|
|
|
Erreportaia
: Nuarbe
Nuarbe, 25 urte sokatiran
Nerea Aranburu
Nuarbe Sokatira taldeak aurten bete ditu 25 urte. Urteurrena
ospatzeko hainbat ekitaldi berezi antolatu ditu; hala nola, *Guiness* errekorrean sartzeko erronka, liburuaren aurkezpena eta bazkaria
Beti ezagutu izan da sokatira Nuarbeko herrian; festatan beti egoten zen ezkondu eta solteroen arteko tiraldiren bat", diote Nuarbe Sokatira Taldekoek, sokatirak han duen tradizioaz eta taldearen sorreraz galdetzean. Ohitura "beti" egon arren, taldea orain dela mende laurdena sortu zen, "herriko" gazte batzuk elkartzean, eta Nuarbe 1978. urteko urrian plazaratu zen lehen aldiz txapelketa nagusi batean; Euskal Herriko Txapelketan, hain zuzen ere. Taldea nahiko osatua zegoela, Agurainen (Araba) jokatu zen txapelketa hura, eta hantxe irabazi zuen aurreneko txapela Nuarbek. Aurretik beste ekitaldiren batean parte hartu izan zuten, ordea. "Azpeitian Bai Euskarari-ren ekitaldi bat antolatu zuten eta ea bertan parte hartzea nahi al genuen eskatu ziguten. Orduan atera zen lehen aldiz gure sokatira taldea jende aurrera".
Garai haietan Nuarbeko taldeaz gain, Euskal Herrian beste bi talde indartsu ere bazeuden: Aramaio eta Mutriku. Bi taldeok, urte batzuk lehenago atzerrira ere joanak ziren txapelketatan parte hartzeko. Beraz, sokatira mundua gehiago ezagutzen zutenez, Nuarbekoak bi talde haiekin jarri ziren harremanetan. "Beste taldeekin hitz egiten hasi ginen eta hor ikusi genuen kanpora, atzerrira joateko aukerak ere bazeudela". 1980. urtean atera zen atzerrira Nuarbeko taldea. Hain justu, urte hartan lur gaineko txapelketa egiten hasi ziren Euskal Herrian, eta Mutrikuko taldeak bi kategoritan irabazi zuen eta atzerrian bietan ezin zuenez parte hartu, bigarren postuan gelditu zen Nuarbeko taldeak, aukera izan zuen atzerrira joateko, Suitzara alegia. Baina haien poza berehala bilakatuko zen tristuran, Suitzara joatean hura beste mundu bat zela ohartu zirelako. "Hango taldeek urte asko zeramatzaten lur gainean tiratzen eta guk lehen aldiz parte hartzean, lur jota gelditu ginen". Suitzan egin zen txapelketa hartan hamalau talde aritu ziren lehian eta Nuarbek hamabigarren postua lortu zuen. "Hala ere, sailkapena baino okerrago nola gelditu ginen izan zen. Fisikoki txikituta bukatu zuten han parte hartu zuten tiralariek. Jasotako egurra hain gogorra izan zen, hurrengo egunean eskailerak atzeraka jaitsi behar izan zituztela. Nobatada antzeko bat izan zen".
HEMEN ETA AZPEITIAN. Atzerriko taldeen eta hemengoen arteko desberdintasunak nabarmenak izan ziren. Alde batetik, denbora askoan jardun behar zen sokari tiraka. Kanpoan jokatzen diren txapelkatetan saioak luzeagoak dira, hiruzpalau ordukoak gutxi gora-behera. "Saio luze horien lehen ondorioz, eskuko azal dena harrotuta bukatzen zuten". Beste ezberdintasuna sokarena zen: "Han eta hemen erabiltzen den soka ez da bera eta horrek ere eragina du". Harrezkero, urtero joan izan dira Nuarbekoak atzerriko txapelketaren batera, 1982an izan ezik; urte hartan Hego Afrikan antolatu zen torneoa baina arazoak egon zirenez, ez zen inor joan. Normalean, kanpoko txapelketak irailean izaten dira eta hilabete horretan ateratzen dira atzerrira. Hala eta guztiz ere, diotenez, "iraileko txapelketa ofizialez gain, uda partean ere beste torneo batzuk egoten dira eta horietan noiz edo noiz parte hartu izan dugu".
Hasiera haietatik gaur arte hainbat jende berri igaro da sokatira taldetik. "Jendea aurkitzeko orduan, Nuarbek inoiz ez du arazorik izan. Hasiera haietan egia da taldea osatzeko beti justu samar ibiltzen ginela. Lehen urteetan Nuarbe taldea hamalau bat lagunek osatzen zuten. Beste urte batzuetan jende gehiago ibili izan da; adibidez 1990. hamarkadan, taldea 21 tiralari izatera iritsi baitzen. Orokorrean esan beharra dago Nuarbeko gazte gehienek ezagutu eta probatu dutela sokatira mundua, batzuek besteak baino gehiago iraun dute, baina probatu ia denak egin dute". Une hauetan, zortzi gazte dabiltza ikasten, "baina jende berria aurkitzea oso zaila dago. Gaur egun jendeak kirola asko egiten du baina konpromisorik gabe. Kirol guztietan dago arazoa, jende faltaren arazoa, eta ez sokatira munduan bakarrik". Jende falta zergatik den aztertzean, kirolaren gogortasuna aipatzen dute Nuarbekoek: "Egia da sokatira kirol gogorra dena, eta oraindik eta gogorrago hasieratik jartzen diren helburuak bete behar badira". Orain arte, eta normalean behintzat, hasten den jende berria familiako ohitura segitzearren edota koadrilako norbait ibiltzen delako izaten da.
NUARBEKO HERRITARRAK. Urte hauetan zehar, Nuarbek beti erakutsi izan dio sokatira taldeari berotasuna eta esker ona. "Lehen urteetan berotasun handia izaten zen. Hasiera haietan, gainera, pike handiak egoten ziren beste taldeekin, bai Landetakoekin eta baita Urrestillakoekin ere". Txapelketaren batean parte hartu behar bazuten, herritik autobusak ateratzen ziren tiraldia ikustera joateko. "Alde batetik normala zen jendeak horrelako harrera ona izatea, zerbait berria zelako, pikeak zeudelako beste auzoekin eta abar. Gure ustez, orduan jendeak askoz gehiago sentitzen zuen sokatira".
Sokatira denboraldiak zazpi hilabeteko iraupena du; otsailean hasi eta irailean amaitzen da. Prestaketa lanak abendu aldera hasten dira. "Lehendabizi fisikoki prestatzen gara, hilabete eta erdiz gutxi gora-behera, eta ondoren, martxoaren bukaera aldera, sokan entrenatzen gara". Urte batzuetan biak batera egin izan dituzte; hau da, ariketa fisikoak eta soka batera. Azken urteetan, ordea, lehenik fisikoki prestatu eta gero hasi ohi dira sokan entrenatzen. "Asko aldatu da hasierako eta oraingo entrenatzeko modua. Garai haietan, ez genekien seguru zer nahi genuen". Aldaketak handiak izan omen dira, bai postura aldetik baita teknika aldetik ere. "Denborarekin gauzak ikasten joan gara. Orain, adibidez, badakigu tiraldi motzak prestatzeko zer egin behar dugun, luzeak badira zein ariketa egin behar ditugun".
Hasierako urteetan dena zen ezjankintasuna. Inoren erreferentziarik ere ez zuten eta denbora aurrera igaro ahala, gauza asko ikasten joan dira. Nuarbe Sokatira Taldea sortu zen urte haietan entrenamenduak eliz azpiko "zumetarioan" egiten zituzten. Lur gainean hasi aurretik, eliz azpian dagoen zoruan entrenatzen zen taldea, bi urtez gutxi gora-behera. 1980an, lur gaineko txapelketari ekin zitzaionean, sistema berri batean pentsatu zuten. "Gaur egun Nuarbeko urtegia dagoen leku horretan, han presagain batean polea bat jarri genuen". Polea horretaz baliatzen ziren entrenatzeko. Gero estalpe moduko zerbait egin zuten eta han egin zituen sokatira taldeak lur gaineko lehen entrenamenduak.
Sokatira mundua beti izan da kirol ezaguna Euskal Herrian, baina baita Euskal Herritik kanpo ere. Atzerrian sokatira oso ezaguna eta ondo prestatua dagoen kirola da. "Hemen oso urte onak izan ditu sokatirak baina beti talde gutxirekin".Taldekoen esanetan, "atzerrira joatean, nazio batzuk oso talde onak dituzte, hala nola, Suitzak, Irlandak eta Ingalaterrak". Hango eta hemengo sokatira maila parekatzean, taldeko kideen hitzetan, sokatira atzerrian goraka ez omen doa baina maila mantendu egiten dute. Horren zergatia aipatzerakoan, "bizitzeko oso modu desberdina" dutela diote. "Haiek lasaitasun handiagoa dute; hitz batean esanda, gu baino denbora gehiago dute".
Euskal Herrian sokatira beti herri kirolei lotua egon da, hemengo ohitura zaharren erakusketa bat bezala. Hori dela eta, nuarbetarrak beti saiatu dira sokatirak beste mundu eta histori bat duela erakusten. "Sokatirak bere mundu propioa dauka aspalditik, eta gu hori erakusten saiatu gara". Garai batean sokatira olinpiar kirola izatera ere heldu zen; atletismo sailean sartzen zen.
Nuarberen kasuan sokatira taldea beti mutilez osatua egon da. Egia da saiakeraren batzuk egin izan dituztela nesken taldea sortzeko, baina sekula ez da aurrera atera proposamena. Orain dela urte batzuk egon zen neska taldea eta tiraldiren bat ere egin zuten. "Nuarben belaunaldi asko mutilenak egon dira. Ez dakigu zergatik baina hala gertatu zen". Biologikoki Nuarben urte zehatz batzuetan askoz ere mutil gehiago izan dira neskak baino. Azpeitia aldean ere egon zen neska koadrila bat sokatira taldea sortzeko baina azkenean asmoa atzera bota zuten.
.25 urte hauetako balantzea egitean "izugarri ona" izan dela diote taldeko kideak. Inoiz ez zuten pentsatuko hasiera haietan iritsi diren lekura helduko zirenik. Talde bezala txapelketa guztietan parte hartzeko aukera izan dute, hainbat txapel eta trofeo ere irabazi ditu Nuarbek. Japonian izan ziren azken gertakariak direla medio, une hauetan sokatiraren etorkizuna kinka larrian dago. "Gaur egun arazo politikoak direl- eta gauzak oso beltz daude”". Orain arte, hemengo talde denak atzerriko torneoetan parte hartzeko aukera izan dute. "Ate horiek ixten badizkigute, sokatira egoera larrian geratuko da". Oraindik gauzak erabaki gabe daude baina "gauzak horrela badaude, asko pentsatu eta hitz egin beharko dugu sokatiraren etorkizunaz".
|