|
|
|
Atzera begira
Kontu-kontalari bizia, gizon bizia
Nerea Uranga
Bere etxeko egongelan hartu gintuen Juanito Bikendik, bere alaba Mari Joserekin batera. Lehenengo galdera egin orduko, zaparrada batean ekin dio kontuak kontatzeari: txikitako bihurrikeriak, gaztetako juergak, antzerkiko komeriak... Galdera guztiei erantzuteko istorio ugari jartzen du adibide. Kontalari ezinhobea da Juanito. Istorio guztiak zehaztasun guztiekin kontatzen ditu, gaur egun desagertuta dauden lekuak non eta nolakoak ziren kontatuz; herritarrak, halako eta honako, haren eta bestearen aita edo ama, han edo bestean bizi dena. Hark istorioak kontatzen dituen heinean, Azpeitiak urte hauetan guztietan zer aldaketa nabarmena izan duen ohartzeko parada ematen du.
Gizon ezaguna da herrian, baina ez antzerkiagatik soilik; izan ere, garai batean jaiegunetan eta asteburuetan Potxolo-ri egunkariak banatzen lagundu izanak egin omen zuen ezagun: "Etxez etxe ibiltzen nintzen egunkariak banatzen, meza bukatu ondoren jendea ateratzen zenean ere bai, eta, gainera, txantxetan elkarri adarra joz; batek ohiukatzen zuen El Diario Vasco, *Potxolo*-nak gezur asko, eta besteak, bestaldetik, El Diario Vasco, nik saltzen detenak egi asko, edota Unidad beste batzuetan, edo Ilunabarreko izparringia, eta horrelaxe ibiltzen ginen".
Iaz gaixorik egon zen Juanito Bikendi, Zumarragako Hospitalean ere izan zen, "oso gaizki", Mari Jose alabaren hitzetan, baina "bizkortzen" ari dela. Juanitok bere ironiaz erantzun dio atzetik: "Odol emaile egon naiz Zumarragan; a zer odol pila atera didaten!".
Umore bizikoa da, ezbairik gabe.
|