Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Martxoa »  Iritzia »  Ondorengoei kontatu beharrekoa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

Ondorengoei kontatu beharrekoa

Pako Aristi

Zahartzen ari naiz. Azpeitiko kaleetan ibiltzen diren gazte-saldoen ondoan, ni beste belaunaldi batekoa naiz, dudarik gabe, baina horrek ez nau akonplejatzen. Hor sartzen dut gazte artean neure muturra, onartzen nauten bitartean, eta gauza interesgarri asko ikusten ditut haiengan, haietako batzuengan.

Martxoan gaude, Pasaiako enboskadan hil zituzten autonomoei Azpeitian omenaldia egiten zaien hilabetea. Duela urte batzuk omenaldirako antzerki bat prestatzeko deitu zidaten gazte horietako hainbatek. Enboskada hura benetan (eta ez bertsio ofizialaren arabera) nola gertatu zen antzeztu nahi zuten, eta haiekin bildu nintzenean gure arteko leizea ikusi nuen aurrean. Leize informatiboa zen: nik bizi izandako garai haiek ez zituzten bizi izan gazteok, eta niretzat gauza jakinak eta argiak zirenak haientzat ezjakinak eta ilunak ziren.

Antzerki-obra idaztearekin batera, ni nolabaiteko transmisore sentitzen hasi nintzen gazte haiekin. Enboskada kontatu nien, han bizirik atera zen bakarrarekin nik izandako harremana, garai hartako giroa, Jaurlaritzaren jarrera, HBren jarrera, autonomoen berezitasunak eta abar. Gainera, lekukoarekin garaitsu hartan argitaratu nuen elkarrizketa pasatu nien, fotokopiatuz ibili zuten, eta egun batean, gazte haietako baten etxera joanda, bere gelako horman jarrita zeukala ikusi nuen.

Gazte haiek ez zekiten gertaerak azpeitiarren bihotzean zer-nolako zirrara sortu zuen; bi herritarren gorpuak ekarri zituztenean, aurpegiak eta dena balaz zulatuta, nola markatu gintuen asko eta asko. Entsaio haietan inoiz baino garbiago sentitu nuen elkarren artean hitz egin beharra dagoela, be-launaldi ezberdinen artean komunikatu beharra dagoela. Guk geure ezaugarriak galtzen ditugula inori esaten ez badizkiogu, eta gazteak agian aberasteko adina kontu interesgarri izan dezakegula geure baitan. Esaten ausartzea da kontua, adieraztea. Herri bat bertan gertatu diren istorioez eta kontakizunez beterik dago. Herri horrek bere nortasuna babesteko duen jantzia hori da. Baina istorio guztiak ez dira samurrak. Gizartearen ideologia nagusiaren aurka borroka egin zuen jendea bazterrera uzten saiatzen da boterea. Eta jende horren istorioak kontatzeko lekua irabaztea lorpen handi bat da, lehenengo geure buruarentzat eta bigarrengo herri berberarentzat.

Beti izan dira amableagoak santuen bizitzak, kirolarienak, mendizaleenak, misiolarienak. Baina jendeak jakin behar du autonomoak zer izan ziren, zer pentsatzen zuten, nola herriko gazterik finenak, lantegian langileenak, lagunzaleenak eta kritikoenak borroka hartan hasi ziren, bizitzako lorpen arruntak alde batera utzita gizartea aldatzeko gehiago eman zezaketelakoan.

Jakin behar du Kike nola ametrailatu zuten, Pa-terra nola atera zen kamioi azpitik oihuka jendearen arreta bereganatu nahian Poliziak jo eta bertan hil ez zezan, Pasaiatik nola ekarri zituzten Pelitxo eta Kurro, armarik atera gabe 80 poliziren enboskadan tiroz frejituta... eta beste gauza asko.

Ez dut batallitak kontatzen dituen aittona bihurtzeko asmorik. Baina gauza horiek jakiteak zentzua ematen dio herri bati, hobeto ulertzen dira handik 20 urtera bertan, oraindik ere, gertatzen diren hainbat gauza. Eta Azpeitian batez ere.

Transmisioa oso garrantzitsua da. Horregatik, gaurko gizarte hau ho-bea, justiziazkoagoa eta berdinzaleagoa izan zedin borroka egin zutenen istorioak kontatu egin behar ditugu, zaharragoetatik gazteetara, eta gazteetatik gazteagoetara. Istorio horiek gure bizitza aztertzen laguntzen digutelako. Istorio horiek gabe, Azpeitiaren historia inoiz ez da osatuta egongo.

HILEKO GALDERA. Azpeitian egundoko maila dago autoetan, arropetan, oporretan, etxe berrietan, kiroletan... nolakoa ote da maila intelektuala?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak