|
|
|
Atzera begira
: Juanito Bikendi (Aktorea)
"Antzerkian hitz egiten-eta asko ikasten da"
Nerea Uranga
Eskolan zebilela hasi zen antzerkian, Luistarrekin ondoren, Oargin geroxeago eta Antxieta Antzerki Taldean ere aritu zen. Juanitok (81 urte) ez du taula gainean egon beharrik antzerkia bizi izateko
|
|
Juanito Bikendi
(Nerea Uranga)
|
|
|
|
Soreasun antzezlan bat
|
|
|
|
Aktore sena.
Umetatik antzerkian hasi eta antzezlan askotan parte hartu izan du Juanito Bikendik. Baina, taula gainean ez bada ere, hark dioen moduan
(Juanito Bikendiren artxiboa)
|
|
Eskola garaian hasi zen antzerkian Juanito Bikendi. Zortzi bat urte zituela egin zuen lehen antzezlana: Mi Bigote bakarrizketa. "Orduan bruxa jantzita ibiltzen ginen eta antzezlan horretarako egin zidaten lehenengo trajea. Harrezkero zenbat antzezlan egin ote ditut?". Antzerkirako "tipo ona" zuela esaten omen zioten, mutiko bizia zela. "Mutil kozkorra eta lotsagabea..., beno lotsagabea, bihurria, bihurria nintzela diote".
Enparan kale barrenekoa da, eta hantxe bizi izan zen Errebalera ezkondu arte. En-paran kalean ere haurretan bihurri fama bazuela kontatzen du Juanitok. Bihurrike-rien artean Gorputz egunekoa bat: "Enparango zubiak bajada zuen ibaira eta han zaku zahar bat topatu genuen oilo-lumaz beteta. Garai hartan kaleak loraz-eta apaintzen ziren prozesioa pasatzen zenerako. Guk, berriz, hartu zakua eta prozesioa zetorrela oilo-lumak zabaldu genituen kalean. Gero nire lagunak zaplada ederra ere jaso zuen egin genuenagatik; nik lasterka aldegin nuen, hark jasotako zaplada ikusita...".
Lehen eskola urteak Miserikordian egin zituen, handik Maristetara pasatu zen (Kutxa dagoen lekuan, ibai ertzean zen Maristen eskola). Gero Casinoan (Banco Vitoria den lekuan zegoen) hasi zen pintxe lanetan. Handik Donostiara joan zen; Londres Hotelean egin zituen bi urte, soldadutza arte. Soldadutza Alacant-en egin zuen, sei urtez. "18 urterekin joan eta 24 urterekin etorri nintzen. Latina ikasita etorri ginen, gainera". Etxeratu eta fundizioan hasi zen lanean.
JUDASEN PAPEREAN. Gaur egun Aitonena dagoen lekuan zen Oargiren lokala, eta bertan tajutu zen Pasioa antzezlana. Euskaraz zen; herritar askok parte hartu zuten eta hiruzpalau urtez egin zen.
Juanito prest agertu zen antzezlan hartan ere parte hartzeko: "Prestaketa lanetan ari ginela, Nik neuk Judasena egingo diat eh!, neronek bota nuen, eta halaxe Judasen papera egin nuen". Judas urkatu egiten zen antzezlanean. Baina entseatzen ari ziren batean susto galanta hartu zuen Juanitok: "Ia bertan ito nintzen, benetan gainera. Zuhaitz batetik zintzilikatuta urkatzen zen: bi sokatatik zintzilikatuta eta bizikletaren eserleku batean eserita. Soka bat faltsua zen eta bestea benetakoa. Orduan laguntzaile Solapatxoneko Krispin ibiltzen nuen, hark Urolako trenean egiten zuen lana eta egun hartan ezin izan zuen etorri. Beraz, laguntzaile Kandiko Txalkorra jarri zen, baina hark sokak alderantziz lotu eta urkatzerako unean hasi nintzen balantzan eta... sokak lepoan tira; hura estuasuna! Heldu nion zuhaitzaren adarrari eta halaxe libratu. Pentsa, urik ezin edanda egon nintzen".
Pasioa antzeztera Donostiara ere joan ziren, eta han aretoa bete egin zen Juanitok kontatzen duenez. "Pasioarekin bildutako diruarekin Itziarrera egunpasa joan ginen; han ere zer ibili ote nintzen? Gogoan dut balkoi batetik diskurtsoak-eta botatzen ibili nintzena". Gero Oargiren izenean beste antzerki lan askorekin taularatu zen Juanito.
ANTXIETAN. 1981ean Antxieta Antzerki Taldea sortu zen eta Juanito talde hartan hasi zen. "Imanol Elias erakustaile genuela atzera berriro ekin nion antzerkiari, Sendagile Traketsa antzezlana egin nuen harekin lehena, eta antzezlan horrekin Gipuzkoan herriz herri ibili ginen. Donostiako Principal Antzokian ere egin genuen San Sebastian egun batez. Gustura ibili ginen, oso polita zen. Imanolek utzi zionean, nik ere utzi egin nion. Gainera, orduantxe erreumarekin-eta gaizki nenbilen eta ebakuntza bat ere izan nuen. Orain tabernatan-eta egiten dut zirkoa; zeinek gezur handiagoa esan eta horrela ibiltzen gara".
Antzerkirako zaletasuna, taula gainean edo egunerokoan, nabarmena du Juanitok. ?Zenbat antzerki egin ditudan ez daukat kontatzerik. Luistarrekin eta Aita Gaztelumendirekin hilean bat egiten genuen; orain Telefónicako eraikina dagoen lekuan taularatzen genituen, hiru pezeta izaten zen sarrera eta dena betetzen zen. Oargirekin egindako antzezlanak eta gero, Imanol Eliasekin ere urte mordoan aritu naiz Antxieta Antzerki Taldean. Gero, Zine Klub Taldearekin Bonbolioren Miraria laburmetraian parte hartu nuen eta Goenkale-n ere Margariren aitabitxia izan nintzen ezkondu zenean. Antzerkian gauza asko ikasten da, hitz egiten-eta asko ikasten da, hori egia da. Eta pentsatzen nuen familian segiziorik izango nuela, baina musikari eta kirolari heldu diote?.
Zezenzalea ere bada Bikendi. Garai batean Saninazio hirugarrengoz hiru-lau urtean eurek antolatu zuten Torero Bonbero, zezen-plazan antzeztuz. Baina Juanitok zezen-plaza ez du horrelakoetan soilik zapaldu; izan ere, Lagun Onak Futbol Taldean aritu zenean, Azpeitian futbol zelairik ez eta bertan egiten zituzten entrenamenduak.
Herriari bizia ematen diona da azpeitiar hau. Aurten Inauterietan kalderero atera da eta astelehen gaueko mozorro lehiaketan sari berezia jaso zuen; pailazo jantzita atera zen suhiarekin.
|