|
|
|
Mendia
Aterbea berritzeko zer?
Idoia Mendizabal
Xoxoteko aterbea berritzeko lanei ekingo zaie, baina diru eta lan asko beharko da. Zer egin
berriro irekitzeko?
Hil honetan Xoxoteko aterbea berritzeko lanei helduko die Lagun Onak Mendi Bazkunak. 2001eko irailetik itxita dago aterbea, Urolako Osasun Publikoak egindako bisitaldian "aterbe bezala erabiltzeko nahiko baliabiderik ez" zuelako.
**proiektu BERRIA?**
Lagun Onak Mendi Bazkunak eraberritze proiektu bat egina du dagoeneko. Proiektu honek eraikina bera kanpotik handitu gabe, barrutik eraldatzea jasotzen du: "Eraikina dagoen inguruaren berezitasunagatik eta aberastasun ekologiko handiko ingurua delako, proiektua gauzatzeko orduan kontuan izan den irizpide nagusia egungo eraikina handitu gabe berau egokitzea izan da, nahiz eta horretarako egungo ohe kopurua mu-rriztu beharra izan".
**ZER ALDAKETA LITUZKE?**
Taldeentzako logela, lehen bezala, goiko solairuan mantenduko da, 25 oherekin. Beheko solairuan egingo diren aldaketen artean, aterbeko zaindariarentzako logela eta komuna eta erabiltzaileentzat bi dutxa, bi komun eta bi konketa jarriko dira.
**ZENBATEKO Aurrekontua?**
Lagun Onak-ek eginda duen proiektuari aurre egiteko 174.899 euroko aurrekontua egina du (29.100.745 peztea).
**NOLA LAGUNDU DIRUZ?**
Dagoeneko Lagun Onak M.B.ko kideek Udalera eta Foru Aldundira jo dute aterbearen eraberritze lanei aurre egiteko diru laguntza eske. Oraindik ez dute erantzunik jaso. Herriko zenbait enpresatan ere jo dute atea, eta erantzunak jasotzen ari dira. Baina herritarren laguntza ere beharrezkoa izango dela uste dute, eta kontu korronte bat ireki dute Euskadiko Kutxan: 3035 0020 58 0200050654.
**NOLA LAGUNDU BESTELA?**
Aterbea 1984an ireki zen, eta eraikitzeko lanak he-rritarren eskulanaren ondorioz egin ziren. Eraberritze honetan ere Lagun Onak-ek herritarrak lanean laguntzeko jakineko egun batzuk jartzeko asmoa du.
|