|
|
|
Fernando Morillo gai librean
Suak eta su faltak
Fernando Morillo
Agureekin hitz egitea gustatzen zait, uste dut aipatu dudala beste noizbait. Aukera dudan bakoitzean egiten dut. Egia da sarritan ez diegula kasu handiegirik egiten, baina aitortu behar dut entzun ditudan istorio interesgarrienetakoak haien ahotik atera direla.
Agureekin jarraitu aurretik, ordea, Pako Aris-tiren aurreko artikulua gogoratu nahi dut. Pakok azpeitiarron arazo aipagarri baten inguruan hitz egin zuen: alegia, ez garela, nonbait, eta salbuespenak salbuespen, oso kariņosoak. Ez kanpotarrekin ez geure artean ere.
Agureen hariari berriro helduz, kontua da zenbait lagun Zumaiko taberna batean afaltzen ari ginela duela aste batzuk, eta Pakoren artikulu hura atera zela mahai gainera. Gehien-gehienak guztiz bat zetozen han esandakoekin (neskak eta mutilak geunden, zehaztuko dut), eta gaiak, artikulua baino areago, liburua merezi zuela hasi ginen, erdi-txantxetan (badakik, Pako: hor badek materiala). Baina afari-txantxaren lerroarteetan kezka irakur zitekeen. Sentimenduen mundua, beti nahasi eta nahasgarri.
Alboko mahai batean agure bat geneukan, afaria amaituta, antza zenez, eta egunkariren bat leitzen. Noizean behin begira-begira geratzen zitzaigun, eta nabarmena zen zerbait esan ez esan zegoela. Halako batean egunkaria itxi, jaiki, eta gure mahaira etorri zen. Begiak piztuta zeuzkan, bizi-bizi eta ia irribarrez. Keinu batez esertzeko baimena eskatu, eta hantxe jarri zitzaigun. Guk elkarri begiratzen genion, ea zer ote zebilen ezin asmatuta eta pixka bat harrituta.
Segituan argitu zigun: guri entzuten jardun omen zuen eta pare bat gauza kontatu nahi zi-gun. Gaztetan festa-usainean ibiltzen omen zen lagunekin herriz herri. Guri entzunda, garai haietakoak gogoratu zituen, itxuraz, eta sekretutxo bat aitortu zigun nostalgiaz blai: neskak omen zituen zaletasun handiena (a ze irribarre zabalaz esan zuen!), eta ia herri guztietan lortzen omen zuen zerbait (horrelaxe esan zigun). Zehazkiago, Azpeitia ez beste herri guztietan. Hemen kalabazak besterik ez omen zuen izan. Behin eta birritan eta hirutan saiatu omen zen, eta gehiagotan. Baina, esan zuenez, guztiz ezinezkoa zen Azpeitian ligatzea. Baita neskentzat ere, zehaztu zuen, gure taldeko neskak galdezka hasi zitzaizkionean. Azpeitiko neskak harroegiak omen ziren, eta mutilak, berriz, astapotroegiak.
Eta orain?, galdetu genion, nolakoak gara orain? Agureak barre egin zuen, baina ez zigun askoz gehiagorik esan, adieraziz bezala erantzuna geuk aurkitu beharko genuela, eta kanpora alde egin zuen. Itsaso aldera, argitu zigun.
Ez dakit agureak egindako diagnostikoa zuzena ote zen, beti baita zaila gertu duguna egoki neurtzea. Perspektiba txikiegia izaten da, eta epaiketaren zati bihurtzen gara. Baina ematen duenez, Azpeitian ligatzearen kontua (ez ligatzearena, hobeto esanda), aspaldikoa da. Pakore-kin bat nator: ikastaroak (edo zerbait) antolatzea ez zait iruditzen batere ideia txarra.
Hala ere, esango nuke gazteenen artean gauzak aldatzen ari direla pixkanaka. Eta pentsatu nahiko nuke, adibidez, Xoxoten izan genuen sutea bikoteren baten grina neurrigabeak piztutakoa izan zela (hala balitz, gaitz erdi). Baina ez dakit ez dakit. Diotenez, sute handia bai, baina arrunta besterik ez omen zen izan. A ze pena!
|