizitzaren alderdi ezkutuak erakusten dizkigun leihoa da, eta Azpeitian zinearen haize freskoa sartzen utzi duen leihoa Zine Klubekoek ireki dute. Zorionak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak